|
I. BERTSOLARITZAREN IZAERA GAUR
II. BERTSOLARITZAREN OREKA ETA DESAFIOAK. TRADIZIOA IKUSPEGI SORTZAILETIK BIZI NAHIAN
III. BAT-BATEKO BERTSOAREN SORKUNTZA PROZESUA 2. Bat-bateko bertsoa osatzeko estrategia nagusia 3. Temako jarduna, bertsolaritzaren sustrai
|
1.3 Errima Askorentzat
errimak osatzen du bertsoaren alderdi teknikoen ardatza. Errimatuz ari
bagara (nahiz eta errima guztiz aberatsa izan ez), bertsoa osatzen ari
gara. Errima, arestian
aipatu dugun bezala, beti da sail berekoa eta errima-hitzen arteko kontsonantziari
balio handia ematen zaio. Adibide bat jarriz, burua eta ordua hitzek errimatu
egiten dute. Baina bien arteko hoskidetasuna ez da handiegia. Bi azken
bokalek baino ez dute errimatzen ( ) eta ondorioz errima pobrea litzateke
bi hitz horien artean osatzen dena. Elizan eta gerizan hitzekin ere egin
genezake errima. Baina kasu honetan elkarren arteko hoskidetasuna askoz
ere beteagoa da. Atzizkian dira errima kide (an), baina baita aurreko
kontsonantean (z), honen aurreko bokalean (i) eta hasierako bokalean ere
(e). Gure artean,
hoskidetasun maila izan da sarri errima txarra eta ona bereizteko irizpide
bakarra. Adibidetzat hartu ditugun errimen kasuan, honelatsu:
Baina errimaz
ari garelarik hoskidetasun maila ez da aintzat hartu beharreko alderdi
bakarra. Litekeena da bertsolariarentzat errima, alderdi teknikoaz gain
beste zerbait izatea bertsoak osatzerako orduan. Azal dezagun hau astiro:
balirudike bertsolariarentzat neurria eta errima bete beharreko baldintza
teknikoak direla. Eta, izan, hala dira. Baina horrek ez du esan nahi bertsolariak
testu hobeak, osatuagoak, sakonagoak
egingo lituzkeenik joko-arau
horietara makurtu behar ez balu. Are gehiago: bertsolari ez den batentzat
muga eta zailtasun dena, laguntza-bide izan daiteke trebatua dagoenarentzat.
Araupean sortzen trebe den hura baita bertsolaria. Eta erosoago sentitzen
da sorkuntza unean joko-arauek hesiturik, erabateko askatasunak ekarriko
liokeen hustasunean baino. Bertsolariak
ez baitu sekula nahi duen huraxe esaten. Esaten du, neurri batzuen barruan
eta buruan bildu dituen errima-hitzekin une jakin batean esateko gai dena.
Ez da bertsolaririk nahi duena esan eta gainera neurtu eta errimatu egingo
duenik. Badira bertsolariak aldiz, neurtu eta errimatzeaz gain, argitasun
une batzuetan esan nahi luketenera asko hurbiltzen direnak. Ikuspegi
horretatik errimak ez dira aberats eta pobreak beren hoskidetasun mailari
begira bakarrik. Bertsoa osatzen hasteko unean, bertsolariak kontu handiz
aukeratuko du zer errima-hitzekin amaituko duen berbaldia. Sail bereko
beste errima-hitz mordoska bat topatu beharko duelako, eta aldez aurretik
jakin behar du gai izango den edo ez. Errimak beraz, formalki aberats,
erdi-aberats, erdi-pobre edo pobre izateaz gain bertsoaren edukiari berari
eragingo dio, bertsolariak zer eta zerekin esan dezakeen neurtu beharko
baitu bertso bakoitza hasi aurretik. Bertsolariak esan behar duenaren
edukia une hartan buruan dauzkan errima-hitzei egokitu beharko dio. Eta
hor errimen almazenatze eta ordenatzeak sekulako garrantzia hartzen du.
Bertsolari batek izan ditzake X errima-hitz sail jakin batekoak. Demagun
INA amaitzen diren hogeitaka hitz badauzkala gogoan. Baina nahas-mahasean
badauzka lanak izango ditu berbaldia taxutzen, nekez aurkituko baititu
esan nahi duena esateko errima-hitzik egokienak. Errima-hitz desegokion
bidez, ordea, arrisku handia du bertsolariak, esan nahi duena erdi esanda
uzteko, zehaztasunik batere gabe. Adibidez,
honako hitzak ditu buruan: sorgina, egina, ahalegina,
grina, ezina, panpina, zina, osina,
kriskitina, okina, jakina, bina, zezina,
erregina, mina, arina, dotrina, irina,
latina eta pinpirina. Begiratu
batera bertsolari horrek baditu nahikoa errima-hitz egiturarik luzeenetarako
ere. Eta zer esanik ez Zortziko Handian edo Zortziko Txikian aritzeko,
egitura hauetan aski baita lau errima-hitzekin. Eta egia
da errima hitz kopuru hori (20) buruan izanda, eta zehazki errima-hitz
horiexek baditugu, dena ez bada ere, ia dena esan daitekeela. Baina bertsoari
egokitasun eta ontasun maila emango dio, dena delarik ere gaia, gai haren
inguruan esan nahi dugun huraxe esateko baliagarrien diren errima-hitzak
aukeratzeak. Ondorioz,
errima-sail bakoitzaren ordenamendu on batetik baino ez daiteke etor berbaldi
zehatz eta arrakastatsua. Lehen aipatu dugun nahas-mahas horrek ez dio
bertsolariari mesederik egiten. Errima-hitzak ordenaturik ez badauzka,
beti gutxi-gorabeherako jarduna izango da bertsolari horrena. Buruan errima-sail
bakoitzaren ordenamendu lan hori bertsolari denek egiten dute, bakoitzak
bere erara, jakinean edo ohartu gabe. Bertsolari bakoitzak buruan dauka
errima-sail bakoitzaren bere ordenamendua. Ordenamendu hori
ez da behin betikoa izaten. Aldatu egiten da. Aldakuntzaren arrazoiak
bat baino gehiago izan daitezke: hitz berriak erantsi dizkiolako ikasi
ahala, lehengo hitz batzuk ahaztu egin zaizkiolako edo ez erabiltzea erabaki
duelako edota garaian garaian errima-hitz jakin batzuk izaten direlako
purian jartzen direnak. Ordenamendu
era bat, ez bakarra eta are gutxiago eraginkorra izan daitekeen bakarra,
honako alderdien baitan legoke: Erabilpen
maiztasuna. Zenbait
errima-hitzen balioaniztasuna. Gramatikaren
araberako sailkapena. Hoskidetasun
handi edo txikiagoa. Beste
hizkuntzetako hitz eratorriak. Bost faktore
horiek aintzat harturik, errima-sail bakoitzaren ordenamenduak bitxi-lore
irudia hartuko luke. Gunean erabilpenik sarrieneko eta balioaniztasunik
handieneko hitzak jarriko genituzke. Eta gero, orri bakoitzean, gramatikaren
arabera, hoskidetasunaren arabera, edo jatorriaren arabera kokatuko genituzke
gainerako hitzak. Ordenamendu
adibide bat hau litzateke INA amaitzen diren hitzekin osatua:
Errima-hitzak
modu honetara sailkaturik, bertsolariak badaki maizen eta errazen erabiltzen
dituenak 1. multzoan dauzkala. Badaki 2. multzoan izen-lagun ere bihur
daitezkeen substantiboak dituela. 3.ean izen-lagunak dauzkala. 4. multzoko
hitzak arlo semantiko berekoak direla. 5.ekoak elkarrekiko hoskidetasun
handia dutela. 6.ekoak erdaratik eratorritako hitzak direla
Bertsolariak
egingo duena da, orri bateko eta besteko hitzak txandaka hartuaz joan.
7 multzotik mina hartuko du hasteko. Gero 6 multzotik puentina.
Ondoren 4 multzotik jakina. Eta azkenerako utziko ditu 1 multzoko atsegina
eta egina. ANA amaitzen
diren hitzen bitxi-lorea honakoa litzateke:
Errima-hitzen
ordenamenduak (proposaturiko honek bezala beste edozein ordenamendu-motak)
bi abantaila dakarzkio bertsolariari. Batetik, sail desberdinetako hitzak
txandaka hartzeak, gramatikalki ere desberdinak diren hitzak erabiltzera
bultzatuko du, hartara hitz horien aurretik datozen esaldiak ere desberdinak
direlarik formaz. Osaturiko testua biziagoa izango da, eta berbaldia landuagoa. Eta bestetik,
ez du hain erraz errima-hitz bera erabiliko. Hots: ez du potorik egingo.
Lehentxeago aipatu dugunez, bertsolaritzan errima denak sail berekoak
dira (A), eta bertsolariaren trebetasuna sail bereko errima-hitz asko
topatzean datza, bakar bat ere errepikatu gabe. Errepikatze hau, potoa,
arrazoi desberdin askorengatik egin daiteke. Horietako bat ezina da. Bertsolariak
hain epe laburrean ezin du aurkitu buruan gordeta zeuzkan hitzen artean,
erabili gabekorik. Beste arrazoi bat deskuidua izan daiteke. Bertsolariak
ez du zehatz-mehatz gogoan zein errima-hitz erabili dituen eta zein ez.
Goian ikusiriko ordenamenduak edo eitekoren batek, urritu egiten du poto
arriskua. Hitzak orriz orri hartuz joatean, zein erabili dugun eta zein
ez errazago ikusten baita buruan. Eta hitzen bat falta zaigularik
non bila hasi badakigu gainera. Potoaz ari garelarik, argitu dezagun ez dela pototzat hartzen errima-hitzak formaz berdinak izan arren, adiera desberdinak dituzten kasuan. Ezaguna da oso, behin Florentino Goiburuk Lasarte bertsolariari buruz bota zuen bertsoa:
Errima-hitzen
formari soilik begiratuko bagenio, bertso honetan poto pare bat balegoke,
bi aldiz ez ezik, hirutan erabiltzen baitu berriz hitza. Halere,
berriz hitzaren adierak oso desberdinak dira hiru kasuetan, eta
Goiburuk ongi baliatu du berriz hitzaren polisemia, poto egin gabe hoskidetasun
bete-betea lortzeko. Esan dezagun
erabat bestelako kasurik ere eman daitekeela. Bertsolari batek bota dezake:
Kasu honetan
bi errima-hitzak desberdinak dira formaz, nahiz eta elkarren artean hoskidetasuna
izan. Baina esanahiari dagokionez guztiz dira parekoak. Poto itxurarik
ez duen potoa litzateke hori. Orain arte
ikusi dugunez, kantuak, neurriak eta errimak osatzen dute bertsoaren alderdi
teknikoa. Neurtuz eta errimatuz kantuan ari den hura bertsotan ari da.
Baina hori baloiari ostikoa jotzen dakienaren kasu bera da. Handik futbolari
bat egitera tarte handia dago, nahiz eta futbolari orok jakin behar duen
baloiari ostikoz ematen. Bertsolariengan
gaitasun teknikoak ez dira gaitasun tekniko baino. Adierazten dituen edukietan
datza entzulearengana iristeko ahalmena. Eta edukiak sortzerako orduan
bertsolari bakoitza mundu bat da. Zenbat eta hizkuntz gaitasun, kultur
jakintza eta usadioaren ezagupen handiagoa izan, orduan eta samurrago
lortuko du jarritako gaien inguruan eduki erakargarriak adieraztea. Baina
edukien azterketak ikerkuntza nekezeko arlo batera eramango gintuzke.
|