|
I. BERTSOLARITZAREN IZAERA GAUR
II. BERTSOLARITZAREN OREKA ETA DESAFIOAK. TRADIZIOA IKUSPEGI SORTZAILETIK BIZI NAHIAN 1. Hainbat ezaugarri iradokitzaile 1.1. Serieko erreprodukziorik eza 1.2. Entzulearen esku-hartzea eta feedbackaren ezinbesteko garrantzia 1.3. Zuzenekotasuna, kalekotasuna, taldekotasuna 1.4. Publikoaren izaera integratua 1.5. Bertsolariaren eskuragarritasuna. Izaera ekonomiko apala eta autoerregulatua 2. Zer kantatzen du bertsolariak? 3. Orekak eta erronkak. Zertarako dira sustraiak?
III. BAT-BATEKO BERTSOAREN SORKUNTZA PROZESUA
|
1.4 Publikoaren izaera integratua Bertsolaritzaren
publikoa ez da belaunaldi tarte jakin bat edo euskaldun mota berezi bat.
Neurri batean euskal komunitatearen heterogeneotasuna zeharkatzen du,
adin, kultur maila, lanbide eta joera ezberdineko euskaldunen abaniko
zabal xamarra alegia, bai saioen behaketak eta bai egindako azterketa
soziologikoek erakusten dutenez. Entzuleriaren
aniztasuna ez da ohikoa egungo kultur kontsumoan. Gizartea segmentatzeko
joera du egungo kultur sorkuntzak: gazteentzako musika egiten duen talde
baten kontsumitzailea, folk talde batena edo operarena nahiko soslai definitukoak
izaten dira oro har, eta bata bestearengandik ondo bereiztuak. Orokorrean,
kultur adierazpen bakoitzak, askotan talde eta artista bakoitzak, neurri
handi batean publiko perfil jakin bat izan ohi du. Honek ez du esan nahi
horietan denetan abaniko zabalagoetarako lekurik ez dagoenik, baina batez
beste publiko multzorik sendoenak soslai jakinekoak izaten dira. Bada
tartean bai adinari dagokionez eta bai gizarte mailari dagokionez ere
esparru oso zabalak harrapatzen dituen adierazpen kultural zeharkatzailerik,
zinema esaterako. Bertsolaritzari dagokionez nagusiki baserri giroko adierazpen izatetik gizarte industrial edo post-industrialean garatzera iragan da. Etapa berri honetan, hala ere, nolabait komunitateari kantatzearen zentzutik zerbait gordetzen duela dirudi. Ez dago hainbesteko banaketarik adinari eta perfil sozialei dagokionez, ez behintzat bestelako hainbat emanaldi eta kontsumo kulturaletan den bezalakorik. Bertsolarien hainbat emanalditan publikoaren osaketak nolabaiteko komunitate zentzu bat iradokitzen du, adin eta izaera guztietako jendea biltzen duen herri-jaien elkarretaratze sinbolikoaren zentzu zaharraren (eta berrituaren) baitan. Hala ere, aspektu hau aldatu egiten da leku batetik bestera eta kontu honi ñabardurak egin behar litzaizkioke hainbat aldetatik, izan ere, aldaketa-garaian eta joera ezberdin askoren arteko tentsioan bizi den gizartea baita gurea. Nola nahi, esan liteke neurri batean bizirik dirauen ezaugarria dela bertsolaritzan.
|