EGILEAK

 

SARRERA

 

I. BERTSOLARITZAREN IZAERA GAUR

 

II. BERTSOLARITZAREN OREKA ETA DESAFIOAK. TRADIZIOA IKUSPEGI SORTZAILETIK BIZI NAHIAN

 

III. BAT-BATEKO BERTSOAREN SORKUNTZA PROZESUA

1. Formari dagozkionak

1.1. Doinua

1.2. Neurria

1.3. Errima

2. Bat-bateko bertsoa osatzeko estrategia nagusia

3. Temako jarduna, bertsolaritzaren sustrai

 

IV. MARKO TEORIKO BERRI BAT

1.2 Neurria

Bertsolariak bertsoa neurri jakin bati atxikia osatzen du. Edo neurri jakin batzuei, zehazkiago esanda.

Bertso bakoitzak oin kopuru jakina du, eta oin hauek berriz, silaba kopuru jakina. Ez gara hemen sartuko bertsolaritzaren ikertzaile handi izan diren Lekuona osaba-ilobek bertsolariek silaben kontzepturik bazuten edo ez zalantzan jarriz iradoki zuten eztabaida tentagarrian. Koldo Mitxelenaren hitzak ekarriko ditugu gogora:

“Antzina-antzinako kantuak albora utzita, metrika aldetik oso gorabeheratsuak baitira horiek, gainerako estrofa moldeek silaba kopurua eta errima dute oinarri, `mester de clerecía´ koek bezala”.

Bertsolariak, bat-batean ari delarik, ez du sekula silaba kopurua zenbatzen. Lan eskerga litzateke, eta esker txarrekoa. Bertsolariak badaki kantuan hasi aurretik aukeraturiko doinua ze neurritakoa den. Doinua luze-laburtu gabe ari bada, badaki zenbatu gabe ere zenbat silaba sartzen ari den oin bakoitzeko. Doinua behartzen badu, luzatzeko edo laburtzeko, bertso horren neurrietatik kanpora ari da, eta, beraz, bertsoaren osagai bati ez zaio ari men egiten.

Neurria da bertsolariari buru-hausterik gehien sortzen dion alderdietariko bat. Doinuak eta errimak laxotasun handiagoa dute (kantatu edo errimatu daiteke oso ondo, ondo, ez hain ondo, erdipurdi, gaizki, oso gaizki…, baina neurriak ez du inongo eskalarik onartzen. Ongi neurtuko dugu edo gaizki. Ez da erdibiderik. Badira halere, doinu jakinen batzuk, ohituraren poderioz 7/6 egin ordez 8/6 egiten dena. Baina doinu gutxi dira eta inork ez dauka oso argi horrelakoetan legeak edo ohiturak hartu behar lukeen gaina.

Bertsolariaren aldez aurretiko prestakuntzarako ere, neurria da alderdirik gaitzena. Errimak, doinuak eta edukiak berak ere har daitezke buruan, gorde, ordenatu, egokitu… une jakin batean erabili ahal izateko. Neurriarekin ez da horrelakorik gertatzen. Neurrian ondo jarduteko jardun egin behar du. Beti jardunean aritzeak ziurtasun handia ematen badu ere, bat-batean ari denak beti izango du neurrian huts egiteko arriskua. Eta neurri akats batek izugarri itsustuko du bestelakoan ederra eta pindartsua izan zitekeen edozein bertso.

Bat-bateko bertsogintzan gehien erabiltzen diren neurriak honako hauek dira:

Zortziko handia

- - - - - - - - - - 10
- - - - - - - - 8 A
- - - - - - - - - - 10
- - - - - - - - 8 A
- - - - - - - - - - 10
- - - - - - - - 8 A
- - - - - - - - - 10
- - - - - - - - 8 A.

Zortziko handia beraz, lau puntutako ahapaldia da. Lerro bakoitzean hamar silaba ditu eta zortzi bikoitzetan, errima-hitza ere azken hauetan doalarik. Errima, berriz, beti sail berekoa izango da.

Aipatzekoa da ezagutzen ditugun kanpoko inprobisatzaile gehienek ere zortzi silabako lerroetan burutzen dutela euren bat-bateko lana. “Décima” deritza, besteak beste, kubatarrek, alpujarretakoek, edo kanariarrek darabilten ahapaldiari eta “décimak” zortzi silabako hamar lerro ditu.
Hamarreko handia

Zortziko handiaren egitura bera du baina puntu bat (edo bi lerro) erantsiko dizkiogu. Horrek esan nahi du zailtasuna gehitu dugula bosgarren errima-hitz bat ere aurkitu beharko baita. Ahapaldi mota hau, oro har, lehengoa baino egokiagoa izan daiteke berbaldi landuagoak adierazteko, testuak berak leku gehiago baitu zortziko handian baino.

- - - - - - - - - - 10
- - - - - - - - 8 A
- - - - - - - - - - 10
- - - - - - - - 8 A
- - - - - - - - - - 10
- - - - - - - - 8 A
- - - - - - - - - - 10
- - - - - - - - 8 A
- - - - - - - - - - 10
- - - - - - - - 8 A.

Zortziko txikia

Zortziko txikian, zortziko handian bezala, lau puntu eta zortzi lerro izango ditugu, eta errimak lerro bikoitzen bukaeran jarriko. Baina lerro bakoitzaren silaba kopurua aldatuko da. Silaba kopurua urriagoa izatean, berbaldia laburtu egin beharko dugu eta ondorioz neurri-mota hau egokiagoa izango da gehienetan temako egoera bizi eta umoretsuetarako, berbaldi luze dramatiko eta epikoetarako baino. Baina zer-zertarako gai honetan ez dago erabateko baieztapenik egiterik.

- - - - - - - 7
- - - - - - 6 A
- - - - - - - 7
- - - - - - 6 A
- - - - - - - 7
- - - - - - 6 A
- - - - - - - 7
- - - - - - 6 A.


Hamarreko txikia

Aurrekoaren egitura bera du, baina puntu bat eta errima bat erantsirik.

- - - - - - - 7
- - - - - - 6 A
- - - - - - - 7
- - - - - - 6 A
- - - - - - - 7
- - - - - - 6 A
- - - - - - - 7
- - - - - - 6 A
- - - - - - - 7
- - - - - - 6 A.

Bestelako zenbait egitura

Arestian aipaturiko ahapaldi-motak dira plazaz plazako jardunean maizen erabiltzen direnak. Badira ordea beste egitura batzuk ere bat-bateko bertsogintzan erabiltzen direnak. Ahapaldi laburragoak edo luzeagoak dira, puntu kopuruari dagokionez aurrekoen desberdinak, baina halere gehienean berdinak silaba kopuruari eta lerro bikoitzetan errimatzeari bagagozkio.

Bestelako ahapaldi-mota hauen artean koplak dauzkagu. Koplak, nagusiki eskerako eta errondarako erabiltzen dira eta aspaldikoa da euren jatorria. Honako egitura dute:

. Kopla handia

- - - - - - - - - - 10
- - - - - - - - 8 A
- - - - - - - - - - 10
- - - - - - - - 8 A.

Kopla, txikia ere izan daiteke, egitura hau badu:

. Kopla txikia

- - - - - - - 7
- - - - - - 6 A
- - - - - - - 7
- - - - - - 6 A.

Koplak, handiaren kasuan Zortziko Handiaren erdia, eta txikiaren kasuan Zortziko Txikiaren erdia dira beraz.

Badira egitura berriagoak ere, askotan bertsolariek beraiek sortuak, txapelketetarako gehienean. Zailtasun teknikoaren gailurra topatu nahi izaten da horrelakoetan. Bertsoa luzeagoa, errima gehiago… arrisku handiagoa estrapozo egiteko, baina arrakasta nabarmena bidea ongi burutuz gero. Baina ez da hori egitura berri hauen sorkuntzaren arrazoi bakarra. Egungo bertsolaritza modernoaren ezaugarrietariko bat da, testu luzeagoaren beharra. Bertsolariak bere originaltasuna azaltzeko, bere arrazoibidearen konplexutasuna kokatzeko, gaiarekiko distantzia hartzeko… lekua behar du testuan. Testuak berak hartzen du bertsoaren zama, testuingurua ez delako garai batean bezain gotorra. Hargatik sortu dira azken urteotan egitura luze-zabalagoak.

Hona hemen horietariko adibide batzuk:

. Zazpi puntukoa

- - - - - - - - - - 10
- - - - - - - - 8 A
- - - - - - - - - - 10
- - - - - - - - 8 A
- - - - - - - - - - 10
- - - - - - - - 8 A
- - - - - - - - 8 A
- - - - - - - - 8 A
- - - - - - - - - - 10
- - - - - - - - 8 A
- - - - - - - - - - 10
- - - - - - - - 8 A.

. Itsaso hori dago zatarra

- - - - - - - - - - 10 A
- - - - - - - - - - 10 A
- - - - - - - - - - 10
- - - - - - - - 8 A (bis)
- - - - - - - - 8 A
- - - - - - - - 8 A
- - - - - - - - 8 A
- - - - - - - - - - 10
- - - - - - - - 8 A
- - - - - - - - - - 10
- - - - - - - - 8 A (bis).

. Bederatzi puntukoa

- - - - - - - 7
- - - - - - 6 A
- - - - - - - 7
- - - - - 5 A
- - - - - - - 7
- - - - - - 6 A
- - - - - - - 7
- - - - - - 6 A
- - - - - - 6 A
- - - - - - 6 A
- - - - - - 6 A
- - - - - - 6 A
- - - - - - - 7
- - - - - 5 A.

Badira egitura berezi gehiago ere, baina azaldu ditugun hauek baliagarri izan daitezke ondorioren batzuk ateratzeko.

• Gero aipatuko dugun salbuespenen bat izan arren, errima beti talde berekoa da (A) eta beti kontsonantea. Zailtasunik handiena beraz, errima-hitz aski aurkitzean datza, hitz horietako bakar bat ere errepikatu gabe. Errima-hitza errepikatuz gero, poto egingo du bertsolariak. Eta potoa da, alderdi teknikoen artean, bai epaimahaiak eta bai entzuleak gehien “zigortzen” duten akatsa.

• Egituraz neurri desberdina badute ere, bertso-molde hauetan esaldiaren luze-laburra beti da beretsua. Hamar silaba, edo zortzi edo zazpi edo sei… Horrek esan nahi du bertsolaria ohitua dagoela bere pentsamenduak 10, 8, 7, 6, 5… silabatara ekartzen. Esaldi luzeago edo laburragoek ez diote balio bere lanerako.

•Errima gehiago sartu nahiak askotan testu luzeagoa dakar berekin. Txapelketatan arriskatu nahiak gero eta bertsolari gehiagori sortu die egitura zail eta luzeetan ekiteko irrika. Baina arriskuak ez du beti merezi izaten. Testuak berbaldi bakoitzak behar lukeen luzera hartu behar du. Eta berbaldiaren luzerak ipinitako gaiak sorrarazi duen ideiaren araberakoa izan behar du. Une jakin batean eta gai jakin baten aurrean zer esanik asko ez duen bertsolariak bereak eta bi ikusi beharko ditu aukeratu duen egitura luzea itxuraz betetzeko. Eta teknikoki lana zuzen burutu arren, bere testuak desorekaren bat izango du, hartara bere eta entzulearen arteko komunikazioa hautsiz.

Lehen aipatu dugunez, oso bakanak dira errima-familia bat baino gehiagoz osatutako bertso moldeak. Hain bakanak eta ezohikoak izanik, doinu bakarreko egiturak dira errima nahasiko bertso moldeok.

. Iparragirre abila dela

- - - - - - - - - - 10
- - - - - - - - 8 A
- - - - - - - - - - 10
- - - - - - - - 8 A
- - - - - - - 7 B
- - - - - - - 7 B
- - - - - - - - 8 A
- - - - - - - - - - 10
- - - - - - - - 8 A.

. Nagusi jauna hauxe da lana

- - - - - - - - - - 10 A
- - - - - - - - - - - 11 A
- - - - - - - - - - 10 B
- - - - - - - - - - 10 B
- - - - - 5 C
- - - - - - - - - 10 C
- - - - - - - - - 10 C.

Neurriari buruzko atal hau amaitzeko, aipagarria da egungo plazaz plazako jardunean bertsoen ehuneko laurogeita hamarra, hasieran azaldu ditugun lau egituretan egiten dela. Hots: Zortziko Handian eta Txikian eta Hamarreko Handian eta Txikian.

Koplak eskerako eta errondarako erabiltzen dira gehien (nahiz eta azken hiru-lau urtean jaialdietan ere sarri entzuten diren), eta gainerako egiturak txapelketa eta jaialdietan.
Molde handiko bertsoetan, bertsolariak neurriari dagokion beste arau bat ere bete behar du: etena. Hamar silabako lerroak bosna silabako bi multzotan antolatu beharko ditu bertsolariak, doinu gehien-gehienek hala eskatzen dutelako (bizpahiru doinu baino ez dago etena horrela agintzen ez dutenak). Ez dauka hitz bat bost silabako bi multzo horien arteko etenean zangalatrau uzterik. Horrek zailtasuna erantsiko dio bertsogintzari. Bertsolariak ez du aski bere ideiak 10/8 egiturara tolestearekin. 5+5/8 egiturara tolestu behar ditu. Doinua bera izaten da eten-hausteen salatzailerik behinena. Eta neurriarekin eta errimarekin oro har gertatzen den modura, bertsolariek etena egin beharra muga baino abantaila dute beren sorkuntza prozesuan. Hartaraino dago trebatua bertsolaria bere ideiak eten eta guzti hitzetan jartzera! Askotan, etenean akatsen bat egiteak teknikoki dakarren galeraz gain, bertsolariari ideia bera galaraziko dio, etena huts egitean bere aldez aurretiko esamoldea eta egitura aldatu beharko baititu, eta, aldatzean, egindako lan guztia narrastuko du.

Ongi egindako etenaren adibide, honako hau:

Gure etxean (5)/ bizi garenak (5)
aita, ama ta lau ume (8).

Oker egindako etena berriz, honakoa litzateke:

Gure etxeraino (6)/ heldu ziren (4)
aita, ama ta lau ume (8).