Bertsozale Elkartea
Bertsozale Elkartea
euskara castellano français english
Mapa
Orri nagusira Gune hau lehenetsi Helbideak Atala inprimatu Iradokizunak Gogokoenetan ipini
Bertsoak
Bertsolaritza
Bertso Doinutegia
Sarrera
Bilaketa nola egin
Bilaketa orokorra
Informazioa bidali
Bertsozale Elkartea
Agenda
Xenpelar Dok. Zentroa
Liburutegi Digitala
Hitzetik Hortzera
Bertso Eskolak
Nor da Nor
Txapelketak
Argazkiak
Kulturartea
Lanku
Foroa
Bazkide egin
BertsoZalea
Jolasak
Prentsa Bulegoa
Estekak
Jaso Berriak
bertsoplaza.tv
J. Dorronsororen
hitzaurrea
Sarrera orokorra
Doinuak historian zehar
Izendapena
Neurriaren araberako
sailkapena
Bertso doinuak
euskal musika
popularraren barnean
Doinu sortzaileak
Bertso doinuak eta
erlijio musika
Bertso doinuak eta
musika polifonikoa
Bertso doinuak
aldi historikoka
eta lurraldeka
Bertso doinuak gaur
Doinuaren eginkizuna
eta garrantzia
Bertso doinuaren
egitura
Azterketa musikala
Aldakiak
Eskerrak
Amaiera-jarraipena
Bibliografia
Doinutegiaren
sarrerara itzuli

 

Bertso doinutegia Sarrera Dorronsororen hitzaurrea
Sarrera orokorra

Sarrera orokorra

Bertsolaritzaren historiaren atal berri bat ireki dugu 1980. urte inguruotan. Ikertzaileon artean ez dut uste duda haundirik izango dugunik begi bistan dagoen hau aitortzeko eta jakina denez, ez noa hemen hori frogatzera. Irakaskuntzan bertso mundua txertatu asmoz egin den ahalegin harrigarria jotzen dut Amurizaren Txapelketarekin irekitzen den aro berriaren adierazpide nagusi. Besterenganatu ezineko eta berezko dohain misteriotsu aparta omen zen bertsogintza, edozein zientzia edota arte disziplina legez, erreflexio eta aztergaitzat hartu eta eskolan haur, gaztetxo eta helduei pedagogiazko bitarteko modernoz, helburu garbiekin programa zehatzen barrenean irakatsiz, eta egitasmo honek nahitaez eskatzen duen giza eta lanabes azpiegitura zabal sendoak kultur iraultza sakona dakar gure ahozko ekoizpen artistikoan. Une horretantxe kokatu behar da nere ikerlan honen jaiotza.

Ahozko literaturaren barrenean eta hitzaren kirol nazional gisa definitu izan den arte hau, hitz kantatua denez, literaturaren hesiz kanpoko arlo hau ere, musikarena alegia bete betean hartzen duela ikusi nuen eta bertso munduan orain arte gutxi erreparatutako alderdi garrantzitsua dela jabeturik definizioak gerorako utzita, bilduma egiteari ekin nion ilusioz.

Burutu ditudan Bertsotan bilduma biak eta Doinutegia elkarren senide dira beraz eta bi lanak elkarren parean eraman ere egin ditut, argia ikusten azkena hau izan baldin bada ere. Bertso mundua eta herri musika, biak batera, elkarren lagun, izan dira gure herri honen sentimendu aberatsen adierazle jator historian zehar. Liburu hau ez da irakurtzeko egin, nioen nik duela 14 urte Bertsotan I argitaratzerakoan, kantatzeko baizik; bertso liburu denez kanta liburu da beste ezer baino gehiago...

Bertsolari, bertsolarigai, bertso idazle eta bertsozalea izan dut gogoan batez ere; bertsogintzari bait dagokio zuzen zuzenean, neurriaren arabera sailkatze hau. Gai bakoitzari zegokion doinua ezin eskuraturik Xalbadorrek behin kanporatu zuen sufrimendu hura bertsolariek errezago gaindi dezaten erraminta-kaxa prestatzea izan da nire ametsa.

Zortziko txiki eta haundiko neurritara mugatu da gehienbat gure garaiotako bertsogintza baina horietaz kanpo ere neurri motzeko nahiz luzekoen abanikua asko zabaltzen da gure begien aurrean herri doinuen baso mardul honetan sartu ezkero. Bertsoak ez du zergatik lau puntu gutxienez izan beharrik, askotan hala uste izan bada ere; laburra eta ona, bi aldiz ona.

Ahozko mintzamena eskolan, kalean eta etxean bultzatu nahiean gabiltzan honetan, ez zaigu gaizki etorriko haur kantu, jolas-dantza eta koplagintza arineko melodia jostalariak eskura edukitzea adibidez. Baina badakit euskaldun musikazale eta kantariak ere topa dezakela bere gustuko bitxi aukera-aukerakoren bat, kantutegietatik baino gehiago agian bertsolarien tradiziozko iturri bizitik jaso ahal izan ditudan ale ineditoen artean. Gure herri eta giza bizitzak historian zehar Pirineo eta Kantauri arteko lur, eguraldi-giro eta naturarekin harremanetan izan dituen hamar mila haserre-pozaldi, hitzjoku-jolas, ideia eta sentimendu nola adierazi dituen bertso kantuz jakiteak, bide eman dezaiguke aurrerantz ere geureak kanporatzeko.

Kalitate aldetik kolore guztietako loreak aurkituko dituzu hemen, nola ez; eder, itsusi, xume, bikain, basati, arrotz... dagoena jaso egin dut. Eta berdin esan nezake nolakotasunaren aldetik; sarkor, txepel, indartsu, alai, goibel, tolesgabe, ezti, garratz... eta adjetiboak ilaran luza nitzazke. Aurkitu dudanari ez diot inongo mugarik edo zentsurarik ipini. Dagoena eta dagoen guztia zerbitzatu eta eskura ipini beste asmorik ez dut izan.

Doinu, aire, melodia, musika, errezitapen, kantu, abesti edo beste zenbait izenez baliatu gara euskaldunok. Aire hitza erabili dute gehienbat Ifarraldeko senideek eta baliagarri derizkiot baina hitz honek melodia ezezik, Hegoaldekoentzat behintzat, esanahi gehiago ere badituenez, gure eginkizunerako agian zentzu irekiegia duela eta doinu hitza aukeratu dut, batipat zehatzagoa delako, eta ondorioz bilduma honi Doinutegia deitzea erabaki dut. Gero aztertuko ditut gehixeago bertso doinugintza eta euskal herri musikaren arteko harremanak, baina esan dezadan zentzu oso zabalean hartu dudala bertso doinu hitza, kontuan izanik nire helburu nagusia bertsolariei lanabes ugari eskuratzea besterik ez dela, edozein neurri edo motako dela ere.

Egia da doinu bakoitzari buruz izan dezakedala nire iritzi musikala, eta egia baita ere, * zeinuaz markatu ditudala ederren edo garrantzitsuen batzuek baina gainontzean ez naiz ibili doinu egoki ala eskasa ote den aukeratzen. Bitxirik preziatuena eta alerik arruntena, denetik aurkituko duzu beraz hemen, bertsolari, zeuk unean uneko lanerako egokien derizkiozuna aukera ahal izan dezazun. Txepetx, urretxindor, txantxangorri edota birigarro, denek kantatzen dute bakoitzak bere erara gure bazterretan, eta guztiak edertasun berdinekoak ez baldin badira ere, nik behintzat asko estimatzen dut neguko egunik beltzenetan ere egunsentioro, beste inor ez dabilenean, nere etxe ondoko sasietan txio-txioka agurtzen nauen txantxangorri apala ere.

Doinutegiaren atarikora itzuli Doinutegiaren atarikora itzuli Doinuak historian zehar Doinuak historian zehar

Bertsozale Elkartea. Igeldo Pasealekua, 25. 20008 Donostia
T. (00) (34) 943 21 77 98 / F. (00) (34) 943 21 24 27 / bertsozale@bertsozale.com