|
I. BERTSOLARITZAREN IZAERA GAUR
II. BERTSOLARITZAREN OREKA ETA DESAFIOAK. TRADIZIOA IKUSPEGI SORTZAILETIK BIZI NAHIAN 1. Hainbat ezaugarri iradokitzaile 1.1. Serieko erreprodukziorik eza 1.2. Entzulearen esku-hartzea eta feedbackaren ezinbesteko garrantzia 1.3. Zuzenekotasuna, kalekotasuna, taldekotasuna 1.4. Publikoaren izaera integratua 1.5. Bertsolariaren eskuragarritasuna. Izaera ekonomiko apala eta autoerregulatua 2. Zer kantatzen du bertsolariak? 3. Orekak eta erronkak. Zertarako dira sustraiak?
III. BAT-BATEKO BERTSOAREN SORKUNTZA PROZESUA
|
1.3 Zuzenekotasuna, kalekotasuna, taldekotasuna Bertsolaritzak,
beste hainbat adierazpenek bezalatsu, batez ere zuzenean dihardu, entzulea
ekintza publiko batean biltzera eta esku-hartzera bultzatuz. Gure garaiotako
masen kulturan kulturaren zati handi bat bakarka eta pribatuan kontsumitzen
da, norbere etxean. Kultura deitzen dugun horren adierazpen gehienak,
liburuak, diskoak, bideoak, web orrialdeak
horrela jasotzen ditugu.
Teknologia berriak interkomunikaziorako eta norabide bakarreko fluxuen
eraginak gainditzeko bide berriak urratzen ari badira ere, aitortu beharrekoa
da egungo mendebaldeko hiritarrak kontsumitzen dituen ekoizpen gehien-gehienak
diferituan, bakarka eta parte hartzeko nahiz elkar ekintzarako aukera
gutxirekin kontsumitzen dituela. Musika, antzerki
eta hainbat arte emankizunekin batera bertsolaritzak jendea kalera
ateratzen du. Bertso-saio batera joatea entzulearentzat zera da: Etxetik herriren
bateko plaza, pilotaleku, antzoki edo toki publikoren batera ateratzea.
Neurri batean interaktiboki inprobisazioaren garapenean partaide izatea,
gainerako entzuleekin gertakizun publiko batean esku hartzen aritzearen
sentsazioa konpartituz nolabait. Taldearen partehartzea oraindik nabarmenagoa
da otordu osteko saioetan, bertso-afari edo bertso-bazkarietan. Kalekotasun, zuzenekotasun eta taldekotasun hau berezkoa du bertsolaritzak, hor sortzen da sortzaileen eta entzuleriaren arteko konplizitatea, bat-bateko bertso-sorkuntzarako ezinbesteko orea.
|