EGILEAK

 

SARRERA

 

I. BERTSOLARITZAREN IZAERA GAUR

1. Bertsolaritzaren kokapena: euskararen komunitatea

2. Bertsolaritzaren tokia euskararen komunitatean

3. Egungo bertsolaritzaren adierazmailak

 

II. BERTSOLARITZAREN OREKA ETA DESAFIOAK. TRADIZIOA IKUSPEGI SORTZAILETIK BIZI NAHIAN

 

III. BAT-BATEKO BERTSOAREN SORKUNTZA PROZESUA

 

IV. MARKO TEORIKO BERRI BAT

1 Bertsolaritzaren kokapena: euskararen komunitatea


Euskararen kulturaren(13) baitan du bere tokia bertsolaritzak. Bertsolaritzara hurbiltzen hasteko, egin dezagun lehenik euskararen komunitatearen datuetara gainbegiratu bat.

Euskararen komunitatea 600.000 hiztun inguruko(14) hizkuntza komunitatea dugu, estatu espainiarreko lau lurralde eta estatu frantziarreko hiru lurraldetan banatua. Guztira lurraldeotako biztanleria hiru milioitik hurbil dabil. Hizkuntza komunitate txikia dugu, beraz, euskararena, eta bere jatorrizko lurraldean minoritarioa.

Bestetik, sakonera historiko handiko komunitatea dugu. Hainbat jakintzatako azken datuek bere jatorri aurreindoeuroparra baieztatzen dutela dirudi, euskara Europako hizkuntza komunitate zaharrenetakotzat joz. Badu bere garrantzia gure hizkuntza komunitatearen ibilbideko gakoetan erreparatzeak: sustraiei eusteko erresistentzia, hainbat garai eta testuingurutara etengabe moldatzeko gaitasuna, oreka zailetan izaerari eutsiz. Gako eta jokamodu hauek badute nolabaiteko lotura bertsolaritzaren oraina eta etorkizuna ulertzeko moduarekin eta, oro har, euskararen garabideak bizitzeko moduarekin.

Halakoxea da, beraz, bertsolaritza aterbetzen duen komunitatea, euskararen komunitatea: komunitate koxkorra, biziraupen eta moldaketan esperientzia deigarri bat duena, garaiotan etorkizunera begira bizi-kinka berezia duena, dagoeneko zenbait lurraldetan hizkuntzaren biziberritzea galtze-zorian daukana eta hizkuntza uniformizaziorako indar berrien desafio zailen aurrean dagoena. Desafio honek, nolanahi ere, bertsolaritzaren mugimenduarentzat zentzu dramatiko eta etsigarria baino gehiago izaera pizgarri eta ludikoa du.