|
I. BERTSOLARITZAREN IZAERA GAUR
II. BERTSOLARITZAREN OREKA ETA DESAFIOAK. TRADIZIOA IKUSPEGI SORTZAILETIK BIZI NAHIAN 1. Hainbat ezaugarri iradokitzaile 1.1. Serieko erreprodukziorik eza 1.2. Entzulearen esku-hartzea eta feedbackaren ezinbesteko garrantzia 1.3. Zuzenekotasuna, kalekotasuna, taldekotasuna 1.4. Publikoaren izaera integratua 1.5. Bertsolariaren eskuragarritasuna. Izaera ekonomiko apala eta autoerregulatua 2. Zer kantatzen du bertsolariak? 3. Orekak eta erronkak. Zertarako dira sustraiak?
III. BAT-BATEKO BERTSOAREN SORKUNTZA PROZESUA
|
1.5 Bertsolariaren eskuragarritasuna. Izaera ekonomiko apala eta autoerregulatua Bertsolaritzan
sortzailea, artista, batez beste pertsona arrunta da, bere bertso-jarduna
jasotzen duen inguru sozial berekoa: ez du estatus sozial edo ekonomiko
berezirik, ez da bere berezko ingurunetik ez fisikoki ez sinbolikoki ez
ekonomikoki urruntzen. Une honetako bertsolaritzaren gailurra, bi irakaslek,
hiru ikaslek, elektrikari batek, kazetari batek, komertzial batek, unibertsitateko
irakasle batek, baserritar batek eta (ikasleak salbu) irabazi nagusiak
bertso emanaldietatik ateratzen dituen bakarren batek edo bestek osatzen
dute. Ekonomikoki jarduera apala da bertsolariena, eskaintza-eskari jokoa
kanpoko esku-hartzerik gabe doitzen duena eta, beraz, eragile komertzial
edo babes publikoarekiko menpekotasunik gabea. Bestalde, eta ondorioz, bertsolaria eskuragarria da, bai ekonomikoki eta baita hurbiltze pertsonalerako ere. Adibide bat ematearren, itzalik handieneko bertsolariak Euskal Herriko idazle edo musikaririk onenaren sona beretsua du euskal komunitatean baina, bestetik, erabat eskura du nornahik zuzenean etxera deitze hutsarekin bere ezkontzan kanta dezan eskatzeko, dirurik ez dutelako doako saio bat proposatzeko edo gastu truke eramateko ikastola, herri-elkarte, mugimendu eta abarren aldeko emanaldietara. Disponibilitate edo beti eskura egote hau oraingo bertsolariek ohitura edo ia berezko jarrera moduan jaso dute. Horrek dakar, besteak beste, zenbaitzuen urteko saio kopurua izugarria izatea (badira urtean 150-200 aldiz jendaurrera ateratzen direnak). Martxa horrek figura bitxi bihurtzen du bertsolaria, alde batetik izar mediatikoa da eta bestetik nonahi ia lagunartekoa. |