EGILEAK

 

SARRERA

1. Aurrekari historikoak. Bat-bateko bertsogintzaren mitoa eta errealitatea

2. Bertsolaritza XX. Mendean zehar: bertso jarrietatik bat-bateko bertsoetara

3. Liburu honen helburuak

 

I. BERTSOLARITZAREN IZAERA GAUR

 

II. BERTSOLARITZAREN OREKA ETA DESAFIOAK. TRADIZIOA IKUSPEGI SORTZAILETIK BIZI NAHIAN

 

III. BAT-BATEKO BERTSOAREN SORKUNTZA PROZESUA

 

IV. MARKO TEORIKO BERRI BAT

1 Aurrekari historikoak. Bat-bateko bertsogintzaren mitoa eta errealitatea

Joxe Azurmendik egokiro azaldu du auzia(3):

Kontradikzio xelebre bat badago. Bertsolaritzaren antzinatasunaz mito errazegi bat egin da, euskal bertsolaritza betikoa edo dela; eta mito guzien kontra doan gure aldi azkar honetan erraz sortu da antimito haserretua ere: bertsolaritza fenomeno aski modernoa dela Euskal Herrian, XIX. mendekoa edo.(4)

Azurmendik dioenez, bertsolaritza denborarekin batera sortu zelako mito hori Manuel Lekuonak sortua da. Izan ere, Manuel Lekuonaren obran hainbat aldiz aipatzen da bertsolaritzaren izaera “neolitikoa” edo “prehistorikoa”. Orobat dio Lekuonak artzain aroan sortua dela bertsolaritza. Azurmendiren aburuz, geroztik egin diren gisa horretako baieztapen guztiek Manuel Lekuonarenean dukete oinarri. Adibide batzuk ere eskaintzen ditu Azurmendik, eta horietako batzuk aipatuko ditugu guk hemen, baieztapenok zer-nola egiten ziren erakuste aldera. Gorostiagak, esaterako, zera dio, gutxi gorabehera: “Kantuan dihardute euskaldunek oro; kantuan dihardu herri osoak… Historia-aurreko zientziaren argia iristen den garairik antzinakoenetik beretik, euskalduna poesiara emana ageri zaigu”(5). “Bertsolaritza euskara bera bezain zaharra” dela baieztatzen dutenak ere ez dira gutxi(6). Batera zein bestera esan, esaten dena beti gauza bera da horrelakoetan.

Kontramitoak, berriz, dezenteko itzala izan du gurean. Bertsolaritzarekiko susmo txarra —eta are mespretxua— azaldu izan dutenen zerrenda izen sonatuz beterik dago: Federiko Krutwig, Arana-zaleak, Karmelo Etxegarai, Orixe bera, eta, berrikitan, Luis Mari Mujika edo Matias Mujika azaltzen dira, besteak beste, zerrenda horretan.

Kontuak kontu, bertsolaritzaren lehen aipamen dokumentatuak agertzen direnerako (XVIII. mendearen amaiera aldera), bertsolaritza kontu zaharra bailitzan agertzen da. Are gehiago: forma aldetik ondo bai ondo garatu eta zoritua agertzen da bertsolaritza lehen aipamen dokumentatu horietan, eta, bertsolarien arteko desafioek eta propio jarritako bertsoek bide zuten oihartzunari erreparatuta, onarpen sozial handia izan behar zuen garai hartako bertsolaritzak.

Mitxelenak, mitoaren eta kontramitoaren erdibideak, zera diosku:

[Bertsolarien] tradizioa aspaldikoa da inola ere, Garibaik aipatzen dituen XV. mendeko dama inprobisatzaileenganaino garamatza, gutxien jota(7).

J.M. Leizaola eta beste ikerlari batzuk ere iritzi bereko izan dira. Azurmendik, berriz, Bizkaiko Foru zaharreko bi aipamen dakartza. Foru hori 1452an papereratu zen, eta, dudarik gabe, bertsolaritzari buruzko aipamenik zaharrenak dira. Aipamenok garbi uzten dute bertsolaritza indarrean zegoela aldi hartan (1452an) dagoeneko, legeak ez baitzukeen bestela hura debekatzeko nekerik hartuko. Azurmendik aipatzen duen lehen pasartea, 35. ataleko VI. legeari dagokio. Euskaratu gabe aldatuko dugu hona, dioena bezain garrantzitsu iritzi baitiogu esateko moduari:

…de aquí adelante quando quier que alguno muere en Vizcaya o fuera de ella, por mar o por tierra, persona alguna de todo Vizcaya, Tierra llana, villas e ciudad no sea osado de hacer llanto mesándose los cabellos ni rasgando la cabeza, ni haga llantos cantando… so pena de mil maravedíes a cada uno que lo contrario hiciere por cada vez.

“Hiletari” horiez gain, beste aipamen bat ere badakar Bizkaiko Foru Zaharrak, garai hartako inprobisazioa ezagutzeko aurrekoa baino ere interesgarriagoa, gure ustez. 8. ataleko I. legeakoa da, eta honela dio:

En qué casos se puede proceder de Oficio, y prender, sin que se llamen los Delinquientes só el Arbol de Guernica. Primeramente, dixeron: Que havían Fuero… salvo sobre… y sobre Mugeres, que son conocidas por desvergonzadas, y rebolvedoras de vecindades, y ponen coplas, y cantares á manera de libelo infamatorio”.

Foruak “profazada” deitzen dituen emakume hauek ez ote dira, itxura guztien arabera, gaur egungo bertsolarien aurrekari zuzen?

Nolanahi ere, tamalez, profazada horiei buruz esan dezakegun bakarra zera da: izan zirela. Horrez gainera ezeren deusik ez. Bertsolaritzaren nolabaiteko korpus dokumentatu bat nahi bada, XVIII. mendearen amaiera jo behar da ezinbestean. XIX. mendea, berriz, hobetuxeago dokumentatua dago, bai izenei eta datu biografiakoei dagokienez, bai gure eskuetara iritsi diren bertsoen kopuruari dagokionez. Ezagutzen ditugun bertsook, ordea, bertso jarriak dira, ez bat-batean sortutakoak. Itxura guztien arabera, bertsoak jartzen zituztenek bat-batean ere jarduten zuten, baina, esan bezala, bat-batean sortutako bertsorik apenas iritsi da guregana, eta nekez egin liteke ganorazko azterketarik garai hartako bat-bateko bertsogintzaz.

Esan liteke, beraz, XX. mendearen erdia arte ez dugula aztertzeko moduko bat-bateko bertso korpusik. Izan ere, halakorik egon dadin ezinbestekoa da plazarik plaza kantatzen diren bertsoak grabatu eta gero haiek transkribatzea, eta hori grabagailu egokien bidez baino ez daiteke egin. Gurean, behintzat, XX. mendeko 60ko hamarkadan hasten dira bakarren batzuk horrelako tramankuluak erabiltzen eta bat-bateko bertsoak jasotzen. Funtsean, bat gatoz Mitxelena, Leizaola eta Azurmendirekin bat-bateko bertsoaren jatorriari dagokionez. Bat-bateko bertsoak ikertzeko, ordea, ez da aski aldian behingo albisteak izatea. Hori baino gehiago behar da: bertsoak behar dira, lehenik eta behin; eta bertsook zer-nola kantatu ziren jakin behar genuke zehatz-mehatz. Eta horrelako informaziorik, tamalez, ez daukagu oso berandu arte. Hori dela eta, XX. mendearen erdia ondo pasatu arteko bat-bateko bertsogintzaz ezer gutxi esan genezake, nahiz jakin data hori baino askoz lehenago ere indarrean zela bertsoa. Aurreko garai horietatik bertso solteak baino ez ditugu ezagutzen, eta hori ez da aski ganorazko azterketarik egiteko. Klasikotzat jotzen diren bertsolariak (Etxahun, Xenpelar eta Bilintx XIX. mendean; Kepa Enbeita, Txirrita, Pello Errota eta abar mende batetik besterako pasabidean) bat-bateko bertsolari bikainak izango ziren agian —hala zirela ziurta dezakegu gehienen kasuan—, baina bertsolaritzaren historian gaur egun duten estatusa bertso jarriei (bertsolariek berek idatziei edo haiek diktatu eta beste norbaitek idatziei) zor diete ia osorik. Bertso horien moldea eta pentsabidea ahozkoa izango dira akaso, baina ez dira bat-batean sortutako bertsoak.