Bertsolariek
ez dituzte noski beti berdin kantatu bertsoak. Euskalerriko lurralde
batetik bestera alde haundiak nabari dira bertso doinuetan; horretan
ez da dudarik. Denborak ere eragin izugarria du bestalde, jendearen
joera eta gustuak moden antzera aldatzen baitoaz, gero eta azkarrago
gainera.
Zuberoa
berezia dugu bai bertsogintzan eta baita doinu kontutan ere. Salaberry
mauletarrak jaso zizkigun batipat bertako aire xarmantak. Lurra
ere halakoa eta artzantza eta laborantzari lotua jarraitu duen
gizarteak oraindik ere xarma berezia du, besteak beste bere musika
eta kantaeran. Gure mende honetan Etxahun Irurik doinu oso politak
sortu ditu. Kasu zehatzen bat salbu, ez dute ezagutzen neurri
haundiko doinurik eta bertsorik. Benito Lertxundi kantari oriotarrak
zabaldu ditu asko Hegoaldean hango kantu zaharrak gaur estimazio
haundia dutelarik Euskalerri osoan. Beñat Mardo eta Etxahun
Barkoxeren garaietako tradizio aberatsak ia gure egunok arte iraun
du eta ez du aparteko aldakuntzarik jasan gizarte tradizional
hartan.
Ifarraldeak orokorrean, Nafarroa barne, tradizio musikal aberatsa
du. Edota nahiago baduzu, berdin esan daiteke beste era honetara:
Nafarroak alegia, Ifarraldea barne, euskal musika bikainaren ondare
aparta duela. Borges, Villehelio, Gallop, Salaberry, Hiriart,
Donostia, Dufau, Gabriel Lertxundi eta gainontzeko musikari biltzaileek
lan haundia egin zuten herri musika zehazki jaso eta garbi zabaltzen.
Garrantzi haundia izan dute zabalkunderako 1921 - 1937 urte bitartean
argitaratutako Gure Herria aldizkariaren eranskin musikalek.
Eta horrela esan genezake neurri askotako bertso doinuen aberastasun
musikal oso landua, zehatza eta ongi finkatua heldu zaigula gure
egunotara herrialde horretatik. Literatura idatziak eta musika
ikasiak Hegoldean baino eragin askoz haundiagoa izan du bertso
doinuetan eta bertsogintzan. Gure gainbegiratu azkar honetan albora
gelditzen zaizkigu halabeharrez tradizio musikal hori gureganatu
dadin bitarteko beharrezko izan diren beste askoren izen abizenak,
baina ezin dut ahantzi Xalbador eta Mattin bikotea. Ifarraldeko
kantu popularrak zabaltzeko disko bana argitaratzeaz gain, zubi
historiko izan ziren biak besteak beste hango eta hemengo doinu
asko ekarri eta eramanaz. Nafarroako doinuen ekarle gisan hemen
aipatu beharrekoa dugu Manuel Lasarte bertsolaria ere; bere kantakera
gozoaz aparte Nafarroako doinu eder askoren ezagupidea zor diogu
berari. Xalbadorren Odolaren Mintzoa izeneko liburu kasetak
oso oparoak diren antzera dugu Manuel Lasarteren Gordean neuzkanak
izeneko liburua eta ondoren plazaratu dizkigun kasetak ere bai.
Arabakoaz ezer gutxi heldu zaigu bai bertso eta bai doinu kontuan,
Aramaio eta inguruko zenbait kendu ezkero. Nafarroako Erribera
eta Arabako lautada zabaletan aspaldi galdu baitzen euskara eta
honekin loratzen diren bertso eta musika; geografia kontua da
asko.
Bizkaiako ekarria berriz kopla eta dantza munduan nabarmendu zaigu
gehienbat, Bartolome Erzillak eta R. M. Azkuek jaso digutenez
eta hortik aparte, Enbeitatarrei zor diegu bertso doinu sail bat.
Eta gaur egunean berriz Xabier Amurizak izan du aparteko garrantzia;
bertso munduan jadanik izen haundia duten doinu sorta dexentearen
jabe izateaz gain, besteak beste berak sortu baitu gehienbat urteotan
doinu berriz bertsoak kantatzeko ohitura indartsu hau.
Eta azkenik, Gipuzkoako ondare musikalaz zer?. Hau dugu noski
Euskalerriko lurralderik euskaldunena eta bertan heldu zaigu bertso
tradiziorik oparoena eta ondorioz baita bertso doinurik gehiena
ere, bertso doinu hitza bere zentzu propioan hartzen badugu
behintzat. Besteak beste, Santestebanek eta Azkuek asko bildu
bazuten ere, oraindik beste aire asko eta asko bertso munduko
tradizio bizian heldu zaigu ia egunok arte, bertatik batipat A.
Zabalak bere Auspoa sortara eta neuk neurri apalagoan Doinutegi
honetara jaso dugularik. Eta horregatik esan genezake ahozko ekoizpen
ororen ezaugarriak dituela; gizaldiz gizaldi etorri zaigun ondare
musikal hori ez dela beste lurraldetakoa bezain finkatua eta musikalki
hain zehatz eta garbia; praktikoa deitu genezaioke, bixia, hornidura
gutxikoa, bertsolari bakoitzak zertxobait bere erara darabilkiena
eta agian kalitate musikal ez hain garaikoa, batez ere Nafarroako
eta Ifarraldekoarekin konparatzen baldin badugu. Zortziko haundiko
gehienak hemengoak ditugu.
Eta Gipuzkoako bertso tradizioa historian zehar ezagunagoa zaigularik,
garbi ikusten da garai bakoitzak izan duela bere kantakera. Interesgarria
da ikustea doinu bat bera nola kantatzen zen Xenpelar, Pello Errota-Txirrita,
Basarri eta gaurko garaietan; lau aldi hauetako bertso kantaerak
elkarrekin alderatzen baldin baditugu, ondorio bat gutxienez nabarmentzen
zaigu: lehenago azkarrago kantatzen zela, 18 hizkiko esaldi errimatua
edo batzutan luzeagoa inongo etenik gabe askotan agertzen zaigularik;
gero Basarriren garaietan astiroago kantatzen zuten bertsoa, etena
garbi markatu eta arnasa hartuz; eta gaur oraindik geldiago. Konpara
itzazu adibidez Azkuek jasotako Amerikatik buelta eginda
delako doinua, (8. haundikoa) eta geroago bildutako Hamaika
aldiz daukazu lehendik izenekoa; biak doinu bera, bata etenarekin
eta bestea gabe, adibide gehiago ikus ditzake irakurleak III.
liburukiaren sarreran. Xenpelarrek asko ireki zuen bertso mota
eta doinu desberdinen abanikua, bertso idatzietan gehienbat. Pello
Errota eta Txirritaren egunetan azkar kantatzeaz gain, badirudi
bertso eta puntu bakoitzaren haseran abiada hartzeko karreratxo
bat egiteko ohitura zutela; aldera genezake adibidez Basarrik
kantaturiko Ari naizela ari naizela eta Txirritaren Nere
etxean haserre daude izenekoak; hauek biak ere enbor bereko
adarrak baitira noski. Ideia orokor batzuk aipatu besterik ez
dut egin puntu honetan, gero norbaitek gehiago sakondu ditzan,
hartarako zaletasunik eta bitartekorik izango balu.
Edozein moduz ere, aldi historiko eta lurraldeka bertso doinuei
gainbegirada azkar hau eman ondoren aitortu behar dugu 1936ko
gerraondorengo aldi garrantzitsuan, hau da, Basarri, Xalbador,
Lasarte, Enbeita izenez deitu genezaioken horretan, Gipuzkoa,
Ifarralde, Nafarroa eta Bizkaiaren ordezkari gailentzat harturik,
bertsogintza eta doinugintza lurraldekako desberdintasunak gaindituz
maila nazionalean jokatzen hasi zela, bakoitzaren ekarpenez elkar
aberastuz.