| Bertso
doinutegia Sarrera
Dorronsororen
hitzaurrea
Izendapena
Izendapena
Lanbide
honetan sartuta lehenbiziko eginbeharra hauxe izan da: doinu guztiei
eta bakoitzari izena egokitzea, erabilgarri gerta dadin eta sailkatu
ahal izateko deituraren jabe eginaz. Doinu asko eta asko inongo
izenik gabeko umezurtz heldu da gugana eta horrela zebiltzan eta
dabiltza han eta hemen bertsolarien munduan. Moztasun bildurgarria
dakar horrek, zeren inon inola errejistratu gabe daudelarik, galtzeko
arrisku haundia alde batetik eta elkarri adierazi ezina bestetik
nahiz ahoz aho, nahiz idazkietan.
Bestalde,
bertso idatzien izenburu asko eta musika popularreko deitura ugari
ez nuen ikusten egokia eginkizun horretarako eta beste batzuk aldiz
izen deitura bat baino gehiagorekin zebiltzan. Hitz batean esanda,
nahasketa korapilotsua zegoela gai honetan.
Horregatik
bada lan honi ekin behar izan nion hasera haseratik gerora zerbait
burutu ahal izateko eta bertso doinu guztiak eta bakoitza bere izenez
identifikatzen saiatu naiz beste ezer baino lehen. Eta hori egin
aurretik, jadanik leku anitzetan idatzi dudan eran, irizpide batzuk
ezarri nizkion neure buruari bidean nahastu ez nendin. Ez ziren
gutxi solfeoz inoiz argirik ikusi gabeko doinu ineditoak, ahoz ahoko
tradizio bizian hor bertsolariek erabiltzen zituztenak. Nondik hartu
izena, bataiatzeko, garbi zegoen bertsolariren baten bertsoz zegoela
jantzi beharra eta ez nuen zalantzarik bertsorik zaharrena zela
horretarako egokiena. Eman dezagun adibidez Azpillagak aurtengo
jaialdian erabili duen airea aurrez Uztapidek erabilia dela eta
oraindik lehenago Xenpelarrek ere erabili zuela; noren bertsoa aukeratuko
dut bada doinuari deitura emateko? Irizpide horixe erabaki nuen
beraz: doinua nik aurkitzen nuen bertsolari eta bertso antzinakoenaz
jantzi eta beraren lehen esaldiaz izendatzea.
Pentagramatan
idatzirik zetozen doinuez ere bazegoen zer erabakirik. Horietako
gehienek, bertso jarrien saileko zirenez, bazuten izenburua, baina
ez egokia nire ustez doinu hura bertsozaleak identifika zezan eta
bertsoaldiko lehen bertsoaren lehen puntuaz izendatzea juzgatu nuen
egokiena. Bilintxen bi adibide ipiniko ditut; Izazu nitzaz kupira
da bertsoaldiaren izenburua eta bertso doinuarena ere bai. Bertsozaleari
ez datorkio ezer gogora deitura hori irakurtzean, horrela ez baita
hasten bertsorik, baina Loreak udan intza bezela irakurtzen
baldin badu, doinu hori ate joka du segituan, bertsoa ezagutzen
badu behintzat. Eta berdin gertatuko zaio Bihotz eritua deitu
ala Triste bizi naiz eta izenarekin. Horrela finkatu nituen
bi irizpide nagusiak: lehen bertsoaren hasiera eta bertsolari
zaharrenarena aukeratzea alegia.
Baina gero lege nagusi honi salbuespen pare bat behintzat egin beharraz
jabetu nintzen, zeren ikusi bainuen bertso jarrietako askok hasiera
berdintsua zutela eta bera identifikatzeko ez zirela egokiak. Bi
kasu dira nabarmenenak; dataz hasten diren bertsoaldiena, mila
zortzireun hirutan hogei, mila zortzireun hirurogeita, eta berdin
berdin hasten diren beste hamaika doinu desberdin. Eta bertso berriak
hasten diren doinu multzoarena da beste salbuespena. Bi mila doinu
asko direnez, gertatu zaizkit bidean zehar beste oztopo txiki batzuk
ere baina orohar irizpide hauek balio izan didate doinuen izendapena
lortzeko.
Doinuak
historian zehar
Neurriaren
araberako sailkapena
|