Bapatean 2003

 

SARRERA

1. Bat-bateko bertsoak idatziz emateko irizpideak

1.1. Sarrera

1.2. Testuari dagozkion irizpideak

1.3. Kokapen irizpideak
1.4. Bertso lanen izenak


2. Egileak

3. Utzi gaituztenak

 

I. BERTSO-SAIOEN MUGIMENDUA

 

II. ZENBAIT AZALPEN

 

III. TXAPELKETA ETA SARIKETAK

 

IV. BAT-BATEKO BERTSO HAUTATUAK

 

V. BAT-BATEKO SARIKETAK

 

 

Bat-bateko bertsoak idatziz emateko irizpideak

 

KOKAPEN IRIZPIDEAK

Saioa noiz eta non izan den eta partaideak zein izan diren argitzeko nahiz bertso sortaren inguruko zenbait argibide emateko dira kokapen irizpideak.

1.- Bertsolarien izen-deiturak:

1.1.- Bertsolaria lehenengo deitura eta izenaren lehen hizkiarekin izendatuko da. Adibidez: A.M. Peñagarikano, S. Colina, J. Maia, J.M. Irazu, U. Iturriaga, A. Mendiluze, M. Mendizabal...

1.2.- Deitura eta izenean lehen hizki bera duten bertsolariak egonez gero, izenaren inizialari bigarren hizkia gehituko zaio. Lehentasuna, lehendik plazan dagoenari emango zaio: bertsolari bat bestea baino askoz berriagoa bada, lehenengoaren izenari hizki bakarrarekin eutsiko zaio, eta bigarrena izango da bi hizki eramango dituena. Adibidez: J. Agirre (<Joxe Agirre), Jn. Agirre (<Jon Agirre), Js. Agirre (<Joseba Agirre). Garai beretsukoak badira bi bertsolariak, biei jarriko zaizkie lehen bi hizkiak. Adibidez: As. Otamendi, An. Otamendi.

1.3.- Ezizena izena baino ezagunagoa den kasuan ezizena erabiliko da. Adibidez: Mañukorta, Txiplas, Loidisaletxe II...

1.4.- Dena den, gomendagarria da argitalpenaren amaieran aurkibide bat gehitzea. Aurkibide honek, ezizen eta inizialak bertsolari bakoitzaren izen-deitura osoekin nahiz beharrezko irizten diren gainontzeko datuekin lotuko ditu.

Bestalde, Bertsozale Elkartea bertsolari, gai-jartzaile eta gainontzeko eragileen autoritate-zerrenda osatzen ari da. Lana amaitzean jarriko da edonork eskuratzeko moduan.


2.- Bertso sorta kokatu egin behar da. Transkribatutako bertsoak bere kontestuan ulertu ahal izateko gomendagarria da ondorengo informazioa ematea: lekua / garaia / gai-emailea (aurkezlea, gai-jartzailea) / gaia / neurria / doinua / bertsoak.

2.1.- Lekua:

Herria, Euskaltzaindiaren izendegi ofizialean onartutako moduan idatziko da. Adibidez: Oiartzun, Durango, Gasteiz, Lesaka, Markina-
Xemein...

Auzoa denean, herriaren izena lehenengo, eta jarraian, parentesi artean auzoa adieraziko da. Adibidez: Bilbo (Santutxu), Ataun (Aia), Mutiloa (Lierni), Azpeitia (Landeta)...

2.2.- Data:

Eguna: uuuu-hh-ee. Adibidez: 2002-10-26

Grabazio zahar batzuetan ez da erraza data zehazten. Horrelakoetan ahalik eta gehien hurbiltzen saiatuko gara. Bertsoak entzuteak infor-
mazio asko ematen du: San Juan jaiak direla, halako langileak greban daudela, urte sasoia...

Adibidez: 1966ko San Pedro jaiak, 1977ko udaberria...

2.3.- Gaia letra biribilez idatziko da, eta irizpideetan adierazi bezala (ikus 0 puntua). Adibidez:

Gaia: Espetxean jaio eta hazi den haurra dugu Jon. Murua haren ama. Mundua ulertzeko zailtasunak ditu semeak eta amari galdezka hasi
zaio.

2.4.- Neurria letra biribilez idatziko da. Zenbait estrofen izena aski finkatua badago ere, beste zenbait izendatzeko eredu bat baino gehiago erabiltzen dira. Finkatzen direnean, irizpide hauetan txertatuko dugu zerrenda osoa.

2.5.- Doinua letra etzanez idatziko da eta Bertso Doinutegian izendatutako moduan. Doinua beste izen batekin ezagunagoa denean, lehena eta bigarrena jarriko dira. Adibidez: Aranora joan ziran I / Sastarretik hasita.

3.- Saioko aurkezlea, gai-emailea eta gai-jartzailea bereizi egingo dira. Aurkezleak, bertso ekitaldi bat inguratzen duten xehetasunen berri ematen du; gai-emaileak, bertsolariei saioan gaiak ematen dizkie; eta gai-jartzaileak, saioaren aurretik gaiak jarri, prestatzen ditu. Funtzio ezberdinak pertsona ezberdinek betetzen badituzte, hala adieraziko da. Bestela, lan denak pertsona berak egin dituela ulertuko da, hau da, gai-emaileak. Guztiak letra biribilez idatziko dira. Adibidez:

Aurkezlea: Mikel Taberna
Gai-jartzailea: Bertsozale Elkarteko gai-jartzaile taldea
Gai-emailea: Bernardo Mandaluniz

Gai-jartzailea: Herriko Bertso Eskola
Gai-emailea: Jon Zaldua

Gai-emailea: Laxaro Azkune

4.- Hona hemen kokapen irizpideez esandakoa biltzen duen adibidea:

DONOSTIA (2001-12-16)

Aurkezlea: Mikel Taberna
Gai-jartzailea: Bertsozale Elkarteko gai-jartzaile taldea
Gai-emailea: Saroi Jauregi

 

A. Mendiluze - M. Lujanbio

Gaia: Zuek nortasun agiri edo identifikazio kartak zarete. Aitor, ENA edo Euskal Nortasun Agiria zara, eta Maialen, Espainiako nortasun agiria. Biok zaudete pertsona beraren karteran. Hiruna bertso, zortziko handian, Aitor hasita.

Neurria: zortziko handia
Doinua: Ludi bizitza abesti gozoz I

A. Mendiluze:
Gaur bi agirik topo egin degu
baina zer demontre da hau?
Bistakoa da: bere buruan
aurretik eginak dirau.
Nahi ez duela heldu zaizkio
hainbat lege hainbat arau.
Zu jarrarazi egin zaituzte
eta ni berak jarri nau.

M. Lujanbio:
Baina bidea nik libre daukat
ta zuk bete-bete trabaz
ni gazteleraz inprimatua
eta zu berriz euskaraz...
Gure jabea beti dabil zu
beste baterako lagaz.
Argazkia ere muituta dezu
izango zuen dardaraz!

A. Mendiluze:
Biak batera zeuzkan ordea
dardara eta zentzuna.
Ni egitea izan da beraz
zurekiko erantzuna.
Nik azaltzen det jabeak duen
berearen maitasuna
zuk bere izena azaltzen dezu
ta nik bere nortasuna.

M. Lujanbio:
Biak patrika berean gaude
biak elkarren hurrean.
Ni zurekin ez baina zu zaude
nerekiko haserrean.
Zu nortasuna omen zerala
diozu modu errean.
Nortasuna ere galtzen du batek
goardia zibilen aurrean!

A. Mendiluze:
Goardia zibilen aurrean nahiz ta
susto bat duen hartua
ni atera nau nahiz eta izan
zuregatik galdetua.
Jarrera horrek ni indartzen nau
ta zeu zera kaltetua.
Indarra dezu baina horrela
kenduko dizut lekua.

M. Lujanbio:
Neri lekua kendu nahiean
al da zure jo ta kea?
Oraindik indar haundia daukat
beharko dezu tartea.
Nere aurpegiak sortarazten du
patxara eta pakea
zure aurpegiak irekitzen du
kalabozoko atea.