|
Asko
aldatu da Nafarroako bertsolaritza azken urteotan.
Eta segituko du aldatzen hurrengo urteotan.
Horixe da Bertsozale Elkartearen nahia, horretan ari gara
lanean. Aspaldiko lagunak hor daude, betiko moduan jo eta
su lanean, baina argi dago belaunaldi berri bat ailegatu
dela Nafarroako bertsolaritzara. Eta gelditzeko iritsi da.
Urtetik urtera Nafarroako Txapelketa aldaketa horien guztien
lekuko izan da eta aurrerantzean ere segituko du izaten.
Aurtengo Txapelketako ezaugarri nagusiek Nafarroako bertsolaritzaren
egoera islatzen dute: aspaldiko parte-hartzaile kopururik
handienak eta bertsolarien gaztetasunak etorkizun argia
iragartzen dute Nafarroako bertsolaritzarako. Baina hori
hala izan dadin ezin gara lokartu, gogotsu segitu behar
dugu lanean.
Txapela nork jantzi, bai; baina lehiaz haratago, Nafarroako
Txapelketak bertsolaritzaren festa izaten segituko du, euskaldunon
topagune, bertsozaleon gozagarri. Garai berrietan ere, betiko
lagunekin ibiliko gara.
|