|
I. BERTSOLARITZAREN IZAERA GAUR
II. BERTSOLARITZAREN OREKA ETA DESAFIOAK. TRADIZIOA IKUSPEGI SORTZAILETIK BIZI NAHIAN
III. BAT-BATEKO BERTSOAREN SORKUNTZA PROZESUA 2. Bat-bateko bertsoa osatzeko estrategia nagusia 3. Temako jarduna, bertsolaritzaren sustrai
|
1.1 Doinua Munduan zehar
ezagutu ditugun beste inprobisatzaile gehienek (kubarrek, mexikarrek,
kolonbiarrek, mallorkarrek
) musika-tresnaren baten laguntzaz egiten
dute beren lana. Bertsolaria musika-tresnarik gabe aritzen da. Baina bere
berbaldia beti da berbaldi kantatua. Erabiltzen
dituen doinuak gehienetan, usadiotik datozenak dira, autore jakinik gabeko
doinuak, mendez mende herriak gorde dituenak. Badira beste doinu batzuk
bertako kantariei ikasiak, edota kanpoko kantariei hartuak, beti ere neurriz
parera baldin badatoz. Eta badira bertsolarien eskariz musikariren batek
propio sortutako doinuak ere. Hiru dira beraz, bertsolariek beren doinutegia
osatzeko darabiltzaten iturri nagusiak: Usadiozko
doinu herrikoiak. Neurriz
parera datozen doinu berriak. Propio
osatutako doinuak. Bertsolariek
darabiltzaten doinu kopuruari dagokionez, Juanito Dorronsorok, arlo honetan
dugun ikertzailerik behinenak, 2.775 bildu eta sailkatu ditu. Egia da
ordea, garaian doinu jakin batzuk jartzen direla purian eta bertsolariek
ez dituztela bi mila eta zazpirehun doinu horietatik ehunkadaren batzuk
baino erabiltzen jendaurreko ekitaldietan. Musikaren
laguntzarik gabeko berbaldi batean, bertsolariaren ahotsa garrantzitsu
bihurtzen da bere berbaldiaren edukiak adierazteko orduan. XX. mendearen
erdi aldea arte bertsolariak nahitaez behar zuen ahots sendo indartsua
edozein plazatan aritu nahi bazuen. Gerora, bozgorailuen iritsierarekin,
baldintza horri leundu egin zitzaion ezinbestekotasuna. Egun, ahots
indartsu edo ahots ona baino garrantzia handiagoa du une bakoitzean, leku
bakoitzean eta eduki jakin bakoitza adierazteko kantaera egokia erabiltzen
asmatzeak. Komunikazioaren arrakasta edo porrota ez dago bertsolariaren
ahotsaren kalitatearen baitan, aukeraturiko doinuaren eta hura kantatzeko
moduaren egokitasunean baizik. Izan ere,
aipaturiko 2.775 doinu horietan, batzuk badira sentimendu epiko indartsuak
adierazteko egokiak; beste batzuk sentimendu dramatikoak adierazteko dira
pare-parekoak; kontaerarako egokiak direnak badira; eta baita deskripziorako
aukera ematen dutenak ere. Esan nahi den hura esan-indarrez adierazi ahal
izateko doinuaren aukeraketa da alderdirik erabakigarrienetakoa bertsotako
komunikazio harremanean. |