EGILEAK

 

SARRERA

 

I. BERTSOLARITZAREN IZAERA GAUR

 

II. BERTSOLARITZAREN OREKA ETA DESAFIOAK. TRADIZIOA IKUSPEGI SORTZAILETIK BIZI NAHIAN

1. Hainbat ezaugarri iradokitzaile

2. Zer kantatzen du bertsolariak?

3. Orekak eta erronkak. Zertarako dira sustraiak?

4. Garapenaren lau gako

 

III. BAT-BATEKO BERTSOAREN SORKUNTZA PROZESUA

 

IV. MARKO TEORIKO BERRI BAT

2 Zer kantatzen du bertsolariak?

Gurea bezalako gizarte batean bertsolaritzak sorrarazten duen erantzun sozialaren gakoetako bat entzuleria heterogeneo eta berriarengana iristen diren edukiak kantatzea da. Entzule nagusiki hiritarra, gazteria unibertsitarioa, jende bidaiatzailea… Entzuleria zabal eta aldakorra. Zer kantatzen du bertsolariak gaurko entzulearengana nolabaiteko arrakastaz iristeko?

Bertsolariak gizarte-bizitzako alderdi orori buruz kantatzen du printzipioz. Horixe da oraingo bertsolaritzaren gako garrantzitsuenetako bat: bizitza kantatzen duela. Ez bakarrik gai bezala printzipioz arlorik baztertzen ez duelako, baizik eta espresuki saiatzen delako bizitzaren arlo oro aipagarri bilakatzen, edozeri buruz inprobisatzen.

Jakina, bizitzaren alderdi askok ihes egiten diote: garai bakoitzean interesgarri ez diren gaiak edo gizarteak inkontzienteki tabu dituenak bertsolariak ere hala ditu. Baina, nolabait esateko, sukaldeko mahaian, tabernan edo irratiko berriketaldietan aipatzen diren gai guztiek izan dezakete lekua bertso-saioetan. Gehiago ere bai, ohiko beste zirkulutan asko jorratzen ez diren gaiek ere badute lekua bertsolaritzan, azken urteotan gai-jartzaileen aldetik gai eta ikuspegi berriak bilatzeko dagoen kezka eta gogoagatik.

Ondoren aurkezten den zerrendan, 1997ko abenduaren 14an Donostiako Belodromoan 8 bertsolari finalistek kantatu behar izan zuten gaien laburpena egiten da, gaiak ematerakoan dituen gainerako azalpenetatik soildurik:

Alkoholaren inguruko gizarte-ohiturak
Erakundez Kanpoko Elkarteak eta garapen bideak
Ezkonkide edo bikoteak eta lan banaketa
Euskal Unibertsitatea eta bere arazoak
Ama-alaben harremana parrandei buruz
Kubako egonaldi osteko harremanak
Aita-semeen arteko harremanak
Rock taldea Alkatearekin disputan
Antimilitarismoa
Espazioko aeronautika
Sukaldaritza biologikoa
Misiolariaren bizipenak
Herri txikiak eta eskola kontzentrazioa
Aita-alaben harremana gutun baten gainean
Inmigrazioa eta euskal kultura
Himalaismoa
Erretiroa eta denbora librea
Euskal Herria eta Irlandako gatazka politikoa
Gabonetako errepresentazioa
Lesbiana arteko harremanak
Kaleko komun mugikorra
Hil berria eta San Pedroren arteko harremana
Fimosis ebakuntza
Zirkua eta istripua
Artzaintza
35 orduko lan astea
Minbizia eta sendabidea
Modeloa eta loditasuna
Gerrako memoria
Karterista eta ustelkeria

Egun horretan jarri ziren hitz gakoak:

Sukaldea
Etsipena
Gutuna
Erratza
Mende aldaketa
Kartzela
Burua
Gabonak eta kontsumismoa
Astelehena
Basoa
Euroa
Ilargia
Ordenagailua
Guggenheim
Bakardadea
Kalea
Pilotaria
Izerdia
Leihoa
Burgosko epaiketaren urte muga
Fedea
Gorbata
Giltza

Komunikazio zirkuitu alternatibo gisako bat da bertsolaritza, nazio, estatu, eskualde, herri edo mundu mailako aktualitateari hausnarraldia ematen dion eremu bat, poetikoki batzuetan, ironikoki edo umorearen bila besteetan.

Hausnarraldi hitza ez dago gaizki hautatua, iradokitzailea da. Hausnartzea zera da bere lehen zentzuan: murtxikatu gabe irentsitako belarra urdailetik berriz ahora ekartzen du behiak, eta han lasaiki murtxikatzen du bere ahoko zukuekin ondo nahastuz ostera irensteko. Gaur egun mendebaldeko hiritarrak hedabide masiboetatik berebiziko informazio kopurua irensten du, eta gizaki (post)modernoaren ezaugarrietako bat informazio interesatu hori guztia digeritzeko ezintasuna da. Informazio horren zati bat umore tonuan edo klabe pertsonal nahiz poetikoan hausnartzeko aukera txiki bat eskaintzen du bertsolaritzak, jarduera artistiko partehartzaile kolektibo baten bidez.

Zalantzan jar liteke gaurkotasunezko gai bati edo galdera unibertsal bati bertsolariaren inprobisazioak nolako ekarpena egin liezaiokeen. Eskasa dela argudia daiteke, ekarpen intelektualak gaur egun azterketa zientifiko serioak eta lan literario mamitsuak eskatzen dituela. Bada, beste muturrean, inprobisazioan berebiziko ekarpen bereziak ikusten dituenik ere. Edonola ere, bertsolariak jolastu egiten du, inprobisazio poetiko eta ludikoaren bitartez eskuartean duen informazio multzoa nahasten du, gozatu egiten du, eta asmatzen duenean, gozarazi ere bai.

Bertsolariaren ekarpena, ekarpenik badu, horixe da hain zuzen, nahastu egiten duela, mailak nahasten dituela: aktualitateko gai sozialak, politikoak, sexualak, entzuleriari egiten dizkion erreferentziekin, guztia aipamen pertsonalez zipriztindurik eta bat-batean ari diren kideen mezuekin lehian. Nahasketa horretan (ardien klonazioaren aipamena aurkezlearen belarriekin, ETAren suetena bertso-kidearen sentipenekin…) funtzionatzen du inprobisazioaren originaltasunak, eta hortxe sortzen dira, tarteka, ale gogoangarriak ere.

Informazio sozial eta pertsonalari hausnarraldi kantatua ematen dion eremu horretan bertsolariak komunikatzaile eta poetaren arteko papera betetzen du, liderraren eta bufoiaren artekoa, egunkariko zutabegilearen eta marrazkilari satirikoaren artekoa, aldi berean ingurune sozial horretako partaide arrunt bat izanda. Bertso emanaldi kopuruaren (I.3.1) atalean aipatzen denez urteko 1000tik gorakoa), entzule kopuruaren eta komunikazio mota honek berekin duen konplizitatearen ondorioz, bertsolaria nolabaiteko iritzi-erreferentzia bat dela esan daiteke euskal hiztunen komunitatean.