|
I. BERTSOLARITZAREN IZAERA GAUR
II. BERTSOLARITZAREN OREKA ETA DESAFIOAK. TRADIZIOA IKUSPEGI SORTZAILETIK BIZI NAHIAN
III. BAT-BATEKO BERTSOAREN SORKUNTZA PROZESUA
1. Poetika idatziaren bide itsua 2. Teoria oralistaren gozoa eta gazia 2.1. Ahozkotasuna literatura idatzian 2.2. Literatura ahozkotasunean 3. Marko teoriko berri bat bat-bateko bertsolariarentzat
|
2 Teoria
oralistaren gozoa eta gazia Aurreko epigrafean
genioen bezala, bertsolaritzaren ahoko izaera ahantzi egiten dugu maiz
hari buruz ari garenean. Saiatu ere saiatu gara portaera horren araberako
disfuntzioak zertan diren azaltzen. Idatzizko
poetikak bertsolaritza zehazten erakutsitako ezinaren aurrean, teoria
oralista jo dute aditu batzuek hura aztertzeko bide bakartzat. Lan honetan,
Homeroren lana zuzenean edo zeharka aztertu duten ikerketak hartu ditugu
"teoria oralista" horren osagarri nagusitzat. Teoria oralista
horren lehen oinarriak 1928. urte aldean bilatu beharko genituzke, garai
hartan hasi baitzen Milman Parry Homerori buruz eginiko ikerketak argitaratzen. Batzuk besteak
baino ortodoxoagoak badira ere, teoria oralistaren jarraitzaile nagusien
artekoak ditugu, besteak beste, Adam Parry, Lord, Notopoulos, Havelook,
Ong, Zumthor eta Finnegan. Euskal Herriko
ahozko literaturari buruzko ikerketei dagokienez, esan dezagun Walter
J. Ongen obra dela, dudarik gabe, erreferentziarik garrantzitsuena, eragin
handiena eduki duena. Behin eta berriro aipatu eta oharmenera ekarri dituzte
ikerlari gehienek haren lanak. Lehen mailako erreferentzia horren ondoan,
gogoan har bedi Marcel Jousseren30 eskolako antropologia-tradizio frantsesak
omen handia eduki duela halaber gure artean, maisu handiaren ikasle Ives
Beaupérinen ekarrien bidez bereziki. Erraz ulertzekoa
da teoria oralistak idatzizko tradiziotik datozenengan lehendabizikoz
sorrarazten duen xarmaren zergatia. Bestalde, ezinbestekoa eta, aldi berean,
onuragarria da aurkikunde hori, ahozkotasunaren izate eta nortasun bereziaren
berri ematen digun aldetik. Hasierako
lilura horretatik harantzakoan, ordea, ahozkotasunaren teoriak gabezia
nabariak ageri ditu ikerketaren alorrean, disfuntzio batzuen kariaz. Horietako
batzuk aipatuko ditugu ondoko lerroetan. Lehenik,
autore batzuek adierazi bezala, ahozko eta idatzizko literatura-jardunen
arteko oposizioa ez da teoria oralistak uste bezain erabatekoa:
Bat-bateko
bertsolaritzaren ikerkuntzan dugun esperientziatik begiratuta, iritzi
horren balioa berretsi baino ez dugu egingo. Ahozkoa eta idatzizkoa ez
dira, oralistek uste duten bezala, elkar ukatzen duten jardunak; aitzitik,
elkarren ondoan bizi dira, gizarte modernoetan bederen, etengabe elkarri
eraginez bizi ere. Ahozko eta
idatzizko jardunen arteko oposizioa, zuria eta beltza bailiran, ez da
batere egokia ikergaiari zehazki heldu behar zaionean. Scheunemannek adierazi
bezala:
Teoria oralistari
oro har darion biblia-kutsu horretaz gainera, gogoan har bedi ahozko literaturaren
molde askotako agerkariak ikertzeko erabili dela, eta maiz askitan ez
dela agerkari horietako bakoitzaren izaera berezia gogoan hartu.
|