Txapelketak
Historia
Euskaltzaindiak
antolatutako txapelketak (1960-1982)

TXAPELKETEN
HISTORIA
Euskaltzaindiak antolatutako txapelketak (1960-1982)
Hogei
urte luzeko gerraondo baten ondoren, Euskaltzaindiak lortu zuen
Bertsolari Txapelketa bat ("Campeonato Mundial de Bersolaris"
zioen afitxak) antolatzeko baimena 1960an. Aurreko kanporaketetan
56 bertsolarik hartu zuten parte, eta hamar finalistetan Basarri
gelditu zen nagusi, bigarrenez. Baina garrantzia berezia zeukan
txapela honek, oso bestelako giroan irabazia zuenez. Bertsolaria
saritu zen honetan.
Manuel
Olaizola "Uztapideren" nagusigoa ekarri zuten 1962,
1965 eta 1967ko txapelketek. "Uztapide" kantatua zen
1936ko finalean, eta 1940-50 urte latzetan Basarrirekin batera
zen ibilia herriz herri, bertsolaritza publikoaren ale bakan gisa.
Basarrik errespetua eragiten zuen bezala zen maitatua Uztapide,
molde zaharreko bertsolari seguru eta egokia. Berak polito kontatua
du 1967ko finalean gertatu zen istilua:
"Erabakia
hartuta etorri dira juradukoak: lauren artetik Xalbador aukeratu
dute aurrera pasatzeko; arratsaldeko bigarren saioa Xalbador da
Uztapide. Jendeak erabaki honeri txistuak jo zizkion, eta, nere
iritzirako, oso gaizki dago Xalbadorri txistu jotzea. Nik ez dakit
neri joak baziran ere, baina guk Xalbadorri jo zizkiotela pentsatu
genduan.
"Gure
egoera ederra zan orduan! Gu biok ginan han, jendearen aurrean
txutik jarrita, txistuak noiz ixilduko ziran zai. Nola nahi dezute,
ba, pakea izatea ? Gero esan zutenez, bost minutu ta erdi iraun
zuan txistu-aldi harek. Gu bezelaxe urtero hor txapelketa hortan
kantatzen izaten ziranak berak ikusi ginuzen okerrenak, eta inola
ere gauza onik ez.

"Nik
kantatu nuan nere agurra, eta Xalbador hasten da kantatzen eta
ez zioten uzten. Gizon bat bazegoan han aurrean exerita; gure
aurrean alegia. Hura hankan gainean jarri ta atzera begira bueltatu
zanean, hartxek egin zuan pakea. Lehen ere behin edo behin egina
izango da hura horrenbeste, eta orduan ere bazan haren beharra.
Gozoa jarri zan hura! Lehoia bezela jiratu zan, eta atzaparrakin
ere helduko zien txistu jotzen ari ziran haiei, ondoan eduki balitu.
Merezi du jartzea horren izena, ez dakit berari gustatuko zaion
baina. Joakin Zubiria da hori, hango pakeak egiten hasi zana.
Orduan ixilaldi bat egin zan, eta hartaz baliatu zan Xalbador
kantatzen asteko:
Anai-arrebak,
ez, otoi, pentsa
neure gustura nagonik,
poz gehiago izango nuen
albotik beha egonik;
zuek ezpazerate kontentu
errua ez daukat, ez, nik...
"Jendea
txaloka hasi zan orduan. Bazan garaia! Ezin segitu izan zuan Xalbadorrek.
Bi pusketan kantatu zuan. Jendea ixildu zanean, honela bukatu
zuan:
...zuek
ezpazerate kontentu
errua ez daukat, ez, nik,
txistuak jo dituzute bainan
maite zaituztet orainik!
"Lehen
txistuak bezela, txaloak ziran orduan. Nolakoak gainera! Jendea
zertara hasten dan izaten da. Txistu-soinu haundiak Anoetako pelota-lekuan,
eta jendea Xalbadorren bertso horrek jarri zuan txaloka. Bertso
ederra zan, izan ere, hura. Gero ere egun hartako bertsorik onentzat
juzgatu zuten bertso hura.
"Xalbadorrek
negar egiten zuan, eta ez da gutxiagotarako, izan ere. Txistuka
ari zan jendea bertso batekin txaloka jartzen duan gizonak badauzka
merituak. Ez dago hari zertan txistu jorik.
"Geroztik
ez da txapelketarik egin, eta alde batera ez egitea ere hobe,
ala ibiltzekotan; batean txistua, bestean ujua, beti bazan zerbait
eta."
Berrikuntza
handi bat ekarri zuten 1980 eta 1982ko txapelketek. Hobe esan,
Xabier Amurizak ekarri zuen berrikuntza txapela jantzi zuen urte
haietan. Ordurako ezagunak ziren Zamorako kartzelatik bidalitako
bertso ederrak, baina gutxik uste zuten bat-batekotasunean halako
maisutza erakutsiko zuenik: bertsolaritzaren historiaren oinordeko
jakile, poesia modernoari zabalik, iruditeria berritu zuen, metafora
sartu zuen, doinu berriak ekarri zituen... Eta bizkaitar kontziente
moduan, euskara batuan kantatu zuen, hautu horrek hegoaldeko bati
neurrian suposatzen dizkion zailtasun guztiak gaindituz. Bere
lanak egungo bertsolaritza modernoaren oinarriak ezarri zituela
esatea ez da berokeria.
"Gizona
ez da ogiz bakarrik bizi", X. Amuriza.
Gerra
aurreko txapelketak (1935-1936)

Bertsozale
Elkarteak antolatutako txapelketak (1986-...)