|
I. BERTSOLARITZAREN IZAERA GAUR
II. BERTSOLARITZAREN OREKA ETA DESAFIOAK. TRADIZIOA IKUSPEGI SORTZAILETIK BIZI NAHIAN 1. Hainbat ezaugarri iradokitzaile 2. Zer kantatzen du bertsolariak? 3. Orekak eta erronkak. Zertarako dira sustraiak? 4.1. Autokonfiantzazko jarrera 4.3. Antolakuntza autoeratua: Bertsozale Elkartea
III. BAT-BATEKO BERTSOAREN SORKUNTZA PROZESUA
|
4.1 Autokonfiantzazko jarrera Norberarenganako konfiantza beharrezko jarrera da inprobisatzaile, repentista edo bertsolariarentzat. Bizitzaren aurreko jarrera baten metaforatzat ere har daiteke repentismoa, inprobisazioa; merezi luke gai hori jorratzeak, baina ur sakon horietan sartzea ez da liburu honetako zeregina. Bertsolariak bertsoak sortzen ditu, inprobisatu egiten du. Baina beste maila batean bertsolaritzaren mugimendua ere nolabait inprobisatzen ari da, masa-kulturaren desafioen aurrean kultur-ondare honen bideak asmatzen dihardu. Bide hori inprobisatzailearen autokonfiantza berarekin egin beharrekoa da, eta egin ere hala egin da orain arte, neurri batean. Maila ezberdinetan agertzen da bertsolaritzaren mugimenduaren konfiantza hau. Balio beza horren erakusgarri Dezima eta Bertso Inprobisatuaren Iberoamerikako IV. Jaialdi-Jardunaldietan euskal bertsolaritzaren ordezkariak aurkeztu zuen testuaren zati honek, bertsolaritzak behar dituen autokonfiantza mailak aipatuz:
Kanpoko erreferentziarik gabe, ipartzat hartzeko moduko bide-erakuslerik ezean eta inorekin homologatu ezinik, asmatu beharreko bidean aurrera joateko konfiantza:
Ahozkotasunaren hipertrofia eta idatzizko ekoizpenaren parean erdipurdiko izatea egozten diguten intelektual eta literatur munduko ahotsen aurreko autokonfiantza. Inguruko kultura indartsuekin konparatuz ahozkotasunaren garapen ezohiko eta anormala (ingurukoen normara makurtzen ez dena) izanagatik, besteren kanon eta orekak kopiatu beharrik ez daukagula ohartzen baikara, haiek hedapen gaitasunari dagokionez gu baino kultura indartsuagoak izan arren. Azken finean, pertsona eta sortzaile bezala balio diguna estimatzen duen konfiantzazko jarrera, ondaretzat jaso dugun adierazpen honetan sumatzen ditugun balioei gozamenez eutsiz. Geure apustuek (telebistak, teknologia berriek, formatu berriek ) ekartzen dituzten arrisku eta distortsioen aurreko autokofiantza. Arrisku horiek gainean hartuz ere aurrera egin dezakegula pentsarazten digun konfiantza, garbi edukiz helburua ez dela eustea, sortzea baizik, ez dela irautea, bizitzea baizik. Sortuz eta biziz soilik hartzen du bere zentzua gure tradizioak. |