|
EGILEAK
SARRERA
1. Aurrekari historikoak.
Bat-bateko bertsogintzaren mitoa eta errealitatea
2. Bertsolaritza
XX. Mendean zehar: bertso jarrietatik bat-bateko bertsoetara
3. Liburu honen helburuak
I. BERTSOLARITZAREN
IZAERA GAUR
II. BERTSOLARITZAREN
OREKA ETA DESAFIOAK. TRADIZIOA IKUSPEGI SORTZAILETIK BIZI NAHIAN
III. BAT-BATEKO
BERTSOAREN SORKUNTZA PROZESUA
IV. MARKO TEORIKO
BERRI BAT
|
Bertsolaritza,
orain arte, euskal herri-literaturaren azpisail moduan agertu izan dute
ia beti aztertzaileek beren lanetan. Beste literatura, literatura idatzia,
landua, edo besterik gabe literatura esan ohi
zaion hori, berantiarra da euskararen kasuan. Gainera, XX. mendea ondo
sartu arte behintzat, euskal literatura idatzia anakronikoa eta sasiliterarioa
izan da gehienetan. Anakronikoa, garaian garaiko joeretatik kanpo ibili
izan delako maizenik; sasiliterarioa, literaturaz kanpoko beste asmoren
batez egindakoa izan delako (katekesia, hizkuntza normalkuntza
)
Aitzitik, Koldo Mitxelenak ondo dioenez, euskal herri-literatura:
nagusiki
ahozkoa da, eta beste edozein herrirena bezain aberatsa(1).
Euskal
herri-literatura hori, ordea, traste zaharren kutxa halako bat da,
literatura idatzi edo landuan sartzen ez den guztia sartzeko erabili ohi
dena(2). Izenburu
horren pean, nahi adina genero eta agerkari sailkatu ohi da, nahas-mahas
sailkatu ere.
Generoei dagokienez, orotarik sartzen da herri literaturaren izenburupean:
poesia, antzerkia, narrazioa, eta baita beste genero sailkagaitzago batzuk
ere, hala nola atsotitzak eta lokuzioak, esaterako.
Euskal herri-literatura esaten dugunean euskal ahozko
literatura etortzen zaigu burura, eta sinonimotzat erabiltzen dira
bi izendapenok sarri. Hala ere, herri literaturaren kutxan sartzen diren
genero eta agerkarien artean denetik dago. Juan Mari Lekuonak berak, ahozko
euskal literaturaren sailkapena deitzen dio aipatu berri dugun bere
sailkapenari. Garbi dago, hala ere, sailkapen horretan sartzen dituen
genero guztiak ez direla berdin ahozko. Eleberriak eta autobiografiak,
esaterako, idatziak dira, beharbada ahozko estrategien arabera idatziak
izan badaitezke ere. Horietako batzuk diktatuak izango dira akaso, baina,
jaso, begiz jasotzekoak dira, ez belarriz. Herri antzerkia, pastoralak,
dekorazio-olerki gehienak eta kantutegi zaharra zein gaur egungoa, berriz,
belarriz jasotzekoak badira ere, idatziz sortuak dira gehienak.
Azkenik, asmo estetikoari (edo literario-artistikoari) dagokionez ere,
gorabehera handiak daude euskal herri-literaturaren sailean sartzen diren
genero eta agerkarien artean. Lokuzioak, esaterako eta, neurri handi
batean, baita atsotitzak ere hiztunen hizkuntza gaitasun arruntaren
emaitza dira, asmo estetiko berezirik gabe sortutako esamoldeak dira.
Euskal herri-literaturaren genero eta agerkariak elkarren hain diferente
izanik, zentzugabea litzateke genero eta agerkari horiek guztiak metodo
bakar baten bidez aztertzen saiatzea. Ikerketak, jakina denez, ikergaia
gero eta gehiago zatikatuz, atalduz, egiten du aurrera, eta euskal herri-literaturari
dagokionez ere halaxe egin behar genukeela iruditzen zaigu. Bestela, nekez
iritsiko gara euskal herri-literatura osatzen duten genero bakoitzaren
nondik norakoak eta balioa taxuz ulertzera.
Liburu honen aztergaia ondo zehatza eta mugatua da: bat-bateko bertsogintza
du aztergai, eta ez besterik. Bat-bateko bertsogintza zer den zehatz-mehatz
azaldu, eta bat-bateko bertsogintza taxuz ulertzeko moduko metodo bat
lantzen hasteko lehen urratsak egitea beste helbururik ez du, beraz, liburu
honek. Orain arteko metodoek ez digute balio bat-bateko bertsogintza behar
bezala ulertzeko, eta guk horrexetara mugatu dugu azterketa, gainerako
generoak eta agerkariak bazter utzita. Ez, noski, balio gutxiko irizten
diegulako gainerako horiei, baizik eta geure aztergaia, bat-bateko bertsogintza,
guztiz genero berezia delako, eta aztergai bereziak metodoa ere berezia
eskatzen duelako.
|