EGILEAK

 

SARRERA

 

I. BERTSOLARITZAREN IZAERA GAUR

 

II. BERTSOLARITZAREN OREKA ETA DESAFIOAK. TRADIZIOA IKUSPEGI SORTZAILETIK BIZI NAHIAN

 

III. BAT-BATEKO BERTSOAREN SORKUNTZA PROZESUA

 

IV. MARKO TEORIKO BERRI BAT

1. Poetika idatziaren bide itsua

2. Teoria oralistaren gozoa eta gazia

3. Marko teoriko berri bat bat-bateko bertsolariarentzat

 

Bat-bateko bertsolaritzaren ezaugarri sozio-kulturalik behinenen azalpen kritikoa egin dugu lehen eta bigarren ataletan; hirugarren atalean, berriz, bat-bateko bertsoa sortzeko prozeduren deskripzio zehatza egin dugu. Aztergaia horrela zehazturik, bat-bateko bertsolaritza aztertu eta ulertzeko marko teoriko bat proposatzea da laugarren eta azken atal honen xedea. Bertso-munduan ibili garen urteotan apurka-apurka, geure jarduna arretaz behatuz, eraiki dugu hemen handika-handika aurkezten dugun marko hau.

Sarreran esan dugun bezala, marko teoriko baten premia ez da apeta hutsez sortua. Aitzitik, jardunak sortzen zizkigun galderei erantzuteko orain arteko teoriak gauza ez zirelako jo behar izan dugu marko teoriko berri bat eraikitzera. Bertso jardunaren behaketak galderak sortzen zizkigun, eta ohiko teorietan ez genuen erantzun egokirik aurkitzen. Horrexegatik eraiki behar izan dugu bat-bateko bertsolaritza aztertzeko marko berria, eta ez, inola ere, aldez aurretik teoriaren baten edo besteren zale ginelako.

Iritsi garen lekura iristeko, ordea, bide luzea egin behar izan dugu, hainbat eta hainbat teoriatan barrena. Eta hala, iruditu zaigu onena genukeela bidean ezagutu eta aldez behintzat bazterrera utzi behar izan ditugun teoria horietako batzuen berri ematetik hastea. Izan ere, osorik onartu ez baditugu ere, denetan aurkitu dugu alderdi baliagarriren bat edo beste. Ez gaituzte nahi genuen lekura eraman, baina bideak aberastu egin gaitu.