Aitzpea
Leizaola antropologoa da formazioz; eta hizkuntzalaritza
ere ikasi du. Antropologiaren barruan Europako Antropologia eta
Ondarearen inguruan lan egin du orain arte. Egun Antropologia
eskolak ematen ditu Euskal Herriko Unibertsitatean eta Udako
Euskal Unibertsitateko zuzendari hautatu zuten aurtengo
otsailean. Bertsolaritzaren ikerketaz galdetu diogu.
Eskolak eman ez ezik, ikertzaile ere bazara.
Bai, ikerketan nabil. Mugaren inguruko doktorego-tesia prestatzen
sartu nintzen eremu honetan. Hori berez Antropologia Politikoaren
esparruko gai bat da, baina badaude beste hainbat gai interesatu
zaizkidanak: ohituraren eta tradizioaren kontzeptuak, nola
uztartzen diren identitatearen eraikuntzarekin, identitatearen
auziekin, plaza publikoaren okupazioarekin, aldarrikapen
politikoak... eta hainbat gai egungo bertsolaritzak bete-betean
ezagutzen dituenak.
Hala ere, bertsolaritza bera ez duzu ikertu.
Ez, bertsolaritza ez dut ikertu, bertsozale naizelako gehiago
bertsotan aditua baino.
Nola
ikusten duzu bertsolaritzaren inguruko ikerketa?
Iruditzen zait ikerketan orohar jende gutxi dabilela, eta oso
ikerketa espezializatuak egiten direla arlo jakin batzuetan, beste
batzuen kaltetan. Bertsolaritza gutxi ikertu da, salbuespen batzuk
kenduta. Eta pena da, gizartearen dinamikak ulertzeko hainbat gai
aztertu daitezkeelako bertsolaritzan bertan: Bertsolaritzaren
garapena, bertsolaritzak ematen duen gizarte ikuskera, zer-nolako
inplikazioak dauzkan, nola aldatu den, zer eragin duen, maila
komunikatiboan, nola gauzatzen den publikoaren eta bertsolarien
arteko lotura hori... Tradizionalki ikertu diren arlo filologiko
edo
Hizkuntzalaritzaren arlokoez gain, garatu beharreko hainbat
gauza daude.
Behar
diren ikerlariak nondik etorriko dira?
Unibertsitatean oraindik ere hutsune nabarmena dago,
bertsolaritza ez delako ikertu beharreko fenomeno bezala ikusten.
Azken urte hauetan, Udako Euskal Unibertsitateak Bertsolaritza
sailaren bidez udako ikastaroetan antolatu izan du gogoeta gune
moduko bat. Beste unibertsitate eremuetan ere, ahalegin berezia
egitea mereziko luke, jendea formatzeko eta, batez ere, jendea
bertsolaritzara erakartzeko. Eta hori irakasle-ikerlarion ardura
da,
neurri batean.