EGILEAK

 

SARRERA

 

I. BERTSOLARITZAREN IZAERA GAUR

 

II. BERTSOLARITZAREN OREKA ETA DESAFIOAK. TRADIZIOA IKUSPEGI SORTZAILETIK BIZI NAHIAN

 

III. BAT-BATEKO BERTSOAREN SORKUNTZA PROZESUA

1. Formari dagozkionak

2. Bat-bateko bertsoa osatzeko estrategia nagusia

3. Temako jarduna, bertsolaritzaren sustrai

3.1. Temako saioetarako estrategia nagusiak

3.2. Bigarren adibidea: "Langilea eta etxekoandrea"

3.3. Hirugarren adibidea: "Energia eolikoari buruzko eztabaida"

3.4. Gairik jarri gabeko binakako saioak

 

IV. MARKO TEORIKO BERRI BAT

3.1 Temako saioetarako estrategia nagusiak

Ez da samurra aldi berean defenditu eta eraso behar hori. Norberak arrazoitu eta aurkariaren arrazoiari aldi berean erantzutea oso da zaila. Hiru joera daudela esango genuke:

A | Aurkaria kantuan ari dela arrazoi bat pentsatu eta huraxe bota aurkariaren arrazoia dena dela ere.

B | Aurkariaren bertsoa osorik entzun eta gero oso segundo gutxitan hari erantzuna prestatu eta bota.

C | Arrazoi bat pentsatu aurkaria kantuan ari delarik, honen arrazoia entzun eta bertso bakarrean nahasi, hasieran erantzuna eta bukaeran lehen pentsatutakoa.

A. bertso motak badu alderdi makur bat: eztabaida ez da behar bezala txirikordatzen. Beti bakoitzak nahi duen huraxe esaten badu, aurkariaren arrazoia inoiz aintzat hartzen ez bada, elkarri nola edo hala jositako adabaki mordo baten itxura mordoiloa hartuko du bertso saioak. Ez du soinekoaren tankerarik ere izango. Eta bertsogintzan teman aritzea azken batean elkarlana osatzea da, itxura oso bestelakoa badu ere. Nekez egingo du teman saio ona batek, besteak oso gaizki jarduten badu.

Bertso mota honek duen abantaila da bertsolari bakoitzak bere arrazoiak argi eta garbi azaltzeko aukera izango duela behinik behin.

B. bertso motak duen alderdirik makurrena denbora urritasunetik datorkio. Bukaerari bukaerarekin erantzuteko txaloen tartea baino ez du bertsolariak. Gainera aurkariaren arrazoia ahula edo zentzurik gabea bada, erantzuteko adina ere ez badu ematen, bertsolariak bere arrazoia korrika eta presaka bilatu beharko du. Eta sakonean, beti erantzuten ari den bertsolariak bere ideia gutxi atera ahal izango ditu eztabaidara. Eztabaidak beti aurkariak aukeraturiko bidetik egingo du aurrera.

Halere, askotan gertatzen dena da bertsolariak aurkaria kantuan ari dela bertso bat pentsatu izan arren aurkariaren bertsoari erantzutea erabakitzea, nahiz eta bertso horrek ez duen izango segur aski (denbora-tarte urriagoan egina delako) lehen pentsatuaren distira mailarik. Baina distiran galtzen duena bat-batekotasunean irabazten du. Bertsolari ezagun bat kexu zen sarritan tema-lagun izaten zuen beste bertsolari baten joeraz. Bertsolari honek beti espero ez zitezkeen arrazoi moduak plazaratzen zituen, bitxiak, bereziak, parera etorri edo ez. Bertsolari ezagunaren hitzetan “horrekin ari naizela sei bertso pentsatu behar izaten dizkiat hiru botatzeko!”. Halaxe da: hiru bertso aurkaria kantuan ari zela pentsatzen zituenak. Eta beste hiru lehengo hiruak albora utzi eta aurkariaren xelebrekeriei erantzuteko bat-batean eginak. Sei bertso egin behar hiru botatzeko!

Teman ari den bertsolariak egin behar izaten duen buru-lanaren lekuko da bertsolari ezagun horren esaera. Maila batetik gora bertsoa osatzea da lanik samurrena. Noiz pentsatua bota eta noiz arrazoiketari erantzun erabakitzea askoz lan zailagoa bihurtzen da. Nolanahi ere, B mota honetako bertsoak bata bestearen segidan datozenean lortzen da temako saioen gorena. Arrazoi on bati erantzun onak segitzen badio eta erantzun on honi beste arrazoi on batek eta …

C. bertso mota da askotan erabiltzen dena. Erdibideko formula da. Ez da guztiz aldez arretik pentsatua botatzen eta ez zaio guztiz aurkariaren arrazoiari erantzuten. Bi lanak nahasten dira bertso bakarrean. Aurkaria kantuan ari dela arrazoi bat pentsatuko du bertsolariak. Entzungo du aurkariarena eta gero biekin (lehen pentsatuarekin eta bat-batean otuarekin) osatuko du bertsoa, hasieran erantzun moduko bat txertatuz eta bukaeran lehen pentsaturik zeukana sartuz. C bertso mota hau bertsogintzaz asko ez dakienarentzat B motakoen antzekoa izan daiteke. Baina adituentzat edo bertsolarientzat ez da ongi mozorroturiko A bat baino.

Zein da bertso-motarik egokiena teman ari garelarik? Erantzun zaileko galdera da. Inprobisazio hutsezkoena B da zalantzarik gabe. Baina saio bat ez daiteke B-B-B-B-B-B eginez osatu. Bertsoaldiari hasiera ematen dionak A egin beharko du behintzat! Eta gainera oso zaila da hainbat arrazoi-erantzun-arrazoi-erantzun korapilatzen asmatzea. Horrek bertsolari bakoitzak eta bertso bakoitzean aldi berean erantzuten eta arrazoitzen asmatzea eskatuko luke. Gehitxo.

Temako saio baterako ez dago aldez aurretik zer bertso motarekin jokatu behar litzatekeen aholkuak ematen hasterik. Litekeena da lau bertso bota behar badira A bat, bi B eta C bat eginez oreka polita lortzea. Hartara A bat eginez gure ahotsa eta gure arrazoiketa ziurtatuko genuke eztabaidaren baitan. Bi B eginez aurkariaren arrazoiketak apurtuko genituzke. Eta C horrek bietarako balioko liguke neurri batean.

Baina bi A, B bat eta C bat sartu behar direla esaten duenari aurre egiteko ez dago arrazoirik. Eta beste edozein konbinazio ere izan daiteke ona eta baita onena ere. Zalantza asko sortzen dituen alorra izan daiteke nolanahi ere.

Zailtasunik handiena non datzan erabakitzeko orduan errazagoa da ados jartzea. Temako lanean zailena da A bat edo B bat noiz egin behar den aukeratzen jakitea. Demagun badaukagula ideia bat, indartsua, aurkaria kantuan ari delarik.

Baina aurkariaren ideia ere indartsua da. Eta une horretan aurkituko da bertsolaria atakan: zer egin? Aurkariari erantzun beharrean dago. Baina bere ideia distiratsua ez du ahanzturaren saskira bota nahi. Aurkariaren arrazoiak zenbateraino behartzen duen erabaki beharko du segundo erdi batean. B aukera dezake eta bat-bateko bertso batez erantzungo dio, ziurrenik distira izugarririk gabe. A hautatzen badu, bertso distiratsua botako du, baina aurkariari zuzenean erantzuteke. Segundo erdi horretan hartutako erabakiak behin baino gehiagotan sortuko du bertsolarien damua.

Temako saioez ari garelarik, joera desberdinak ulertzeko moduan azaltze aldera, izugarri teknifikatu dugu gure kontaera. Bertsolariak ez du A, B, C eta horrelako kontzeptu teorikoekin lan egiten. Unean uneko senari eta bere arrazoiketa indarrari begiratzen dio bide bat hartu edo besteari ekin hautatzerakoan. Gainera, egin dugun azterketa hau jaialdi eta txapelketatan egiten diren temako saioak ikertzeko egokiagoa da (han gaiak eman egiten baitira) gairik gabeko temako saioak ulertu eta aztertzeko baino.