Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Oionen jokatuko da larunbatean lehen faseko azken saioa

2013/10/23
Oionen amaituko da larunbatean Bertsolari Txapelketa Nagusiko kanporaketetako azken saioa. Horren ostean jakingo da zeintzuk diren finalaurrekoetarako sailkatuko diren bertsolariak. Kanporaketa 17:30ean hasiko da Arroyo I pilotalekuan eta sarrerak www.bertsosarrerak.eu atarian salgai daude. Horrez gain, goizez upategiak bisitatzeko aukera izango dute bertsozaleek.

Azken kanporaketa jokatuko da larunbatean Arroyo I pilotalekuan honako sei bertsolariekin: Eneritz Zabaleta, Etxahun Lekue, Iratxe Ibarra, Maddi Sarasua, Manex Agirre eta Miren Amuriza. Horietatik, Zabaleta, Sarasua eta Agirre lehen aldia dute Txapelketa Nagusian. Saioko esperientziaduna, ordea, Iratxe Ibarra da, bost parte-hartze baititu markinarrak. Etxahun Lekuek hiru aldiz hartu du parte eta Miren Amurizak, bi.

Gainerako kanporaketetan bezala, honako lana egin beharko dute bertsolariek:

  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian.
  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.
  • Banaka, lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian.
  • Binaka, gaia emanda, hamarreko txikian hiruna bertso.
  • Kartzelako lana: banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.

Oiongo saioa irabazten duenak azaroaren 10ean Tolosan jokatuko den finalaurrekorako txartela eskuratuko du. Oraingoz, Unai Iturriaga eta Igor Elortza dira saio horretarako sailkatuta daudenak.

Horrez gain, larunbateko saioak finalaurrekoen osaketa zein izango den erabakiko du. Kanporaketa bakoitzeko irabazleak zuzenean sailkatu dira finalaurrekoetara, eta gainerako hamabi postuak puntuazioaren arabera erabakiko dira. Hortaz, Oiongo saioa amaituta argituko da zeintzuk diren hurrengo faserako sailkatuko diren bertsolariak.

Ardoaren lurraldea izanik, ardoa dastatzeko aukera izango dute saiora joaten diren bertsozaleek. Izan ere, larunbaterako ekimen berezia prestatu dute herriko Zuazo Gaston eta Bodegas Faustino upategiek, Bertsozale Elkartearekin eta Oiongo udalarekin elkarlanean. Saioa jokatuko den egun berean upategi horietako bat bisitatzeko aukera izango dute bertsozaleek, doan. Bisitak goizez egingo dira, 10etatik 14etara, taldeka.

Oiongo upategi horietara bisita egiteko ezinbestekoa da aldez aurretik erreserba egitea. Erreserbak bi modutara egin daitezke: 945 60 12 28 telefonoan edo bodegadirecto@grupofaustino.es e-postan. "Bertsolari" erreferentzia eman behar da erreserba egiteko orduan. Erreserba egiteko azken eguna urriaren 24a da.