Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Oiongo kanporaketan, ardoa dastatu eta bertsoekin gozatu

2013/10/18
Ardoa da Arabar Errioxak duen altxorrik preziatueneteakoa. Horregatik, urriaren 26an Oionen egingo den Txapelketa Nagusiko azken kanporaketan bertsozaleek aukera ederra izango dute bertako ardoa dastatu eta haren inguruko sekretuak ezagutzeko. Saioaren egun berean, goizez, upategi bat doan bisitatzeko aukera izango dute saiora joaten direnek.

Oionen jokatuko da Txapelketa Nagusiko seigarren eta azken kanporaketa, urriaren 26an. 17:30ean hasiko den saioan Eneritz Zabaleta, Etxahun Lekue, Iratxe Ibarra, Maddi Sarasua, Manex Agirre eta Miren Amuriza arituko dira. Saiorako sarrerak www.bertsosarrerak.eu atarian daude salgai.

Kanporaketa horri begira, ekimen berezia prestatu dute herriko Zuazo Gaston eta Bodegas Faustino upategiek, Bertsozale Elkartearekin eta Oiongo udalarekin elkarlanean. Saioa jokatuko den egun berean upategi horietako bat bisitatzeko aukera izango dute bertsozaleek, doan. Bisitak goizez egingo dira, 10etatik 14etara, taldeka.

Oiongo upategi horietara bisita egiteko ezinbestekoa da aldez aurretik erreserba egitea. Erreserbak bi modutara egin daitezke: 945 60 12 28 telefonoan edo bodegadirecto@grupofaustino.es e-postan. "Bertsolari" erreferentzia eman behar da erreserba egiteko orduan. Erreserba egiteko azken eguna urriaren 24a da.