EGILEAK

 

SARRERA

 

I. BERTSOLARITZAREN IZAERA GAUR

 

II. BERTSOLARITZAREN OREKA ETA DESAFIOAK. TRADIZIOA IKUSPEGI SORTZAILETIK BIZI NAHIAN

1. Hainbat ezaugarri iradokitzaile

2. Zer kantatzen du bertsolariak?

3. Orekak eta erronkak. Zertarako dira sustraiak?

3.1. Norbere tradizioaren balioak aintzatetsi

3.2. Bizi, ez iraun

3.3. Garatzearen arriskua hartu

4. Garapenaren lau gako

 

III. BAT-BATEKO BERTSOAREN SORKUNTZA PROZESUA

 

IV. MARKO TEORIKO BERRI BAT

3.1 Norbere tradizioaren balioak aintzatetsi

Kapitulu honetako I. atalean aipatu ditugu bertsolaritzaren hainbat ezaugarri iradokitzaile:

Serieko erreprodukziorik eza

Entzulearen partehartzea

Feedbackaren erabateko garrantzia

Publikoaren izaera integratua, zentzu kolektibo eta zuzena

Bertsolariaren eskuragarritasuna

Ezaugarri hauek baliotsuak izan daitezke, eta hala dira adierazpen kultural honen protagonistentzat. Bertsolaritzari lotutako balioak dira, balio xumeak beharbada. Noizbait masa-kulturak berreskuratu nahiko dituenak agian. Ala ez. Zernahi gisaz, balore horiek gure gizarteak kulturatzat duen giza-jarduera multzoak izan behar lukeenera hurbiltzen ote diren galdetzen dio bere buruari bertsolaritzaren mugimenduak, kulturak izan beharko lukeenari ekarpenik egiten ote dioten, alegia.

Masa-kulturaren ikuspegi kritikoak adierazten digu ikuskizun-merkatu erraldoiak abiadura handian mugitzeko gai diren merkantziak bakarrik onartzen dituela, zentzurik edo edukirik ez badute ere. Kritika honen kontzeptuez baliatuz, bertsolaritza ziztu handian ibiltzeko gai ez izan arren, zentzurik ba ote duen galdetzen du bertsolaritzaren mugimenduak, edo edukirik transmititzen ote duen.

Esan daiteke, galderaren erantzuna baiezkoa izanik, bertsolaritzaren mugimenduak abiadura biziagoa ematea erabaki duela, egungo kulturbideetan bizi dadin. Ez, hala ere, oraingo merkantzia arrakastatsu eta iragankorren ohiko abiadura azkarra, baina bai bertsolaritzaren mugimendua ausartzen den adinako abiadura. Funtsean, bizitzeko adinakoa. Bizi, hori bai, asko kritikatu arren bere baitan gauzkan eta partaide gaituen gizarte eta espektakulu-merkatu honetan.