|
|
| Antonio
Zabala |
| 1928ko urtarrilaren 23an jaio zen, Tolosan (Gipuzkoa). 17 urterekin Jesusen Lagundian sartu zen, eta ordena horretako kide da. Filosofia eta Teologia ikasketak egin zituen. 1964an, Euskaltzain oso izendatu zuten, eta 1999an, Honoris Causa doktore egin zuen Deustuko Unibertsitateak. Herri literaturarako zuen zaletasunak bultzatuta, bertsopaperak biltzen hasi zen, 50eko hamarkadatik aurrera, eta zeregin horretan eman du bizitza guztia. 1961ean,
Auspoa liburutegia sortu zuen. 40 urte luzeko bidean, 300 liburutik gora
argitaratu ditu Antonio Zabalak liburutegi horretan: bertsolarien biografia,
pasadizo eta bertsoak; herriko jendearen kontakizunak; garai bateko bizimoduaren
berri ematen duten liburuak; erromantzeak; narrazioak... Euskal herri
literaturaren gordailurik oparoena da gaur egun Auspoa liburutegia, eta
bertsolaritzaren ikuspegitik ez ezik, antropologiaren, historiaren, soziologiaren
eta literaturaren ikuspegitik ere berebiziko garrantzia du. Biltzaile,
ikertzaile eta eragile izan da Zabala. Izan ere, biltzen eta ikertzen
ez ezik, lan handia egin du zer kontatua zeukan jendea bilatzen eta horiek
idaztera bultzatzen. |