Txapelketak
Nagusia
2001
Aurkezpena

TXAPELKETA
NAGUSIA 2001
Aurkezpena
Hitza
informazioaren gizartean
Hitzak
egiten gaitu euskaldun
euskalduntasunak munduko
HALA
DIO aurten kantatu den bertso gogoangarri baten hirugarren
puntuak. Hitzak egin gaitu euskaldun, eta tematuta gaude gure
izaerari arnasa eman dion horri arnasa ematen jarraitzera. Hitzari
hatsa eman.
HITZAREN
JOLASAK sorginduta gabiltza Euskal Herri osoko bertsozaleak
- bertsolariak barne direlarik bertsozale esaten dugunean - eta
Bertsozale Elkartean gaude bildurik. Bertsoak erakutsi digu hitza
altxor agortezina dela. Bertsoak erakutsi digu hitzaren ondarea
jaso badugu ondareberritzeko jaso dugula, eta berrituta bakarrik
jarrai dezakeela izaten ondare. Bertsoak erakutsi digu gure aurrekoen
sorkuntzen pilaketa enigmaz betea dela hitza, eta gure sorkuntzak
biziarazten duela. Bertsoak erakutsi digu sorkuntza hori jolasa
dela. Bertsoak hori guztia erakutsi digulako, guk bertsoa nahi
dugu erakutsi. Hitzari hotsa eman.
EMATEN
DU, badirudi, esango genuke, gaurko gizakiak, eta bereziki
gaurko ahaldunak, teknologiak liluratzen dituela. Eta hitza...
erabili egiten dutela behar dutenerako. Bertsozaleok, aldiz, hitzak
gaitu liluratzen. Eta teknologia... izatekotan, erabili egingo
dugu behar denerako. Asmatuko dugu, hori ere jolasa baita, tramankuluak
zerbitzura jartzen: hitzaren hatsaren hotsaren zerbitzura, bat-batekoaren
soiltasunaren menera.
HORRETANTXE
ari gara bertsozaleok, hitzaren jolasari tokia egiten, orainean
eta geroan. Hori dugu gure benetako lehia. Alde batetik hizkuntzaren
bizi-lehia gorria, bai, baina beste aldetik jolas moduan ulertzen
duguna. Hitzarekin jolasean ari garenean hizkuntzaren bizi-kinka
ari baikara jokatzen. Eta alderantziz, euskararen bizi-kinka jokatzen
ari garenean, jolasean ari baikara.
JOLAS
ETENGABE horren baitan, Euskal Herriko Txapelketa Nagusian
jokatzera jolastuko dira iparretik, hegotik, mendebaldetik eta
ekialdetik etorritako bertsolariak. Euskal herrietako bertsozaleen
gozagarri, hatsari hatsa emanez, bat-bateko hitz hots hutsez.