Gai-jartzailearen eskuliburua

 

HITZAURREA

 

EGILEAK

 

I. GOGOETA ETA ORIENTABIDEAK

 

II. GAIAK SORTZEKO ITURRIAK

 

III. BIBLIOGRAFIA

Irakurtzea komeni den
HITZAURREA


Lehengo eta oraingo bertsolariei buruz liburu bilduma zabala dugu. Bertsoa egiteko teknikari buruz ere baditugu gidaliburu ugari. Doinutegi mardul askoa modu txukunean bildua dago. Epailetza zereginari buruz badira liburuxkak; edota, bestela txapelketa nagusiari buruzko liburuen hasieran dauzkagu jardun horretan erabiltzen dituzten irizpideak eta jarraibideak. Azken boladan, bertsolaritzari buruzko tesiak eta ikerketak agertzen ari zaizkigu. Eta gai-jartzailetzaz zer dugu? Artikulu ugari han-hemenka barreiatuta bai, baina falta zitzaigun halako lan bat, non, batetik, orain arte argitaratutakoarekin sintesi moduko bat egingo zuen eta, bestetik, gaur egun dabiltzan gai-jartzaileek darabiltzaten lan egiteko moldeak bateratu eta modu txukun batean azalduko zituen.

Eskuartean duzun lan hau hutsune hori betetzera dator hain zuzen ere, bere xumean eta modurik apalenean. Argitaratutako materiala aztertu eta laburtu, urte mordoska gai-jartzaile eginkizunetan dabiltzanen esperientzia aberatsa erantsi eta, azkenik, gai-jartzen hasi behar duenak kontuan eduki behar dituen ideia batzuk aurkituko ditu irakurleak lan honetan. Argi gera bedi, aldi berean, hemen plazaratzen ditugun gogoetak eztabaidagarriak izan daitezkeela (eta hala izango direla ziur gaude!). Ez litzateke txarra, bere horretan. Eginkizun honetaz jendea arduratu egiten dela esan nahiko bailuke. Funtsean, hemen ez dugu ezarri nahi izan, inondik inora, gai-jartzaile batek nahitaez izan behar duen jokabidea. Gehienera ere, ausartuko ginateke esatera, gai-jartzaile batek inoiz egin beharko ez lukeena topatuko duela lan honetan. Hori bai, saiatu gara ahalik eta argien adierazten. Irakurle, zure esku dago asmatu dugun edo ez esatea.

Hau honela, iruditzen zaigu material oso baliagarria izan daitekeela bertso eskoletan gaiak jartzeaz arduratzen direnentzat; eta are gehiago, honetan hasi behar/nahi duenarentzat. Horrek ildo batzuk aurkituko ditu nondik nora jo dezakeen. Azken hitza beti berea izango dela jakinda. Izan ere, gai-jartzailea bera da era askotako frogak eginez zerk funtzionatzen duen konturatuko dena. Eta halaber, funtzionatzen duen horrek bera zein neurritan asebetetzen duen ere gai-jartzailea konturatuko da esperientziarekin.

Azkenik deia zabaldu nahi genieke ikertzaileei. Lan hau, orain arte gai-jartzailetzaz argitaratu dena eta ikertzeko dagoen arteko zubi gisa ikusten dugu. Berau osatzerakoan konturatu baikara esparru honetan bertan zenbat legokeen ikertzeko. Tipularena gogora ekarriz, guk azala zuritu besterik ez dugu egingo oraingoz; azken urteotan gai-jartze lanean aritu garenok garatutako ideia, teoria eta irizpideen sailkapen honek, gure uste apalean, teorizazio sakonagoen hasiera izan beharko luke. Beraz, izan dadila lan hau orain arte idatzi denaren eta ikertuko denaren bitarteko zubi eta lan mardulagoen eragile.

Orain, bai, jarrai dezakezu aurrera zure irakurketarekin nahi duzun lekutik eta gogoak agintzen dizun eran.

Inazio Usarralde
Xabino San Sebastian
Nikolas Zeberio