Bertsolari Txapelketa Nagusia 1997

 

I. ESKER ONEZ

 

II. TXAPELKETA NAGUSIAREN HISTORIA TTIPIA

 

III. TXAPELKETAREN EGITURAZ

 

IV. BERTSOLARI PARTEHARTZAILEAK

 

V. BERTSOA EPAITZEKO IRIZPIDEAK

 

VI. HITZAURREA

 

VII. TXAPELKETAKO BERTSO HAUTATUAK

 

VIII. DOINUAK

 

 

I. ESKER ONEZ / Bertsozale Elkarteko Zuzendaritza Batzordea


Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak esker oneko izan nahiko luke, hain garrantzizkoa suertatu den Txapelketa Nagusia gauzatu zedin, lankide izan dituen guzti-guztiekin. Egiten den guztiaren balioa, dirutan neurtzera ohitu nahi gaituen gizarte honetan, guztiz garrantzizkotzat dugu bertsolaritzaren eta oro har, euskalgintzaren inguruan, balio neurtezina duen borondatezko lana.

Bertsolaritzaren hamaika alorretan ardura ikusi dugun legez, Txapelketa honi zigilurik esanguratsuena borondatezko lanak ezarri dio. Dirutan zerbait jaso dutenek ere, beharko zuketenaren hamarrena baizik ez dute jaso. Oroit ditzagun besteak beste, bertsolariek bizkarreratu duten zama, gai jartzailetzaren lan oparo bezain astunari aurre egin dion taldea, inoren ahotan egotea baino askoz onura gehiago gabeko epaimahaikoen lana, antolakuntza taldearen buruhauste eta ahaleginak, saioak gauzatu diren herrietako anitz bertsozale, eta oro har, antolakuntza lanetan bezala, beste hainbeste zerbitzutan lan egin duten guztien ezinbesteko laguntza, horren emaitza bikaina erdiestea bideratu duena.

Halaber, aipatu guziak ez ezik, Tolosa, Aramaio, Hendaia, Ondarroa, Iruñea, Getxo, Zarautz, Bera, Igorre, Beasain (Loinatz 97) eta Donostiako (Euskara Udal Patronatoa) udalak ere, eskertu gura ditugu, eskeini diguten abegi eta laguntzarengatik; Gipuzkoa-Donostia KUTXA babesle nagusia izan dugulako txapelketa honetan ere eta azkenik, Nafarroako Gobernua eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Turismo Saila esku bat luzatzeagatik.

Eskerrik asko guzti-guztiei.
Bertsozale Elkarteko
Zuzendaritza Batzordea