Bapatean 2000

 

SARRERA

1. Hitzaurrea
2. Egileak

I. BERTSO-SAIOEN MUGIMENDUA

 

II. ZENBAIT AZALPEN

 

III. TXAPELKETA ETA SARIKETAK

 

IV. BAT-BATEKO BERTSO HAUTATUAK

 

V. BAT-BATEKO SARIKETAK

 

 

Hitzaurrea

 

Ez da errexa izanen hitz neurtu, errimatu eta okurrenteei behar bezalako hitzaurrea hitz lauz egiten, saia nadin adierazten den urtea bezain borobila ez izan arren.

Bertzeak bertze 2000. urtean bapatean kantaturiko bertsoen aukeraketa adierazgarri bat da liburu honetan aurkituko duzuna. Ingurune, toki, erreferentzi, publiko eta egun zehatz; ahots, bertsolari, komunikazio egoera... eta hitzez adierazi ezin daitezkeen bertze aldagai aunitzen menpe dago bapateko bertsoa, bere hartan ulertu nahi bada. Idatzita jartzerakoan xarma gal dezakeela iruditu arren, liburu honetan dago, urteko ekitaldi, gertaera, kotilleo... eta abarren islada. Bertsozalearentzat egundoko mauka, eta interesatu dakiokeenarentzat ikermaterial ugaria.

Milurteko berrian sartzen ginenaren sentsazioarekin hasi genuen urtea, mendearekin batera bukatu omen da. Bertso urteari dagokionez berriz, Euskal Herriko lehen txapelduna (Basarri 1935) eta azken txapelduna (Egaña 1997) eman dituen Zarautz herriak irabazitako Gipuzkoako herriarteko txapelketaren errebantxarekin hasi genuen; Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren ondorenarekin gabonetarako iristeko (tartean urterokoak diren lehiak ere ospatu (eta jokatu) ziren).

Txapelketak bertsogintzaren atal formalena bada ere, ez da ugariena, ez eta garrantzitsuena ere. Erreferentziatzat hartzen badire ere (saio arruntetan gai bezala erabiltzea ohizkoa bihurtu da), bertsolariak, bertso taldea behar du lehenik, bertso otorduak ere ez dira gaizki etortzen, publiko gosetu baten antzinean kantatzeak eta zirkuituan sartzeak egiten du bertsozalea bertsolari. Urteak dira "bertsolari gazte" etiketarekin kuadrila berdintsua dabilela plazaz plaza. Aurtengo bildumari begirada bat botatzea nahikoa da, bertsolari gazte hoiek hain gazte ez direla ohartzeko, eta urteetan zehar lan ixila eginez, ate joka aritu diren bertsolari gazteagoei, naturalki estereotipo horren jabe egiteko aukera eman zaiela ikusteko. Ondorioz orain artean etiketa hori zutenen gehiengoa "elite" delakoa osatzera pasa dira, urte luzetako experientzia dutenak ahantzi gabe eta egungo bertsolari kontsagratuenekin elkartu arren adinaren batazbertzekoa gaztetuz.

Famili arazoak, gaizkiulertuak, bikote harremanak, erlijioa, Euskal Herriko gatazka politikoa, lehen aipatutako txapelketak, bertsolari zaharrak, 2000 efektua, presoak, tabernak, drogak, sexua, pastoralak....Eta horrela jarraitu nezakeen. Bertsotan erabiltzen diren gaiak mugagabeak dira, poxpoloa eta txotxa (palillua) maitemintzen direnaren inguruan bertso saio bat egin dela erratean, nik uste argi gelditzen dela mugagabetasuna. Ia ezinezkoa da kantatu eta kontatzen diren gaiak laburtzea eta sailkatzea: Ia ezinezkoa diot, Bertsozale elkartea, horretan ere saiatzen ari baita. Galtzak bete lan milurteko berrian sartzeko beharrezkoa den dokumentu guztien digitalizazioarekin batera.

Bertso eskolak krisian omen daude, ibilbide luzea egin dutenak batez ere; gure maparen ekihegoaldean oraindik ere zabalkunde garaian egon arren; herri zaharberritu honen aniztasunaren seinale. Bertso eskolak aipatzen hasita, ezin aipatu gabe utzi zoritxarretan zoritxarrena: Ez da urterik onena izan Bertso eskolen aintzindari bezala ezagutu genuen Leintz Gatzagako taldearentzat. Nahiz eta pozak tartekatu, Felix mendigoizale eta bertsozaleari azken agurra kantatu ezinik gelditu da Jon.

Baina buka dezadan hitzaurrea labur (luzea bada ez omen du inork irakurtzen) eta baikortasunez, ipar-ekialdetik (iparralde bezala ezagunagoa) hegomendebaldera sona handiz iritxitako haizeak atsegina sortzen baitu bertsozaleen belarrietan, Xalbador eta Mattin bizi direnaren lasaitasunez.

Bertzerik gabe, on egin!

Estitxu Arozena Albizu