|
I. BERTSOLARITZAREN IZAERA GAUR
II. BERTSOLARITZAREN OREKA ETA DESAFIOAK. TRADIZIOA IKUSPEGI SORTZAILETIK BIZI NAHIAN 1. Hainbat ezaugarri iradokitzaile 2. Zer kantatzen du bertsolariak? 3. Orekak eta erronkak. Zertarako dira sustraiak? 3.1. Norbere tradizioaren balioak aintzatetsi 3.3 Garatzearen arriskua hartu
III. BAT-BATEKO BERTSOAREN SORKUNTZA PROZESUA
|
3.2 Bizi, ez iraun Bertsolaritzaren
mugimenduaren planteamendua ez da masa kulturaren ezaugarri guztiak mespretxagarriak
direla eta bertsolaritzaren ezaugarri idiliko guztiei eutsi behar
zaiela kosta ahala kosta. Ez du irudi hainbeste mendetan iraun duen euskaran
eta bere kulturan jarrera hori dagoenik sakonean. Jarrera horiekin seguru
asko ez bertsolaritza eta ez euskara ere ez lirateke biziko. Bertsolaritzak
gaurkotasunean bizitzeko apustua egin du, gaurko errealitatean eta biharkoan. Posible ote
da, ordea, indarrean dauden joera eta baldintzetan funtzionatzearen
eta nor izatearen arteko balantzari eustea? Non dago moldatzearen eta
nortasunaren arteko oreka puntua? Sekula agortzen
ez den galdera da, sustrai luzedun kultura koxkorrek behintzat etengabe
erantzun beharrekoa. Moldatzearen eta nortasunaren arteko oreka puntuaren
galderak badu erantzun bat bederen: jarrera sortzailea. Oreka zail hori
aurkitzeko bidelaguna, norbere tradizioa maitatzeak eta gaurko errealitatera
zabaltzeak bien artean sortzen duen tentsio sortzailea da. Bertsolaritzari
ere senak hori esaten diola dirudi. Kapitulu honetako 1. atalean aipatzen diren bertsolaritzaren ezaugarriak eta aipatu gabe utzi diren beste batzuk ondare baliotsuak dira. Gaurko bertsolariek eta bertsolaritzaren mugimenduak jaso dute ondare hori; eta jasotzeaz gain garatzea eta gaurkotzea erabaki dute. Garatzeak eta gaurkotzeak, baina, moldatzea eta aldatzea esan nahi du, zentzua eta arrakasta izaten jarrai dezan (ez, ahal dela, zentzurik gabeko arrakasta) egungo kulturbide erdi-arrotz, konplexu eta aldakorretan. |