13 Gure kultur errealitatera hurbiltzeko ez dugu lurralde politikoa hartuko definitzailetzat. Ez dezakegu, beraz, eusko kulturaz edo cultura vasca bezalako kontzeptuez hitz egin, zaku handiegitik oso maila desberdineko gauzei alde egiten utzi gabe. Hizkuntza komunitate desberdinen inguruan ardazten da kultura ekoizpenaren zati handia, nahiz eta hizkuntza komunitate desberdinak lurralde, garai eta baldintza politiko-sozial beretan elkarbizitzeak erlazioak, nahasketak eta definizio zaileko guneak sortzen dituen. Horregatik, euskal kultura diogunean euskararen inguruan ardazten den kulturaz ari gara. Baditu aukera honek ere bere arazoak. Baina, edonola ere, analitikoki disfuntzionalagoa da cultura vasca kontzeptu territorialean nahastea batetik munduko hizkuntza komunitate zaharrenetakoa, txikia, bizi-kinkan dagoena, eta bestetik hainbat kontinentetan milioika hiztunek hitz egiten dituzten bi hizkuntza komunitate. Bortxatua da, zentzu horretan, literatura vascaz hitz egitea, adibidez, lurralde fisiko-politikoa hartuz horretarako patroi. Euskararen kultur unibertsoak, izan ere, bere bizi-baldintza bereziak ditu; bere estrategia propioak garatzen ditu; oreka propioak ditu, adibidez, ahozkotasun-idatzizkotasun binomioan; bere merkatu-parametro eta masa kritiko bereziak ditu; neurri batean bere pentsamendua sortzen du.