Gure
herri musikaren oihan zabalaren aberastasunaz eta edertasunaz
jabetzeak errespetua sortzen du eta arinkeriatan erortzeko bildurra
ere bai. Gainera ez dut nik aparteko jakinduriarik musika arloan,
baina handik eta hemendik atera ditudan ideia eta sentimendu zenbait
adieraziko dizkiot hemen labur labur bertsozaleari.
Euskaldunok aspalditik dugu kantari fama, azken urteotan agian
gure herrietako kantuzaletasun horrek beheraka egin baldin badu
ere. Ez naiz ni hemen ari euskaldunok aparteko musikalaririk sortu
dugula edo goi mailako abeslari ugari izan dugula esaten, ez.
Herri xeheak, gure baserritar eta arrantzaleak bertso eta kantu
eder ugariz bere erara kanporatu du eguneroko bizimodu arruntak
edota aparteko gertakariek bere baitan historian zehar sortu dizkioten
sentimendu desberdinak. Eta horrela herri musikaren altxor preziatuaren
jabe da Euskalerria gaur egun. Musika horretaz ari naiz. Beste
inguruko herriek ez bezela hitzegiten duen antzera, nortasun bereziko
musika eta dantzakera sortu du urtetan zehar eta guk estimatu,
zaindu eta aberastu behar genukeen ondasun bikaina dugu eskuartean.
Gure kantu, musika eta bertso doinuak ditugu besteak beste gure
herri zahar honen agerpen garbiak.
Ez dut esango gure herri musika guztia jatorriz geurea dugunik;
herri desberdinen arteko harreman kultural eta folklorikoen eragin
haundia aitortzen dute ikerlari guztiek; gureari apenas ikusten
dioten Españialdeko herriekiko harremanik baina bai Grezia,
Bretaña eta Europa goialdeko beste zenbait herrirekiko.
Italia aldetik zetorkigun kantu txolinen modaz kexu zen mende
hasieran gure A. Donostia musikari sentibera. Gaur ere ikusi besterik
ez dago zeinen errez eskuratzen duen bertsolariak edozein doinu
edozein eratakoa dela ere; askotan errezegi agian. Ez da berdin
herri musika eta musika herritartua; Euskalerrian zabaldu den
doinu oro ez da herri doinu, ezta gutxiago ere. Garbizalekerian
erori gabe baina, gure aurrekoek sortu eta erabilitako hainbeste
aukera dugularik, errezegi indar hartzen duela derizkiot gurean
garaiko modak bultzatutako edozein airek.
Gure doinuen berezitasunaz hitzegiterakoan, elizako musika gregorianoaren
kutsu nabarmena duela esana dugu aurrez, bai doinu bertan eta
baita kantatzeko moduan ere. Hau baino ere silabikoagoa
da gainera gurea; hark melisma batzuk gustoko ditu silaba
bakarrean jolas musikalak eginaz baina gureak ez; bertsoaren hizki
bakoitzari musika-zeinu bakarra dagokio gurean, horrela bertsoa
neurtzeko gailu egokia delarik. Euskalduna bertsoz hitz gutxitan
asko adieraztera doan moduan doinuz ere zeinu musikal gutxiz baliatuko
da edertasuna sortzeko orduan. Hizki bakoitzean egin ohi diren
musika joku eta apaindurarik gabeko doinu sotila erabiliko du;
bertsoz jantzia ia beti eta lelorik edo estrofarik gabekoa
gehienetan.
Erritmo kontuan luzera berdineko notaz osatutako esaldi musikal
luzeak ageri dira asko kantutegi zaharretan baina gerora etena
markatuz arnasa hartzeko geldialdiak nagusitzen joan zaizkigu.
Aita Donostiaren iritziz 5/8 jatorrez datozen mendi usaidun doinu
goraipatu zenbaitek ez du gaur arrakastarik bertsolarien artean.
Alderdi honetatik pobretu egin garela esan nahi du horrek. Eskura
edukiarren ez dituzte aukeratzen. Gaurko entzulegoaren belarrietara
arrotz gertatuko ote diren agian pentsatzen dutelako izan daiteke,
entzulearen eta bertsolariaren arteko sintoniak agintzen baitu
honetan ere; eta hala behar gainera. Bi erritmo mota daude musikaren
oinarrian eta gurean ere bai noski; binario edo bi zatiduna,
bata bortitza eta bestea suabea duelarik; ternario edo
hiru zatiduna, bat bortitza eta beste biak suabeak dituelarik.
Bigarrena da ederrena, orokorrean esan al badaiteke.
Melodia aldetik berriz musika-zeinu gutxiren arteko gorabehera
laburreko ibilian dabil gehienetan doinu tradizional laua, baina
badira bestelakoak ere, oktaba edo zortziduna baino alde
haundiagoa dutenak ere; Uso zuri bat inguratu zait eta
antzeko beste batzuk, arpegioz behetik gora hasten diren
doinuak kantutegietan aurkitzea ez da harrigarria.

Melodian gorabehera haundirako joera nabarmena dute gaur sortzen
diren doinu berriek. Gure musika popularra gehienbat tonu minorrekoa
dela esan da askotan, baina kontuak ateratzen ihardun naiz eta
nik jaso ditudan bi mila hauetako hirutatik bat bakarra dator
tonu minorrean eta bi tonu maiorrean, baina datu
hauek ez dira estu estuan hartu behar.
Bertso doinuetaz hitzegiterakoan esan beharra dago zerbait bertsolariek
duten kantatzeko eraz. Jakina da bertsolari bakoitzak bere erara
darabilela doinua, eta era honetan ezaguna da bost bertsolari
ari baldin badira doinu batez bertsotan, ia bost doinu direla
iruditzerainoko ikuitu propioak emango dizkiola bakoitzak bere
erara; arnas haundiko plazagizon indartsuak goitik tonu maiorrean
eta patxaran etenak ongi markatuz kantatu ondoren, hurrena datorren
ahots fineko bertsolariak bere esaldi bizkorrera etenik gabe egokitutako
kantakera jostalarian eta tonu minorrean erabiliko du. Izan ere
bertsolaria ez dabil doinuaren mende, benetako artelaria ez dabil
arauen morroi, arte legeez baliatzen da bere eskura erreminta
gisan maneiatuz. Hitzari, azentuari, etenari, esamoldeari egokitua
eta oratua, bere ideia-sentimenduak nola sortzen zaizkion halaxe
erritmo hartara egokiturik jaiotzen zaio doinua ere. Era honetan
esan daiteke berriro sortzen duela bertsolariak doinua, bere bertsoarekin
batera. Doinuaren nagusi, jabe, gidari, kreatzaile gisan jokatzen
du bertsolari bertsolariak. Eta horrela gauza dinamikoa, aldakorra
eta bizia da doinua; denboraren joanean belarrientzat aspergarri
diren heinean gustuak eta joerak aldatuz berrikuntza atsegingarrien
bila jotzen du bertsolarigoak. Gaur bertso ugari entzuten da eta
doinuak ere asko aldatzea eskatzen du entzuleak aspertuko ez baldin
bada eta doinuak azkar gastatzen dira.
Nolabait idatzi behar eta musika-zeinuez baliatu gara noski, eta
horri esker gorde eta erabili ditzazkegu, baina pentagramaren
lerroak eta konpasaren hesiak berresan beharra dago bertsolari
tradizionalen kantakera askea adierazteko molde estuegia eta zorrotzegia
direla. A. Donostiak sufritu egiten zuen transkribatzearen muga
hauek gainditu ezinaz konturatzean; "lore basatia lurrez
aldatu eta lorontzietara bezala. . . . ze pena bertsolari zaharraren
ibilera libre mugagabea pentagramaren erregletara behartu beharra".
Neuri ere antzeko nahigabeak sortu zaizkit Loidisaletxe, Hernani
txiki, Egileor eta beste zenbaiten bertsoak solfeora transkribatzerakoan;
han ez dago askotan ez konpasik, ez tonu maior/minor bereizketarik,
eta tonu laurdenetan dabilen haria nola finkatu tonu osoz datozen
marretara ? Txistulari eskolagabekoetan ere antzeko zerbait gertatzen
dela uste dut.
Gogoan dut behin doinu bat Baxakarte bertsolariarengandik jasotzerakoan,
honek nola esan zidan: doinu polita da pixkat goxatu ezkero. Eta
ondoren berak kantatuz erakutsi zidan nola goxatzen den doinua,
pentagramara pasa ezinezko ahotsjoku eta apaindurak erantsiaz.
Horrek kantaria dirudi eta ez bertsolaria, esan izan da
azken urteotan, bi kantakera bereiziaz, musikari lotua ala askea
ibili den adierazi nahian. Haundikeriazko adierazpide nabarmenik
gabeko erritmo xume eta melodia sotilean etorriko zaigu herri
doinu tradizionala, dinamikoa, aldakorra, bizia. Bestalde herri
dantzaren kutsu haundia du herri musikak, elkarren
lagun eta senide izan baitira biak, hau delarik bietan senide
zaharrena.