|
I. BERTSOLARITZAREN IZAERA GAUR
II. BERTSOLARITZAREN OREKA ETA DESAFIOAK. TRADIZIOA IKUSPEGI SORTZAILETIK BIZI NAHIAN
III. BAT-BATEKO BERTSOAREN SORKUNTZA PROZESUA 2. Bat-bateko bertsoa osatzeko estrategia nagusia 3. Temako jarduna, bertsolaritzaren sustrai 3.1. Temako saioetarako estrategia nagusiak 3.2. Bigarren adibidea: "Langilea eta etxekoandrea" 3.3. Hirugarren adibidea: "Energia eolikoari buruzko eztabaida" 3.4. Gairik jarri gabeko binakako saioak
|
3.4 Gairik
jarri gabeko binakako saioak Inork gairik
eman gabeko saio hauetan bertsolariak oholtzara igo eta beraiek aurkitu
beharko dute gaia. Horretarako non dauden, entzuleria nolakoa den, zer
egun den, bilkuraren arrazoia zein den
hartu beharko dituzte kontuan. Horrelako
saioetan nabarmentzen da ongien bertsolarien binakako lana zenbateraino
den elkar-lan. Oholtzatik jaitsi ahala nekez entzungo diogu bertsolari
bati berak saio ona egin duela. Ongi aritzea, entzuleekiko lotura lortzea
biren lana da. Biek egingo dute ongi edota biek probatuko dute porrotaren
mingotsa. Era honetako
saio bat ongi irten dadin, ezinbestekoa da bertsolariek oholtzara igo
aurretik zer ibilbide egin behar duten erabakitzea. Gairik inork ez jartzeak
ez du esan nahi gairik gabe aritu behar dutenik. Baina gai horiek pentsatu,
asmatu eta adostea komeniko litzateke lanean hasi baino lehen. Eskema hau
adibide soila baino ez da. Herriaren eta bertsolarien arabera beti aldatuko
da ibilbidea. Eta eskema gainera, behar lukeena da, baina ez beti egiten
dena. Puntaneko bertsolariek, hain zuzen ere sarri dabiltzalako, astirik
eta gogorik ez dute izaten saioaren aurre-hezurdura ñimiño
hau egiteko ere. Eskarmentuak eta kalitateak konfiantza eman die nonbait,
eta saioaren egitura ere bertsoak bota ahala osatuko dute. Lan moeta
honetan bertsolarien funtzioen banaketak garrantzia handia du. Batek saioaren
gidaritza hartuko du. Gaiak aurkituko ditu, bideak irekiko, doinuak aldatuko
Besteak bertsolari-gidari horri segituko dio leial hark jarritako gai,
bide eta doinuetan. Atzetik doanak leialtasun hori zor dio aurretik doanari,
honek hartzen baitu saioaren nondik norakoaren zama. Eskarmentuak
zerikusi handia du horrelako bertso lanetan. Ez dago gairik, baina bai
kantagai ugari. Begiak erne eta belarriak adi ibiltzea da gakoa. Zer gai
ateratzea komeni den jakin behar du bertsolariak. Gai bat noiz zukutu
duen eta beste bat hartzea noiz komeni den antzeman behar dio. Entzulea
zerekin gozatzen ari den eta zerekin aspertzen epaitu behar du bere kabuz.
Lagunarekin ongi-esanka noiz jardun eta gaizki-esanka noiz hasi erabaki
behar du, bien arteko lana hobea izan dadin. Gauza asko. Bertsolari izatea
ez baita bertsoa osatzen jakitea bakarrik! Elkarlaneko binakako saio hauetan bertso bakoitzak ez du bestelako bertso-jardunetan duen adinako garrantzirik. Saioa bera da, bere osotasunean, berbaldi. Horregatik, ez da harritzekoa bertsolari batek bertsoren batean paso egitea, dituen denak ez ematea. Aurreranzko bideak zein izan daitezkeen pentsatzen ari den seinale izan daiteke. Badaki saioak izan behar duela ona, ez bertso bakoitzak.
|