Bederatzi bertso‑paper egile omendu behar ditu aurten Euskal Herriko Bertsolari Elkarteak, gerra osteko bertso jartzaile belaunaldiaren ordezkari bezala. Baina bederatzi gizon baldin badira ere, bertso paperen garai guzti hura dugu gogoan eta omentzen dugu aurten.
Ez da arrazoirik falta omenaldia antolatzeko orduan gizon hauek kontutan hartzeko; batez ere bertso‑paperek bertsolaritzaren kondairan zehar izan duten garrantzia ia uka ezinezkoa delako. Azken 200 urteotan bertsolaritzaren edo bertso munduaren erreferentzia bilakatu da bertso‑papera, bere gailur eta beheraldi guztiekin.
Baina gerra osteko urteetan, hainbat arrazoi medio, aktibitate hau erabat desagertzeko zorian egon zela esan daiteke. Eta hemen sartzen ditugu liburu honetako eta aurtengo BERTSOLARI EGUNEKO protagonistak.
Garai zailak ziren, 1955 ingurua. Eta tradizio zahar hau, poliki‑poliki berreskuratze ahaleginean saiatu ziren hainbat euskalzale eta bertsozale, bapateko bertsolari batzuk ere bai tartean. Han joan ziren azaltzen SEBASTIAN SALABERRIA, INOZENTZIO OLEA, MANUEL MATXAIN, XALBADOR ZAPIRAIN, GILLERMO ALBIZU, JESUS LETE «IBAI‑ERTZ», LUIS REZOLA «TXIMELA», JOXE MANUEL ARRIOLA, JOXE AIERBE, e.a. beren lan apal baino garrantzitsuarekin.
Bertso‑paperen etenaldia luzeegia izan ez zedin saiatu ziren gizon hauek. Antzinako ohitura den partetik, euskal kulturak ere galtzen zuenez, beraiek eskain ahal zezaketena eskaini zuten bertsolaritzaren onerako. Eta ez bertsolaritzaren onerako soilik; gure hizkuntza ere laguntza eske zegoen egoera korapilatsu eta latz haietan; eta gure gizon hauek ekin ziotenean, bazekiten ongi bertsolaritzaren alde egindako guztia euskarari ongi zetorkiola.
Ez genuke, halere, gehiegi puztu nahi bertso‑paper egile hauek egindako lanak izan zuen garrantzia, baina une haietan, bertso mundua eta euskal giroa hain trantze txarrean zeudelarik, gizon hauen jarrera txalogarri hura azpimarratzeko modukoa da.
Guzti horregatik izan ditu gogoan Bertsolari Elkarteak aurtengo omenaldirako. Baina jakina, badakigu ongi ez zirela bederatzi hauek bakarrik izan. Hor izan dira, esate baterako, Jose Mª Aizpiri eta Jose Mª Arkotxa, Itxas ertzeko hainbat herritako estropadetako giroa betsotan jasoz; Aita Martzel Andrinua, sermoiak bertsotan egiten zituen abadea, Nafarroako Beratarrak etab.
Beste batzuk, berriz, gure artetik betirako joanak ditugu: Segundo Kalonje, Ziriako Andonegi...
Bazter guztiak, edo gehienak behintzat arakatu ondoren, aurkitu dugu bertso‑paper egile zerrenda hau. Ez dago talde honetan bapateko bertsolari bezala aritutakorik, eta gerta liteke hutsegiteren bat egin izatea, merezi zuen norbaiten izenik aurkitu ez dugulako edo. Horrela balitz barkamena eskatu beharrean gara.
Eta ohar batekin bukatu nahi genuke aurkezpen hau: Bertsolari Elkarteak idatzitako guztia euskara batuan doakizuela, baina beste guztiena, bakoitzak bidali digun idazkera goitik behera errespetatu dela.
Zorionak guztioi eta esker mila Bertsolari Elkartetik.
Euskal Herriko Bertsolari Elkartea
Juanjo Uria
Iñaki Agirresarobe
Jokin Sorozabal