|
Bapatean 1999
IV. BAT-BATEKO BERTSO HAUTATUAK
|
Hitzaurrea
FRAILEEN DOZENARAKO BAT FALTA: Bapatean 88 lehen ale hari urtez urte gehitzen joan gatzaizkion beste hamaika liburuekin batera, osatu dugu dozena; fraileen dozenaren atarian gaude baina ate joka datorkigu hamairugarrena ere, eta, (superstiziosoen baimenarekin) beste ale irmo bat izango da ezbairik gabe. LAN BARATZA, LAN ARATZA: Bat-batean kantatutako hainbat bertso biltzen baditu ere, Bapatean 99 ez da bat-batean egina; bat batean eta bestea bestean, hainbat eta hainbat saiotan bildutako bertso andanaren bilketa eta aukeratze fase luze baten ondorio baizik. Esku artean duzun bertso-liburu hau 1999an bat-batean kantatutako bertsoen erakuslehio edo erakuskari bat da. Zuk erabaki zer den: hori soilik edo hori guztia. LEHEN
HALA, ORAIN HOLA, Orain arteko
Bapatean liburuetako hamaika hitzaurre-egileek bertso bilduma,
bertsozko urtekaria, urteko bertsolaritza, milaka bertsoen erakusgarri
xumea edo bat-bateko bertsogintzaren corpusa bataiatu dute liburu honen
izatea eta nortasuna. Nik nahiago izan dut, erabat oker egon naitekeen
susmoa baztertu gabe, urtean zehar kantatutako bertsoen erakuslehio edo
eskaparate bezala izendatu, izan ere, hemen agertzen diren bertsoez gain,
beste milaka bertso geratu dira hautatu gabe, eta, are tamalgarriagoa
dena, grabatu direnak baino gehiago dira grabatu gabe betiko galdu direnak.
Baliteke betiko galdu izana, baina ez momentu eta toki jakin batean zegokien
funtzioa betetzeke. BEREZKO
ADURRE BIE DA Esaera zahar
honetaz baliatu nahi nuke Bapatean 88 hartatik Bapatean 99
honetara atzeman ditudan zenbait gauza bitxi edo aipagarri zuenganatzeko.
Askotan jartzen dira auzitan bertsolaria sortu egiten ote den edo egin
egiten den; egingo nuke, egun, zaharrak edo helduak gehiago direla lehenbiziko
uste edo arrazoiaren (nondik begiratzen den) alde egiten dutenak, eta
gazteak, edo bertso-eskolak gertuagotik ezagutzen dituztenak (ditugunak),
bigarrenaren aldekoak. Zahar, beterano eta gazteen ildotik doa jarraian
aipatu nahi nukeen kontua, alegia, lehen aletik hamabigarren honetara
bada uka ezin den alde nabarmen bat; bertsolarien izenak, eta bakoitzari
egokitzen zaion bertso-kopurua, arras aldatu dira azken urteotan. Bapatean
88 eta Bapatean 89 liburuetan azaltzen ziren hirurogeita hamairu
bertsolarietatik (asko bi urteetan agertzen dira) hogeita hiruk soilik
izan zuten iazko Bapatean 98 alea arte ia urtez urte euren bertsoak
urteko berbilduman ikusteko zoria. ZAHARRAK BALEZA ETA GAZTEAK BALEKI: Azken aleetan bertsolari gazteekin jokatzen diren txapelketen nahiz sariketen aipamena ere egin da, eta, hori dela eta, plazaz plaza hastear edo hasi berri dauden gazteen bertsoak ere biltzen dira. Gazte hauen bertsoez gozatzeko paradarik ez genuke izango bestela. Beraz, zaharrak ahal du baina gazteak ere badaki. ETORRIKO
DA DENBORA BAT, Ez dut uste gizonak emakumeengandik ihesi inoiz joango direnik, baina baliteke emakumeen beldur izatea. Bertso kontuan ari naiz beti ere. Bapatean liburuak lehendabizikoz argia ikusi zuenean emakume bakar baten (artean neska gaztea, gazteagoa bai behintzat) bertsoak baino ez zituen biltzen bere orrietan, baina urteak joan ahala dozenatik gora emakumeren bertsoak biltzera iritsi da. GERTAKARIRIK
TXARRENEK ERE
Iaz ere gertaera gogor eta albiste txarrak bertsotarako gai bihurtu ziren.
Gertakari txarrenek ere bai omen dute alderdi onen bat, eta gureari lotuz,
esan daiteke bertso on asko entzun ditugula trajedia horietatik abiatuz.
BERTSULARIA
LURRAREN BOZA, Gehitxo esatea izango da esaera zahar honek dioena Jaungoikoaren hitza dela, baina nik ere gauza onerako gehitxo esan dudanez, besterik ez. On dagizuela!
|