Beste
nonbait ere esana dugu 1980 urte inguruetan datatzen dugun atal
berri honen ezaugarrietako bat doinuen erabilpen ugaritasuna dela.
Eskuartean dugun gure herri musikaren ondarea oso emankor eta
ugaria baldin bada ere, gure ezagupideko bapateko bertsolarien
jarduna doinu gutxitara mugatzen zen. Duela 60 urte Oiartzun inguruetan,
sasoi haietako bertsolaritzaren unibertsitate deitu genezaiokenean
alegia, dozenerdi bat bertso doinu omen zerabiltzaten gehienbat
bertsolariek, Manuel Lekuona maixuak dioenez, eta hala transkribaturik
utzi ere egin zizkigun; Txirritarena, Saibururena, Oilokirena,
Prantxesarena, Lexotirena eta beste hiru. Bertsolari bakoitzak
bakarra zuen gogoko dirudienez, eta guztira zortzi bakarrik datoz;
sei neurri haundiko eta bi txikiko. Eta datu zehatzik
ez baldin badugu ere, antzeko zerbait dirudi izan zirela 1935
eta 1936ko Bertso txapelketetako doinu multzoak ere, Ifarraldeko
bertsolarien zenbait ekarpen salbu.
Gero multzo hori, bistan da, poliki poliki ugaltzen joan da. Bertso
txapelketetan isladatzen da garbi nola dabilen garaiean garaiko
bertsolaritza orokorrean eta doinugintza zehazki. Ikusi besterik
ez dago doinu kopuruak zer gorakada eman duen 1960tik 1990ra,
eta berdin esango genuke 1935tik 1960ra. Bertsogintzako teknikaren
arlo guztietan joan da jazten bertsolarigoa eta honetan ere ezagupide
gehiago du. Gaur eguneko bertsolariek eskutada haundia dute neurri
bakoitzean segun eta zein gaitarako gutxiasko egokiturik. Guztietan
baina batez ere hamarreko haundiko eta neurri askotako
doinu berezien sailetan ari dira jazten. Iturri askotatik
edaten dute; nahiz kantutegi zaharretatik, nahiz kantautore, musikari,
eta bertsolari zenbaiten sorkuntza berrietatik. Baina puntu gutxiko
neurri txikiek erabilpen motza dute gaurko bertsolaritzan, doinuen
ondare aberats honek erakusten duenez, noizbait gure artean askoz
gehiago erabili baldin badira ere.