|
I. BERTSOLARITZAREN IZAERA GAUR
II. BERTSOLARITZAREN OREKA ETA DESAFIOAK. TRADIZIOA IKUSPEGI SORTZAILETIK BIZI NAHIAN
III. BAT-BATEKO BERTSOAREN SORKUNTZA PROZESUA 2. Bat-bateko bertsoa osatzeko estrategia nagusia 3. Temako jarduna, bertsolaritzaren sustrai
|
Bat-bateko
bertsoa, izenak berak ere hala dio, bat-batean sortzen da. Inprobisazioa
daitekeena da Euskal Herrian eta hain zuzen ere bertsolaritzaren
eraginez horrelakorik ez gertatzea, ez dago beti ongi ikusia egungo
gizartean. Bat-batean ari dena, aldez aurretik ezer planifikatu eta taxutzeko
gaitasunik izan ez duelako ari liteke bat-batean. Horrelakoetan, bat-batean
aritzea azken orduko irtenbide baino ez da, eta bat-batekoaren emaitza
beti izango da eskasa eta iragankorra. Hori da, beharbada, bat-batekotasunari
buruzko ikuspegirik hedatuena. Inprobisatzearen
alde ona ere aipatzen da ordea askotan. Bat-batean honako edo halako jokaldi
sumatu duen futbolaria edo edozein arazoren aurrean bat-batean konponbidea
asmatzen jakin duen teknikaria, pertsona talentudun, argi eta injeniotsutzat
hartua izango da. Bertsolarien
kasuan bat-batekotasunak ez du zerikusirik aldez aurretik zerbait taxutzeko
gaitasun faltarekin eta pertsona bereziki talentudun eta argia izatearekin
ere ez. Bertsolariarentzat bat-batean aritzea bere sentimenduak eta ideiak
azaltzeko era bat da. Eta era hori aspalditik datorren kultur ondarearen
zati gisara jaso du gaztetxotatik. Bertsolariarentzat bat-batean jardutea,
bere buruarekin eta inguruarekin duen harremana ulertzeko modua da; joko-arauak
dituen modu jolastia. Bat-bateko
bertsoak badu magia itxurarik baina ez da magia. Entzuleak adi egongo
dira bertsolariak kapelatik untxi txuria noiz aterako. Baina badakite
kapelak ez duela ezkutuko atalik; gehienez ere bertsolariaren arrazoiketarako
eta kanturako gaitasuna. Bertsoak bat-batean botatzen dituenak ez du erabiliko
inolako tranpa edo trukurik. Ez da injenio izugarri baten edo talentu
neurriz gaineko baten emaitza ere. Paradoxa
badirudi ere, bat-batean aritzea oso ongi planifikaturiko ekintza da bertsolariaren
kasuan. Aldez aurretik trebatu da une jakin batean sor daitezkeen antzeko
egoeren aurrean bat-bateko erantzun bat emateko. Bat-bateko bertsogintzaren
arauak bereganatu ditu oso (doinuak, errimak, neurriak
) eta bereganatze
horren ondorioz zenbait arau galera eta zailtasun gertatu beharrean, askeago
sortu ahal izateko erabiliko ditu. Ohitu da inguruko orori begia eta belarria
itsasten, ikusia eta entzuna buruan gorde eta buruan ordenatzen, bat-batean
aritu behar duen unean baliagarri gerta dakion. Azken batean,
bertsolariarena, pilatze eta hornitze lana da lehenik eta behin. Almazena
bete eta ordenatu egin beharko du, unerik egokienean erakusleiho txukun
eta erakargarria atondu ahal izateko. Jakineko kontua da erabat bat-batekorik
ez dela. Hutsetik abiaturiko berbaldirik nekez osatuko du inork. Orduan
zertan datza bat-bateko bertsogintzaren erakargarritasuna? Gainerako arte-ekimenetan
ez bezala, bat-bateko bertsogintzan aldi berean egiten da sortu eta sormenaren
emaitza erakutsi. Bertsolaria sortuz doan ahala ari da entzulea sormenaren
emaitza jasotzen. Hartara, igortzailea eta jasotzailearen arteko harremana
askoz ere estuagoa da. Duela zenbait urte itsasoaren beste aldetik azken orduko hitzak iristen hasi eta purian jarri zirelarik, performance hitzak harritu gintuen, zerbait berri, handi, bitxi, harrigarrietan harrigarriena zelakoan. Halako batean, ordea, hitz dotore horrek adierazten duena bat-bateko bertsolariek betidanik egin izan dutena baino ez zela jabetu ginen.
|