Bapatean 2001

 

SARRERA

1. Hitzaurrea
2. Egileak

3. Utzi gaituztenak

 

I. BERTSO-SAIOEN MUGIMENDUA

 

II. ZENBAIT AZALPEN

 

III. TXAPELKETA ETA SARIKETAK

 

IV. BAT-BATEKO BERTSO HAUTATUAK

 

V. BAT-BATEKO SARIKETAK

 

 

Hitzaurrea

 

      Mende berriko lehen urtean ere, Euskal Herrian mendez mende iraun duen adierazpen kulturalak etorkizun oparoa daukala frogatu da. Bertsoa ate ederretik sartu da XXI mendean, globalizazioaren mendean, kultura kokakolizatuaren mendean, herri eta hizkuntza ttipientzat lekurik eman nahi ez dioten mendean. Bertsoa hor dago, bizirik eta indartsu. Hor dago, ez dagoelako batzuek euskal kultura "tradizionalarekiko" duten sasi-atxikimenduaren eremuaren baitan, ez delako harri zaharren perekan denbora iragan nahi dutenen museoetako paretetan zintzilikatzen, ez delako turistei, xingola gorri eta berdearekin, saltzen zaien folklorismoaren xarean sartzen.

      Bertsoa bizirik eta indartsu dago, eskutartean duzuen bilduma honek eta honekin batera aurten lehen aldikotz agertzen den CD bikoitzak erakusten duten bezala, bizirik dagoen herri baten adierazpena delako, gaur egungo errealitatetik sortzen delako, gaur egungo jendeari mintzo zaiolako eta hitza eta doinua bakarrik elgarri nahasiz, mende honetan ere jendea emozionatzen ahal delako. Hitzaren garrantzia, irudiaren eta irudi birtualaren mendean…

      Bainan, ez ote da gauzak aurkezteko molde hau ere oso folklorikoa? Hain segur. Halere, ukaezina da bertsoa eta honen inguruko giro guzia bitxikeria bat dela Mendebaldeko jendarte honetan eta inork gutik asma dezakeela horrelakorik badenik ere, euskalduna edo euskaldunak ongi ezagutzen dituena ez bada. Nola esplika, abenduko goiz batez, oheko estalgien azpian egoteko gogoa baizik ematen ez zuen hotzarekin, milaka lagun toki berean elkartzea, egun osoa taula gainean oso gutxi mugitzen diren zortzi lagun txandaka kantuz, batzuetan makur, ez beti boz bikainarekin eta musika tresnen laguntzarik gabe entzuteko? Kanpotik begiratzen duenarentzat, bitxikeria handia, dudarik gabe. Bertsoa ezagutzen ez duenarentzat, zaila da zaletasun horren ulertzea.

      Segur da, Europatik haste, ia inork ez dakiela Euskal Herrian bertsolaritzarik badenik ere eta bertsolaritza zer den ere, Euskal Herriaz entzuten eta ikusten dutena beti gauza bera baita eta inori ez zaiolako bururatzen - edo ez duelako nahi - bertze gai batzuk erakuts daitezkeela Euskal Herriaz mintzatzerakoan, bertsolaritza bezala. Alta, 2001eko bapateko bertsoen bilduma hau lekuko, bada zer erakuts sail horretan.

      Txapelketa nagusiak zoragarriki bukatu duen urtea emankorra izan da, bertso pila bat airatu baita Euskal Herriko afarietan, bestetan, ekitaldietan, omenaldietan eta gisa orotako saioetan. Bertsolaritza Euskal Herriko herrialde guzietara hedatzen ari da berriz. Lapurdin osagarri onean dagoela ikusi da eta gaztetxoak entzunez, azken urteetan bertsolari guti sortu duten herrialdeek ere berenak izanen dituztela pentsa daiteke. Gisa guziz, bertsozaletasunak herria batzen duela ikusi dugu bertze behin gehiago eta geroan ere hala izanen delako seinale izan dugu 2001a.


Eneko Bidegain