Esan
izan da bertsoak bi alde dituela, hitza eta doinua; esan izan
da bietan garrantzitsuena hitza dela eta bigarrena haren zerbitzuan
dabilela. Ez dut nik hori ukatuko, ezta gutxiago ere, baina mami-azal,
kanpoko-barrengo, zeresan-nolaesan eta antzeko bereizketa logiko
horiek ez dakit zenbateraino diren errealitatearen adierazpen
egokiak, ederraren mundua eta bapateko bertsogintza aztertzerakoan
gehienbat. Nik beti azpimarratu izan dut, kantuz sortzen duela
bertsolariak, kantuz jasotzen duela entzuleak eta kantuz irauten
duela bertsozalearen gogoan eta oroimenean. Hiru alderdiok dira
beraz baztertu ezinekoak doinuaren eginkizuna aztertzerakoan.
Bertsogintzaren aldetik begiratuta guztiok dakigu bertsoa egoki
neurtzeko tresna dela doinua bertsolariarengan. Eginkizun apartekoa
du beraz, zeren neurketa baita artegintza honetan lanbiderik menderagaitzena.
Baina ez da kanpoko tresna garrantzitsu soil bat; hori baino sakonagora
joaz, bertso izatearen muin muinean dakust kantua. Ez da ere,
aurrena bertsoa moldatu eta gero doinuz jantzi; sorkuntza une
berean han ari da airea. Bertsominetan dabilen artista popularrak
kantuaren baitan uzten du bere sormena eta haren hegaletan doa
bere barrena isurtzen sorkuntza une latz pozgarrian, eta horrela
doinuz jaio da bertsoa mundura; kantuaren bidez, doinuarekin batera,
doinu da bera oso osorik. Bertso eta doinu, bereiztu ezineko
izakera bat berekoak, elkarrekin eta elkarrenganako eginak; kantu
berri berria, bizia, freskoa: bertsoa.
Entzulegoaren aldetik berriz esan behar da doinua dela bertsoaren
alderdi gustagarrietako bat. Esaldi neurtua, errimaduna, bapatean
asmatua, bere baitan dakarren grazia eta gainontzeko elementu
atsegingarriekin batera gogoan hartzekoa da musika alderdiak duen
atsegina mundu guztiarentzat eta baita euskaldunontzat ere. Bestela
nahikoa litzateke bertso mota bakoitzeko doinu bakar bat; estimazio
ederra emango lioke, gero eta gehiago eskatzen duen gaurko entzuleak!
Era honetan bertsoa kantu denez, bertsolaria kantaria da eta,
behin baino gehiagotan esan dut, zenbait bertsolari, - Manuel
Uztapide datorkit gogora - entzulegoa bereganatzeko eta liluratzeko
moduko kantari aparta izan dela; belarri ona, eztarri gozoa, ahots
modulazio aberatsa, eta ofizioan trebatua. Bertsolari bakoitzak
du bere estilo propioa baina, konturatuta edo konturatu gabe,
entzulegoarengan eragin haundia du bertsolariaren doinu eta kantaerak;
hori ez dago ukatzerik.
Bertsoaren iraupenaren aldetik ere garrantzi haundia du kantatua
izateak. Kanturik gabe ez genuke izango euskaldunok gaur eskuartean
dugun ahozko ekoizpenaren ondare aberatsa; ahoz aho eta gizaldiz
gizaldi heldu zaizkigun Etxahun Barkoxeren ahapaldi ziragarriak
adibidez han geldituko ziratekeen urteen ilunpe beltzean galdurik,
doinuari esker herriak gorde ez balitu. Elizako dotrina, haur
jolas, hitzjoku, esaldi, kopla, erromantze eta beste, kantuari
esker heldu da gureganaino. Egia da gaur asko aldatu direla gauzak,
eta bertsoek segurtatua dutela gure ondorengoenganainoko iraupena
idazki, magnetofoi, compact disc, bideo, mikrofilme eta beste
aurrerapen izugarriei esker, baina gaur ere doinuak badu eginkizunik
bertsoak buruz ikasteko eta gordetzeko orduan.