Edozein
moduz ere, ni ere eskerrak eman beharrean nago, doinuak niganatzeko
laguntza eskatu diodan orok nahiz bertsolari nahiz bertsozale,
eskuzabal luzatu baitit. Hamabost urte luzeotan lagundu didaten
guztien izenak ezin bada zerrendatu hemen, baina gogoan ditut
besteak beste Loiola irratiko Joxe M. Iriondo eta Laxaro Azkune,
Egin irratiko Pili Kalzada, Zarautzen bizi den Iñaki Garmendia
zaldibitar bertsozalea, Joxe Antonio Ormazabal adiskidea, Nikolas
Segurola, Pello Zabala eta Bitoriano Gandiaga frantziskotarrak,
Mitxel Lekuona, Baxakarte bertsolaria eta beste asko. Kitatu ezineko
zorra dut Hondarribiako Fermin Olaskoaga adiskide leialarekin,
berak gidatu bainau pazientzia eramankorrez ordenadore sorginaren
manejuetan. Eta azkenik esker onez aitortu Euskalerriko Bertsolari
Elkartea, Doinutegi hau burutzeko eskeinitako laguntza
eta argitaratzeko bere gain hartu duen ardura osoa dela eta, ez
jakin bestela noiz arte egon beharko ote zuen gure etxeko armario
zokoetan.
Herriaren ondasunak dabilzkigu eskuartean; gure hizkuntza, kantu,
bertso, dantza, otoitz. . . Euskalerriak orrialdeotan datozen
bitxi hauen bidez kanporatu ditu gizalditan zehar bere barrengo
sentimendu klase guztiak. Gure lurrean historian zehar sortutako
lore desberdinen baratza bizia dela badakit bilduma hau, aurrera
ere guk bertsozaleok zainduko baititugu gaurko eta biharko bertsoz
jantzirik. Hemen datorren doinu bakoitzak du bere historiatxo
luze edo laburra. Batzuk bizitza oparo eta izen haundiaren jabe
egin diren bitartean, beste batzuk noizbait norbaitek sortu bai
baina geroztik ez dute inongo osperik lortu gaur arte, baina agian
bihar zuk eman deiokezunaren zain dauzkazu. Garai bateko oroigarri
soila edo lore zimelduen sorta izango litzateke bestela.
Ageriko eta ezkutuko hamaika gizon emakumek sortu, kantatu, gorde,
jaso eta mimatuak izan dira. Inorenak ez eta guztionak dira gaur;
denon zerbitzurako dauzkagu hemen. Bertsolari, musikari, bertsozale,
aztertzaile, eta mila lanbidetako euskaldun giza-emakume anonimoren
itzala dabil hor tartean, eta aurrera ere berdin jarrai dezala.