Atañok gerran itxututako lagun bati jarri zizkion bertsoak dira hauek.
Lagun maitea, urteak dituk
itxua bizi aizela,
bertso txar auek bialtzen dizkit
oroimengarri bezela,
berdin bazekit ama gaixoak
kantatuko dizkikela,
jakin dezaken oraindik ere
itzaz oroitzen naizela.
Soldaduzkara deitu iñuten
argi biali iñun amak,
andik itxua biurtu intzan
gero amarentzat zamak,
ik maite orrek geroztik illun
negargarria daramak,
amaika gazte ondatutzeko
sortu zizkiteken armak.
Pakean bizi giñun guziok
ez un gudate ordua,
baña norbitek egin zin iri
bixta kentzeko modua,
orren gazterik illun eraziz
betiko ire mundua,
ajola nori, aintzat artuko
ote ditek soldarua?
Betiko ire begietara
ixuri ditek illuna,
geroztik ezin igerri noiz dan
arratsa edo eguna,
geroztik doi‑doi ibil bearra
etxe txokoak barruna,
aske ta lasai biziko dek i
ortara utzi iñuna.
Atsegiñez ez det ikusiko
ire amaren musoa,
zoriontsu ez geyago ere
neskatxen irri goxoa,
beste norbaitek zaindu bearra
zedukak ire pausoa,
guda zaleak ez ditek eman
bizi modu erosoa.
Ire ordez gaur egingo ditek
len lagun itunak pestak,
zorabiotuz dantza ta oyu
ainbat mutil eta neska,
iretzat bakar bizi bearra
iretzat betiko kezka,
balkoi gañean zer pesta duten
ama xarrari galdezka.
Iretzat jaya edo astegun
noski dena berdintsua,
beste norbaitek izan bearko
ire txangoen maisua,
‑Ai zer mutila!‑ esango ditek
batzuak ‑baiña itxua‑,
urrikal itzak entzuten bizi
bearra daukak, gaixua!
Ama maiteak berea au ta
maitatuko au benetan,
baño amarik ez dek izango
betiko mundu onetan,
biotz hori nork poztuko dit nork
lagundu ire penetan?
Enbarazutzat artuko aute
abillen leku denetan.
Anayak edo ire arrebak
etxera artzen auanak,
emango dizkik, ori jakiña
bear aiñ jantzi ta janak;
denean traba egingo bai dek
an izango dituk lanak,
etxe galgarri artuko aute
ire inguruko danak.
Mundu ontan ez dek arkituko
amaren maitasun ura,
al balitz bota nairik etxetik
zama txar baten modura,
igatik gaizki dabiltzalako
ire biotzak tristura,
zenbat oldozmen txar ez dizkiken
ekarriko orrek burura.
Ire gordean adituko dek
ire aurkako marmarra,
traste txar baten gisa biziko
aiz txokoan ta bakarra,
ik ezer ezin, dena besteren
eskutik artu bearra,
probatuko dek ondo orduan zer
den itxu baten negarra.
Kanpora illun bizi aiz, baña
ik argi dakak barrena,
begiratu zak barren ortara
eta pixtu sinismena,
seguruago ikusiko dek
ire urteen azkena,
poz orrek asko arinduko dik
mundu ontan ire pena.
X. Zapirain «Ataño»