|
EGILEAK
SARRERA
I. BERTSOLARITZAREN
IZAERA GAUR
II. BERTSOLARITZAREN
OREKA ETA DESAFIOAK. TRADIZIOA IKUSPEGI SORTZAILETIK BIZI NAHIAN
III. BAT-BATEKO
BERTSOAREN SORKUNTZA PROZESUA
IV. MARKO TEORIKO
BERRI BAT
|

Joxerra
Garzia Garmendia
(Legazpi, 1953). Filosofia eta kazetaritzan lizentziatua,
Ikus-entzunezko komunikazioak eta publizitatean doktore da 1999az gero,
Gaur egungo bertsolarien baliabide poetiko-erretorikoak izeneko
tesiari esker. Euskadi Irratian hasi zen bertsoa lanbide bihurtzen (1983-1988),
eta gero, Bertsozale Elkarteak bideratuta, Hitzetik Hortzera bertso-programaren
sortzaile, zuzendari eta aurkezle izan zen Euskal Telebistan (1988-1993).
Bertso-epaile lanetan eta kritikari moduan ere aritua, bertsolaritzari
buruzko hainbat azterketa argitaratu ditu, aldizkarietan (Bertsolari,
Jakin... ) nahiz liburu gisa. Egun, publizitatea irakasten du EHUn, eta
Bertsozale Elkarteak ahozkotasuna eskolan lantzeko metodo bat sortzeko
antolatu duen taldeko partaide da. Literaturan ere hainbat lan ditu argitaratuak.
Euskal Idazleen Elkarteko Lehendakari izan zen 1993tik 1997ra.
Jon Sarasua
Maritxalar
(Aretxabaleta, 1966). Bertsolaria. Kazetaritza eta soziologia
ikasketak egin zituen Bilbon. Informazio zientzietan doktore; 1996an aurkeztu
zuen Bi begiratu euskarazko kazetari hizkerari izeneko doktore
tesia. Egun, pentsamentuaren historia irakasten du Mondragon Unibertsitatean.
Besteak beste, Argia, Jakin, Bertsolari aldizkarietan eta Euskaldunon
Egunkarian aurki daitezke bere artikuluak. Andoni Egañarekin
batera, bertsolaritzari eta bertsogintzari buruzko hainbat hausnarketa
biltzen dituen Zozoak beleari (Alberdania, 1997) saiakera liburua argitaratu
zuen, eta honen ondoren, Biziaren hizkuntzaz: Txepetxekin solasean
(Gara, 1997) gogoeta liburua. Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko Zuzendaritza
Batzordeko kide da 1986tik eta bertsogintzaren gainean egin diren hainbat
ikerketeten egile eta eragile.
Andoni
Egaña Makazaga
(Zarautz, 1961). Bertsolaria. Euskal Filologia ikasketak
egin zituen Gasteizen. 1993 eta 1997ko Bertsolari Txapelketa Nagusietan
txapeldun izan zen. Besteak beste, bertsogintza, artikulugintza eta gidoigintza
ditu bizibide. Literaturgintzan ere bidea egina du: Sokratikoek ere
badute ama (Erein, 1989) ipuin-bilduma eta Aitaren batean (elkar,
1990) artikulu-bilduma dira argitaratu zituen lehen bi liburuak. 1997an,
eta Jon Sarasuarekin batera, Zozoak beleari (Alberdania) gutun-hizketa
osatu zuen. Pausoa noiz luzatu (Alberdania, 1998) du bere lehen
eleberria. Haur-literaturan ere egin ditu zenbait lan. Euskal Herriko
Bertsozale Elkarteko Zuzendaritza Batzordeko kide izan da (1995-2000),
eta egun, ahozkotasuna eskolan lantzeko metodo bat sortzen ari den lan
taldeko partaide da. Jon Sarasua eta Joxerra Garziarekin batean, azken
urteotan bertsolaritzaz eta bertsogintzaz egin diren azterketetako zutabe
garrantzitsua bat da.
|