|
I. BERTSOLARITZAREN IZAERA GAUR
II. BERTSOLARITZAREN OREKA ETA DESAFIOAK. TRADIZIOA IKUSPEGI SORTZAILETIK BIZI NAHIAN 1. Hainbat ezaugarri iradokitzaile 1.1. Serieko erreprodukziorik eza 1.2. Entzulearen esku-hartzea eta feedbackaren ezinbesteko garrantzia 1.3. Zuzenekotasuna, kalekotasuna, taldekotasuna 1.4. Publikoaren izaera integratua 1.5. Bertsolariaren eskuragarritasuna. Izaera ekonomiko apala eta autoerregulatua 2. Zer kantatzen du bertsolariak? 3. Orekak eta erronkak. Zertarako dira sustraiak?
III. BAT-BATEKO BERTSOAREN SORKUNTZA PROZESUA
|
1.2 Entzulearen esku-hartzea eta feedbackaren ezinbesteko garrantzia Bertsolaritzaren adierazmaila ezberdinak bereiztu ditugu I. kapituluan: jendaurreko ikusgarria, talde-jarduera ludikoa, eskolako jarduna eta hedabideetakoa. Erreza da talde-jarduera ludikoa eta eskolakoa partehartzaileak direla sumatzea. Baina garrantzitsua da jendaurreko ikuskizunetako jardunak ere izaera partehartzaile berezia duela azpimarratzea. Bertso-saioetan entzuleriaren erantzunak, edo erantzun horretaz igorleak jasotzen duen berrelikadura edo feedback delakoak leku garrantzitsua du. Ikusgarri publiko guztietan da komenigarria erantzuna edo feedbacka. Ikusgarria bat-batekotasunean oinarritzen denean, ordea, une-gune horretako errepikaezintasunean, sortzaile eta entzulearen artean gertatzen denak garrantzi berezia hartzen du. Bertsogintzan ikusle eta entzulearen erreakzioak, begiak, txaloak, barreak, isiltasunak sortzailearentzat lehentasunezko inputak dira. Ekoizpenaren muinean bertan eragiten dute, hau inprobisatua eta une-gunean gertatzen denari atxikia baita. Jendaurreko bertso-emanaldietan entzuleak saioaren emaitzan duen eskuartzea berezia da: sorkuntzaren garapenean entzulearen erantzunak eragin nabarmena du, errokoa. Azken batean, ingurunea sorkuntzarako oinarrizko osagaia da bertso-saioetan.
|