EGILEAK

 

SARRERA

 

I. BERTSOLARITZAREN IZAERA GAUR

 

II. BERTSOLARITZAREN OREKA ETA DESAFIOAK. TRADIZIOA IKUSPEGI SORTZAILETIK BIZI NAHIAN

1. Hainbat ezaugarri iradokitzaile

1.1. Serieko erreprodukziorik eza

1.2. Entzulearen esku-hartzea eta feedbackaren ezinbesteko garrantzia

1.3. Zuzenekotasuna, kalekotasuna, taldekotasuna

1.4. Publikoaren izaera integratua

1.5. Bertsolariaren eskuragarritasuna. Izaera ekonomiko apala eta autoerregulatua

2. Zer kantatzen du bertsolariak?

3. Orekak eta erronkak. Zertarako dira sustraiak?

4. Garapenaren lau gako

 

III. BAT-BATEKO BERTSOAREN SORKUNTZA PROZESUA

 

IV. MARKO TEORIKO BERRI BAT

1.1 Serieko erreprodukziorik eza

Ekoizpen eta merkatu modernoaren oinarrietako bat serieko erreprodukzioa da. Lehenago bakarrak eta errepikaezinak ziren ekoizpenak (etxean egindako jantzi bat, postre bat), orain serieko ekoizpenak dira gehienbat. Serieko erreprodukzioa nonahi ageri da gaur egun: txokolatezko natilletan, disketeetan nahiz galtzetan. Kultura deitzen dugun kontsumoaren zati handi bat ere horrelako erreprodukzioek osatzen dute. Ohikoenetatik hasi (liburu, disko, bideo, film) eta komunikazioaren teknologiarik berrienari esker hedatzen direnetaraino, oinarrian erreprodukzioa dago, oso urruti, beste une eta inguru batean sortutako zerbaiten erreprodukzioa (gero eta maila global eta mugagabeagoan).

Bestelakoak dira jendearen aurrean zuzenean gertatzen diren kultur adierazpenak. Adierazpen hauetan ere, gehienetan erreprodukzio maila aipagarria dago. Zuzenean emandako kanta bat ez da sekula aurreko aldikotik berdin-berdina, baina kanta bera da, beste noizbait sortutako ekoizpen baten hainbatgarren erreprodukzioa. Eta gauza bera antzerki eta bestelako kultur-adierazpenetan.

Bertsolaritza da –eta honetan datza bere ekarpena eta bere muga ere- inolako serieko erreprodukziotan oinarritzen ez diren jendaurreko kultur-adierazpen gutxietako bat. Bertso-saio bat horixe baita bereziki, lehenago ad-hoc ekoiztutako ezer ere ez erreproduzitzea. Bere muina bat-batekotasuna da, gunean guneko eta unean uneko originaltasun erradikala. Bertsolarien sorkuntza errepikaezina da: une iragankor batean sortzeko gaitasunak ematen dio zentzua bertsoari. Iragankortasun atzeraezinezko horretan, bat-batean ari denaren amildegi txiki horretan du zentzua bertsoak, hor sortzen dira bai lastoaren arruntasuna eta bai alearen miraria.