Bertsozale Elkartea
Inprimatu Leihoa itxi
Joxerra Garzia

1953ko apirilaren 14an jaioa, Legazpin (Gipuzkoa). Filosofiako eta Kazetaritzako lizentziaduna, eta, 1999az gero, Ikus-entzunezko komunikazioak eta publizitatea arloan doktore; Gaur egungo bertsolarien baliabide poetiko-erretorikoak izeneko tesia aurkeztu eta defendatu zuen. Gaur egun, Euskal Herriko Unibertsitatean irakasle aritzen da, Publizitatea irakasten, eta idazlea ere bada. Horrez gain, euskal prentsan eta irratietan kolaborazioak egiten ditu.

Joxerra Garziaren ibilbidea oso lotua egon izan da hedabideen munduari eta bertsolaritzari: irratian eta telebistan bertso programak egin eta zuzendu ditu hainbat urtez. Prentsa idatzirako ere egin izan ditu kolaborazioak bertso kritikari moduan.

Eskoletan bertsolaritza lantzeko material didaktikoa prestatzen ere lan handia egina da. Joxerra Garziaren lanak garrantzi handiko erreferente bihurtu dira bat-bateko bertsogintzaren fenomenoa azaltzeko eta ulertzeko orduan.

Idazle moduan hainbat esparru jorratu ditu (haur literatura, poesia, pasadizo nobelatuak, gogoeta pertsonalak...). Euskal Idazleen Elkartearen lehendakari izan zen, eta gaur egun, Alberdania argitaletxearen Zer Berri saila zuzentzen du.