|
Epai-arauak
2. Gaiari dagozkion irizpideak
3. Hizkerari dagozkion irizpideak
4. Neurriari dagozkion irizpideak
5. Errimari dagozkion irizpideak
|
EPAILETZA ETA IRIZPIDEAK BAT-BATEKO BERTSOLARITZAN Bertsolaritza bera bezain zaharra da lehiaketa, eta, begi-bistakoa denez, epailetza lehiaketari lotua dago. XIX. mendearen hasieran, Tolosan, Fernando Amezketarra epaile zela egindako desafio haren eta Villabonako plazan lau mila entzule bildu omen zituen beste saio haren zantzuak eta aztarnak dira gureganaino ozenen iritsi direnak. Epaimahaiak bi ezaugarri izan ditu nabarmen, historian zehar: euskara eta euskal kultura ongi ezagutzen zuten BERTSOZALE ESKOLATUEZ osatua egotea. Bertsozale eta eskolatua izateak ematen zuen nahiko bermea txapelketako bertsoak ongi neurtu eta epaitzeko. Eta entrenamendu berezirik gabe, beren kasa lortutako jakintza lagun hartuta, esertzen ziren epaileak mahaian. Laurogeiko hamarkadaren azken aldera kanbiamendu handia gertatu zen. Bertsolaritza, munduaren ezagutza eta kultura-erreferentzien aldetik, kolore bakarreko samarra zen ordura arte, ahozko kulturari soilik itsatsia. Garai horretan, ordea, bertsolaritza modernoaren aroan sartzen gara belaunaldi berri baten bultzadaz, eta aniztasuna irabazten. Kultura idatziaren jabe da orain ahozkoa. Hain zuzen, inflexio puntua hortxe kokatu behar da, 1989 inguru horretan. Eta orduantxe deitzen du Bertsolari Elkarteak (Bertsozale Elkartea, gero) lehenengo kongresua (1), Bat-bateko Bertsoak Epaitzeko Irizpideak eztabaidatu, osatu eta idazteko. Zestoan egin zen kongresu hori 1989ko apirilaren 8an, eta Donostian izan zuen jarraipena, zortzi egun geroago. Belaunaldi zaharra eta berria elkartu ziren, eta hantxe geratu zen lekukoaren eskualdatzea. Oinarrizko puntu guztiak erabakita geratu ziren: orientabide nagusiak, gaiari, hizkerari, metrikari eta abarri zegozkien irizpideak. Aitzinamendu handia izan zen, irizpideak batu eta bertsoak gero eta juxtuago erabakitzeko. Erabakiak ez ziren behin betiko hartu ordea. Aldian aldian berrikusi eta egoera berrietara moldatzen saiatu izan gara. Horrela, 1993ko Txapelketa Nagusiaren ostean, epaile-taldeak (2) lanean jarraitu zuen, eta, 1995ean puntu berriak erantsi eta txosten osatuagoa eskaini zuen. Bertsoaren ulerkeran trebatzeko ikastaroa antolatu zuen EHBEk 1996an. Hortik aurrera hainbat ahalegin egin dira epaimahaiko berriak trebatu eta txapelketa nagusiari nahiz herrialdeetan antolatzen direnei baldintza onenetan aurre egiteko; horren ondorio izan da txapelketa horietako mahaiek izan duten berritzea. Horrekin batera, epaimahaiko guztiek, elkarrekin, entrenamendu edo lanketa praktikoa egin izan dute. Beraz, bertsoak zuzen epaitzeko bermeak bi zutabe izan ditu: prestatutako jendea, eta epaile-kopuru egokia. Zorionez, ahalegin horrek fruitu ona eman du. Azkenik, 2000 urtean berritu egin da txostena. Batez ere testuinguruaren ikuspegitik nabarmendu diren aldaketak jaso nahi izan dira. Horren ondorio da segidan duzuen Bat-bateko Bertsoak Epaitzeko Irizpideak txostena (3).
SARRERA Bat-bateko bertsoak epaitzeko irizpideak ezartzera jo aurretik, badira epaimahaikide bakoitzak barneratuak eduki behar dituen zenbait oinarrizko kontsiderazio, eta, bistakoak direlako-edo, orain arteko araudietan deskribatu edo formalki idatzi ez direnak: 1- Bat-bateko bertsogintza komunikazio ekintza da. Entzuleengan, publikoarengan, eragitea du lehen egitekoa, eta horrek, funtsean, emozioak sortzea dakar: alaitasuna, atsekabea, hunkidura, poza, beldurra, errukia, haserrea, harridura Bi faktorek dute eragina aipatutako ekintzan: kontestuak (4) (inguru-testua eta inguru-egoera) eta testuak. 2- Txapelketetako jardun ereduan gaiak zedarritzen du inguru-testua. Gaia da bertsolaria eta entzulea egoera berera eraman eta kokatuko dituen zubia. Erreala edo fikziozkoa, tenporala edo atenporala izan daiteke, eta horretara egokitu beharko du bertsolariak bat-batean sortzen duen bertsoa, hau da, testua. 3- Horrezaz gain, ordea, herri, garai, gune, giza-alor eta une jakin bateko baldintzetan, eta norbaiten ahotik (nork) kantuz (kantaera) garatzen den komunikazio ekintza da bertsoa. Inguru-egoera deituko diogu, eta eragin nabarmena izan dezake bertsolariak inguru-testuarengan egiten duen interpretazioan, testuan, eta lor dezakeen arrakastan. 4- Epaitzekotan, bat-batean epaitu beharreko ekintza da, ezbairik gabe, bertsoa. Goiko hiru puntuetako baldintzetan garatutako komunikazio ekintza izaki, une berean sortu duen eraginaren baitan dago bertsoaren indarra eta balioa, eta hori da ebaluatu behar dena. 5- Entzule kualifikatua da bertso-epailea, baina entzule hala ere: gainerako entzuleei bezala eragiten dio eta behar dio bertsoak. Eragin hau saihestu gabe, testuari erreparatuko dio bereziki epaileak: garatzen den testu-inguruarekiko egokitasunari, argudiatzeari, hizkerari eta honen zuzentasunari. Laburbilduz, kontestu jakin batean testua, bertsoa, epaitzea da epailearen egitekoa. Noiz eta non esaten den kontuan harturik, bereziki zer eta nola esaten den begiratuko du epaimahaiak. Egiteko hau burutzeko jarrerak eta ahalmenak bereizten du epailea gainerako entzuleengandik, eta horretan laguntzeko dira adostutako irizpide hauek. |