Gure
herri musika aztertzen hasi eta hainbeste kopla eta bertso bertan
topatzearen aurkikuntzak harritu baldin baninduen, tamaina apalagotan
baina antzeko zerbait gertatu zitzaidan euskal musika polifonikoarekin.
Oi laborari gaixua, Maritxu nora zoaz, Sed libera nos a malo,
Goizean goizik, Pilota partida bat, Bortian Ahuzki, Xori errexinula,
Beti penetan, Maitatua sobera, Lurraren pean, Albaiteruen sala,
Larre gorrian, Norat joaiten zira, Mendekoste festetan...
eta horrela jarrai daiteke aurrera, musika polifonikoaren barrenean
aurkitzen ditugun bertso doinuak izendatzen. Gure musikariek noski
herri musikaren iturri emankorrera jo dute melodia horien gain
beren joku musikalak eginez edertu eta gure abesbatza, otxote
eta koruen esku uzteko; herriagandik jasotakoa herriari itzuliaz.
Zenbat aldiz entzun ote dizkiegu gure herrietako koru bikainei
lauzpabost abotsetara armonizaturiko abesti eder horietakoak,
kantatzen ari ziren bertsoa Txirrita, Etxahun, Bordel edo beste
bertsolariren batena zela konturatu gabe!. Goraipatzekoa da arlo
honetan Aita Donostia musikari finak egindako lan aparta; batez
ere Nafarraldeko baserri eta auzoz auzo jasotako doinu bitxi ederrak,
gero berak musikalki jantzi eta apaindu ondoren, berriro euskal
herriari itzuli dizkio, koruetan kantatu, edo musika tresnaz jo
ahal izateko, gero J. Riezu fraile nafarra argitaratzen joan zaigun
10 liburukietan ikus ditzazkegun eran. Baina Aita Donostiaz gain,
Charles Bordes, Salaberry, Azkue, Guridi, J. A. Santesteban, Sorozabal,
Rodney Gallop eta beste musikari askori zor diogu hori.