Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Txapelketa Nagusia: imago, doinua eta hizkuntza

2014/01/17
Pere Bescós Prat. Pompeu Fabra Unibertsitateko irakaslea

 

Bertsolaritzaren munduko kanpoko ikertzaile naizenez gero, ez ditut Txapelketaren antolaketa kontuak aztertuko. Ezingo nuke inondik ere oinarrizko iritzirik eman, ez nintzateke ausartuko ere. Gisa bera, ezingo nuke lehiaren eboluzio historikoari buruzko iritzirik eman, oraingoa izan baita bertan egon naizen lehen aldia. Sorkuntza poetikoa da nire ikerketa alorra. Beraz, bertsolaritza bezalako tradizio bat aztertzeko interesgarriak begitantzen zaizkidan zenbait alderdi nabarmenduko ditut.

Nabarmena da finaleko jendearen emana; 15.000 pertsona inguru. Liluratu nauen kontu bat da hainbeste jenderen aurrean bertsolaritza ezaugarritzen duten alderdiei eusteko bertsolariak duen gaitasuna ikustea. Jendetza hori Pisístratoren garaian Panateneasetako Atenasko festibaletakoarekin da soilik alderagarri: Platoni (oker) egotzitako dialogo baten, Hiparco-aren, lekukotasunaren  arabera, Atenasen 17.000 pertsona elkartzeraino iritsi ziren poesia homerotarraren inprobisazio emanaldietan.

Txapelketak, eta oro har bertsolaritzak duen alderdirik garrantzizkoena hauxe da: ahozko poesia inprobisatuak gizakiaren alderdi kultural eta soziala ikertzeko aukera ematen duela, saioen audientzia dena delakoa izanik ere. Giza sormena, gizakiak hizkuntzarekin zein musikarekin duen harremana aztertzeko bide ematen du bertsolaritzak. Sormena, hizkuntza eta doinua dira bertsolaritzaren oinarria, eta bide batez Txapelketarena.

Jakina denez, bertsolaritzaren sormena egitura erretorikoek eragina (eta mugatua) da. Ahozko komunikazioan ez bezala, bertso kantatuan doinua, errima edo erritmoa bezalako alderdi erretorikoek funtzio zinez inportantea dute komunikazioan.

Hautatutako hitzek, hein batean beraien formagatik bereiziak izan direnak, duten  formarengatik eta hautatutako melodiarengatik sortarazten dira esanahi eta irudi jakinak, ohiko hizkeran ez bezala, preseski. Hori dela medio, esan daiteke bertsoaren behin betiko zentzuari gehitzen zaiola irudi berri bat, musikala eta formala. Horrek azaltzen du euskaldunak ez garenontzako ere bertsoak duen gaitasun komunikatiboa. Ez da kasualitatea beraz, irudi hori bere osotasunean komunikatzeko modurik hoberena bertsoa bera izatea.

Tradizioa, hizkuntza eta doinua kanpo osagaiak dira denak. Zergatik ez hartu kontutan bertsolaritzan sorkuntzarako lagungarri diren beste osagai batzuk ere gizakiarekiko, bertsolariarekiko kasu honetan, exogeno gisa?

Ez da sinplifikatzea nire xedea. Aitzitik, nire buruari galdetzen ari nintzaion, euskararen ezagutzarik gabe, baina musika eta sentsibilitate artistikoen jabe izanik, ea posible izango litzatekeen bertso baten kalitateaz jabetzea. Probazko ariketa bat izango litzateke. Esate baterako, euskararen eta Txapelketa Nagusiaren abenduaren 15eko emaitzaren ezagutzarik ez duen epaile talde bat biltzea, eta finalean kantatu bertsoak puntuatzea. Ondoren, emaitza erkatu egin beharko litzateke benetako epaile taldearenarekin, bi puntuazioen arteko aldeaz ohartzeko. Egia da errima, esaterako, entzungarria eta ohargarria dela edozein hizkuntzatan. Baina zer gertatzen da tinbrearekin, ahotsaren tonua, bolumena, imintzio (edo haren falta), audientzia edo bertsolariarengandik sumatutako erosotasunarekin?

Nora iritsi nahi dudan? Nabarmendu nahi dudana da, ahozko tradizio baten ikerketan funtsezkoa iruditzen zaidala kontutan hartzea ekintza komunikatzailearen alderdi fisikoak ere, testualak ez ezik. Doinuak bertsolaria baldintzatzen du, topiko ezaguna baita doinurik gabe ezingo litzatekeela inprobisatu. Eta arestian aipatutako bigarren mailako alderdiak ere hain inportanteak balira? Ez dut esanahi Txapelketan puntuagarriak izan beharko luketenik, ahozko tradizioei buruzko ikerketetan kontutan hartu beharko liratekeela baizik.

Artistiko denetik harago, hizkuntza eta sorkuntzaren ekoizpenean zer rol jokatzen du, esate baterako, doinuak? Ze harreman dago bertsolari baten ahotsaren tinbrearen eta bere bertsoaren garrantziaren artean? Esan bezala, ez dut murriztu eta sinplifikatu nahi bertso baten kalitatea alderdi fisikoetara bakarrik. Ez litzateke logikoa izango. Txapelketara bertaratu eta gero, bigarren mailako alderdi horien garrantziari eta ikerkuntzan kontutan hartzeari buruz galdezka ari natzaio nire buruari.

Sorkuntza poetikoan, imitazioaren garrantziari erreparatu zion F.W. Nietzschek, tragedia greziarraren sorrerari buruzko bere liburuan. Imitatzeko trebetasun horri esker, funtsean islatzailea, soinua sortzeko dugun gaitasunak gure artikulazio gaitasuna[1] akuilatu zuen hain segur. Soinu eta irudien arteko dialogo bat eragin zen (ahozko poesian gertatzen den bezala hain zuzen) eta horrek irudi berriak eragin zituen, kontzeptuak. Dialogo horrek, zeinu zentzudunak sortarazi zituen; giza hizkuntza, hots, doinuaren bilakaera kontzeptuala. Azalpen hori gogoan, beharbada hizkuntzaren eta sorkuntzaren arteko armazoia gure psikearen kanpo ezaugarri gisa baizik ez lirateke aztertu behar, taldeko emaitza gisa, objektu edo erdi exogenoa.

Nietzschek bere buruari galdegiten zion, ia musikak gure gogoan ze nolako irudiak sortarazten dituen. Musika imitazio prozesu horren motor gisa, borondate gisa irudikatzen dela ondorioztatu zuen. Alemaniarraren arabera, musika eta borondatea gizakiaren kontenplaziozko egoeraren antitesia dira[2]. Musika eta borondatea dira ekintzarekin erlazionatu genezakeena, gure egoera aktiboarekin, hitzarekin eta bere sormen gaitasunarekin. Borondatea – ekintza eta doinua – musika bikoteek gure gogoan irudiak parteka baditzakete, bertsolaritzan sortutako irudiak zein neurritan hizkuntza desberdin bat bezala definitu daitezkeen galde geniezaioke gure buruari.


[1]Ikus The Birth of Tragedy, p. 33 y ss.

[2] Boulé-a (borondatea) eta poesía homerikoaren sorkuntzaren arteko erlazioari buruzko azterketa bat abian dut. 

 

Pere Bescós Prat