Gai-jartzailearen eskuliburua

 

HITZAURREA

 

EGILEAK

 

I. GOGOETA ETA ORIENTABIDEAK

1. Sarrera
2. Historia laburra

3. Gai-jartzailea: sortzailea
4. Gai-jartzailea, gai-emailea, aurkezlea

5. Gaiak
6. Gai-jartzailetza

 

II. GAIAK SORTZEKO ITURRIAK

 

III. BIBLIOGRAFIA

1. SARRERA

Zer daki arrainak bere bizi guztian murgilduta dabilen urez....
A. Einstein

Goiko esaldia aitzakiatzat hartuta, eta behin bada ere, gaia geure buruari jarriz hasi dugu jarduna, hitz errimatuan ez bada ere, bai ederki neurtuta, alajaina!

"Ibiltari, biderik ez dago, bidea ekinaren ekinez egiten da…" idatzi zuen idazleak eta hori ere kontuan hartu dugu, ea guk orain arte ibilitakoarekin laguntzen diogun hasi berriari, behintzat.

Ezagueraren Kudeaketaz gero eta gehiago hitz egiten den garai hauetan, sakabanatuta darabilgun jakintza (?) apurra metatzea eta atzetik datozenei gauzak errazten laguntzea da lan honen lehen helburua. Guri dagokigunez, bertsolaritzan pixkanaka-pixkanaka bere lekua egiten joan den gai-jartzailearen egitekoan, ezaugarrietan eta egokitasunean jarriko dugu arreta: zer da? Zeintzuk dira bere lan esparruak? Nola ekin hauetako bakoitzean? Zein irizpideetan oinarritu?