Txapelketak
Gipuzkoa
2003
Aurkezpena

GIPUZKOAKO
BERTSOLARI TXAPELKETA 2003
Aurkezpena
Gipuzkoako
Bertsozale Elkarteak IIIgarren Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa
antolatu zuen irailaren 26tik abenduaren 14ra.
Gipuzkoako
Bertsolari Txapelketa 2003Plazaz plazako jarduna bezalaxe, txapelketa
ere bertsogintzan eta bertsolaritzan aurrera egiteko bidea da,
planteamendu eta formulazio bat baino gehiago dituena. Gipuzkoan
bertan, filosofia eta helburu ezberdineko txapelketak egin dira
ia azken 15 urteotan, eta bakoitzak bere ekarpenak egin dizkio
garaian garaiko bertsolaritzari. 1991n eta 1995ean buruz buru
buruko txapelketak izan ziren, eta 1999an Herri Arteko txapelketa
izan zen taldeka. 2003ko udazkenean, buruz buruko txapelketa egin
zen berriro eta helburu nagusia Gipuzkoako bertsolaritzari arnasa
eta gorputza ematea izan zen. Txapelketa honek arnasa eman nahi
izan zion batez ere bertso eskoletatik eta ikastetxeetatik etengabean
datorren bertsolaritzaren mugimendu berriari, eta lehendik dagoenari
bideak jarri nahi izan zizkion gorpuzten eta zabaltzen segitzeko.
Aurrerantzean, Gipuzkoako Txapelketa lau urtez behin egiteaeta
Bertsolari Txapelketa Nagusian sartzeko ere balio izatea erabaki
zen.
Erakargarria
eta zabala
2003ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak parte hartze benetan
zabala eta erakargarria izan zuen: denera 71 bertsolari. Txapelketa
honek bi fase nagusi izan zituen. Lehenengo fasea eskualdeka jokatu
zen, Herriarteko txapelketaren filosofiari eutsita. Fase horretan,
bertso eskolek eta beren inguruak parte hartze zuzena izan zuten
saioen antolaketan, eta planteamendu horren helburu nagusia bertsolaritzaren
oinarria lantzea izan zen. Saio bakoitzean 6 bertsolarik kantatuko
zuten. Eskualdeko fasearen ondoren, final laurdenak eta finalerdiak
jokatu ziren urrian eta azaroan, eta Finala Irunen izan zen: Artalekun,
abenduaren 14an, arratsaldez. Finala Irunen izateak ere bere garrantzia
izan zuen. Gipuzkoako eskualde guztiek ez dute bertsolaritza tradizio
bera eta, Elkartearen ustez, txapelketako ekitaldi nagusia Bidasoa
ertzean izateak hauspo lana egin zezakeen eskualde horretan guztian
bertsolaritza indartzeko hainbat eragile egiten ari den esfortzua
eta lana bultzatzen laguntzeko. Horixe zen, hain zuzen ere, arrazoi
nagusia ekitaldi hori 800 urte bete berri zituen hirian egiteko.
Txapelketa
garaian eztabaida foroa eta informazioa interneten
Elkarteak Gipuzkoako Txapelketari buruzko informazio guztiak interneten
jarri zituen orain bisitatzen ari zaren helbidean. Nobedade nagusia
ordea, txapelketari buruzko foro irekia izan zen. Bertsozaleek,
urte hartan lehen aldiz, txapelketa garaian beren iritziak eman,
eztabaidak planteatu eta abar egiteko aukera izan zuten Elkarteak
interneten jarri zuen eztabaida foroan. Eztabaidaz gain, elkarrizketak,
saioen kronika eta puntuazioak, bertsolari, gai-jartzaile eta
epaileen datuak, Gipuzkoako bertsolaritzari buruzko zenbait datu
eta abar ere izan zen web-gunean.